Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:42

KULTURA;2010-03-19;Ez aparretan, ez hondoan. Duela hamabi urte inguru izan zuen arrakasta mediatikotik urrun egon arren, trikitilariek uste dute trikitiak gaur egun ere bere lekua, bere funtzioa, bere publikoa eta bere bideak badituela.

Ez aparretan, ez hondoan

Duela hamabi urte inguru izan zuen arrakasta mediatikotik urrun egon arren, trikitilariek uste dute trikitiak gaur egun ere bere lekua, bere funtzioa, bere publikoa eta bere bideak badituela.

Gorka Erostarbe.

Kondenatuak gero barkamenik gabe / infernuko hauspoa salbatu halare / Bidekotxo bat haien arimaren alde / eta erromeria bizirik badaude. Xabier Amurizak idatzitako kopla da, Kepa, Zabaleta eta Motrikuk 1987an kaleraturiko diskoko Ambototik Oitzera piezari dagokiona. Kondenatuez gain, infernuko hauspoa, erromeria eta salbazioa aipatzen ditu. Ez da erraz jakiten trikitia kondenaturik dagoen ala ez, garai hobeak bizi izan zituela bai, edo behinik behin apartsuagoak bai, eta egun bizirik irauten duela ere bai, baina salbaziotik edo galtzetik dagoen gertuago...

Trikiti diskoen produkzioari begiratuz gero, iazkoa ez zen urte kaxkarra izan. Hamar bat lan argitaratu ziren. Esne Beltzaren Esne zopak, Kepa Junkeraren Kalea eta Habana sessions, Iker Goenagaren ...arteraino, Laja eta Mikelen Non zuztarra, han adarra eta Goseren hirugarren lana, besteak beste. 90eko hamarkadan trikitiak izan zuen goratze garaitik -batez ere triki-poparen fenomenoari esker-, ez zuen halako produkzio zabalik izan. 1999an, esaterako, Etzakitek (Etzakit), Gozategik (Kalanbreak), Iker Goenagak (Soinugorri), Kepa Junkerak (Bilbao 00), Maixa eta Ixiarrek (Solasin), Joseba Tapiak (Apoaren edertasuna) eta Alaitz eta Maiderrek (Alaitz eta Maider) diskoa plazaratu zuten.

Alaitz Telletxea trikitilariak (Oiartzun, 1976) bertatik bertara bizi izan zuen trikitiaren aparraldi hura: «Izugarrizko booma izan zuen trikitiak. Alde guztietan aditzen zen. Komunikabideetan ateratzen bazara, existitzen zara, ateratzen ez bazara, ez zaudela ematen du». Egun trikitia ez da komunikabideetako bazka, baina gizartean badu bere lekua Telletxearen hitzetan: «Egia da garai hartan indar handia izan zuela, eta orain gutxitu egin dela, baina iruditzen zait trikiti tradizionala, esaterako, herri askotan mantentzen dela oraindik ere. Trikiti bikote pila bat aritzen da astebururo herri txikitan, nahiz eta ez diren hain famatu».

Trikiti-poparen eztanda iritsi zenerako Joseba Tapiak (Lasarte, 1965) bide luzea egina zuen trikitiaren munduan, bai molde tradizionalari eutsiz, bai bide berritzaileagoak eraikiz. Triki-poparen aitzindaritzat ere hartu izan dute Tapia, besteak beste, Leturiarekin batera kaleraturiko Juergasmoan, Dultzemenoa eta Tapia ta Leturia Band lanen eraginez. Tapiaren hitzetan, loraldi hark lotura handia izan zuen «moda kontuekin»: «Modan dagoena azkar zabaltzen da, eta oso maila altuetara iristen da kontsumoan, irratietan... baina, bestetik, moda azkar akabatzen den gauza da. Modan sartzen dena hil egiten da normalean. Egun ez dago modan trikitia, eta zalantza hor dago, ea modan ez egoteak salbatuko duen trikitia».

Egun trikitia alboratua ote dagoen edo gal litekeen galdera gordina jaurtita, ezezkoa erantzuten du segur samarrik Juan Ramon Azpitarte Imuntzo-k (Azkoitia, 1969): «Niri iruditzen zait orain bere egoera naturalean dagoela trikitia. Bere funtzioa badauka. Garai batean izandako boom hori ez dago, baina hura pasata, trikitia bere normaltasunean dago. Bere tokia du, bere publikoa dauka. Jaialdiak egiten dira, jaietan badu presentzia, erromeriak egiten dira, herriko festetan trikitilari gazteak ateratzen dira kalera...». Beste galdera bat eginez erantzuten du Tapiak: «Euskalduna galduko balitz, trikitia galduko litzateke? Trikitiaren geroa oso lotua dago guri gertatzen zaigunarekin. Euskal kulturari gertatuko zaiona gertatuko zaio trikitiari ere, ez da fenomeno bereizi bat. Parean doa. Konpara genezake beste arlo batzuekin, kantagintzarekin edo rockarekin, esaterako».

