Mikel Azpiroz.
Elkano Browning Cream taldeko kideaEklektizismoa, dotorezia estilistikoa eta giro baikorra uztartzen ditu Mikel Azpirozek, Matt Hardingek eta Franck Mantegarik osaturiko hirukoteak, ondutako bigarren lanean.
«Erritmo bidaia bat da diskoa»
Gorka Erostarbe.
Frantses bat, estatubatuar bat eta euskaldun bat elkartu eta Elkano Browning Cream sortu zuten. Ohiko txiste baten hasiera eman dezake, baina musika egitasmo baten hasiera da. Bidean bat egin zuten Mikel Azpiroz organo jotzaile donostiarrak (Lau Behi, Parafunk...), Franck Mantegari bateria jotzaile paristarrak (Saint Germain, Alpha Blondy...) eta Matt Harding gitarrista eta kantari newyorktarrak. Belle Epoque garaiko eguzkitako krema baten izena hartu eta dotorezia estilistikoan oinarrituriko proposamena abiarazi zuten 2007an kaleraturiko diskoarekin. Funk, soul eta blues oinarrietatik abiatuta egindako ariketa pertsonalaren bigarren alea ere kalean dute: Elkano Browning Cream 2 (Mamusik). Atzo izan zuten aurkezpen kontzertua, Bartzelonan. Hilaren 24an ariko dira aurrenekoz Euskal Herrian, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Dotorezia, energia, sofistikazioa, birtuosismoa... Bigarren lan honen inguruan idatzitako kritiketatik atereak dira adjektiboak. Zer iruditzen?
Hitz politak dira horiek guretzat. Adjektibo onak dira. Nahi ez nukeena da hitz horiekin gurea zerbait esklusiboa edo elite batera bideratua dela ulertzerik.
Nola egiten da bossa-nova, funka, bluesa, pasodoblea, erritmo afrikarrak, jazza... uztartu eta emaitza zorakeria bat izan ez dadin?
Horiek denak etiketak dira, eta hainbat estilo izan arren, nahiko hurbil daude bata bestetik. Baina musikaren atzean pertsonak daude, gu gaude, eta gu ere desberdinak gara, kulturalki desberdinak. Bata AEBetakoa, bestea Frantziakoa