Trikitia Euskal Herrian XIX. mende amaiaren sartu zen. Teoria zabalduenak dio trenbidea egitera etorri ziren Alpeetako langileek sartu zutela (frantsesek eta italiarrek). Trikitiak berehala hartu zuen leku garrantzitsu bat herri musikako errepertorioa jotzen zuten instrumentuan artean, eta funtzio sozial nahiz ekonomiko bat egotzi zitzaion segituan, dantzari lotua batez ere-ostatu, taberna eta sagardotegietan...-. Bide berriak arakatu dituen arren, batez ere dantzari lotua jarraitzen du trikitiak egun. Hala uste du Tapiak: «Trikitilari gehienek dantzari lotuak jarraitzen dute, oso gutxi dira hortik kanpo dabiltzanak. Ez nuke esango lehen baino indar gutxiago duenik horretan, gainera. Esaten da lehen indar handiz bizi zela eta ez da egia. Euskara bezala, edo euskal kirolak bezala, oso leku ruralean bizi zen. Mundutxo horretan bazeukan presentzia, baina hirietan ez zeukan batere. Aldiz, gaur egun, Donostian, esaterako lau trikiti eskola daude». Euskal Herri osoan 4.000 trikiti ikasle inguru dira. Arazoa ikasle izateari utzi eta trikitilari bihurtze bidean dago, ordea: «Transmisioan zerbaitek huts egiten du. Trikiti ikasle pila bat dago, baina une bat iristen da non ez dakigun nola motibatu aurrera segi dezaten», egin du gogoeta Alaitz Telletxeak.

Erromeriak eta beste

Dantzara estuki loturik bizi direnetako bat da Josu Arrizabalaga Izer (Azkoitia, 1981) trikitilaria: «Guk, zortez, dezenteko erromeria eta plaza izaten ditugu. Ez dakit derrigorrean trikitia erromeriarekin lotu behar den, gaur egun trikitiarekin musika mota asko egiten delako. Nik neuk tradizionaltasunerako joera badut, eta horri eusten saiatzen naiz». Erromeriaren eta, horrenbestez, trikitiaren etorkizuna «beltz samar» ikusten du Izerrek: «Ibiltzen den jendea oso ona da. Elkarrekin harreman handia dute, eta asko mugitzen dira, baina gutxi dira, jende bera dabil leku gehienetan, Aristerrazun eta Martiten». Hala ere, gizarteari begiratu aurretik trikiti munduko jendeari erreparatzen dio autokritika egiteko orduan: «Gizartean bezala, trikitian ere nagusi da hipokrisia. Askotan entzuten da trikiti erromeria hau galdu egingo dela eta 'ze pena' esanez, eta 'ze jende gutxi etorri den' eta horrela... Eta nik, neure artean pentsatzen dut: 'Eta hi, erromeriaren bat dagoenean eta hik jo behar ez duanean, joaten al haiz?'».

Erromeria eta dantzarakoaz gain, trikitiak beste bide batzuk urratu izan ditu: «Frogatua dago trikitia toki askotara irits litekeela, musika generoetan eta nahasketetan erabil litekeela... Trikitiak balio dezake gauza desberdinetarako», dio Tapiak. Alaitz Telletxeak nabarmendu duenez, «trikitia aberatsa da, eta ondarea badago. Hainbat formatutan gauzak egiten ari dira, hor dira Joseba Tapia, Xabier Solano eta Ines Osinaga».

Erromeriak ia ezagutu ere egin ez dituenetako bat da, hain zuzen ere, Ines Osinaga, Gose taldeko kantari eta soinu jotzailea: «Nik ez dut trikitia jotzen atzoko aire horri begira. Trikitia erabiltzen dut kantu berriak egiteko, taldearekin adierazi nahi dudana adierazteko». Trikitia ez da aldatu dena Osinagarentzat, gizartea bera da aldatu dena. Halare, ez du uste trikitia bera galduko denik: «Idazmakina hilzorian al dago? Eta horregatik ez al dugu idazten jarraituko?».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia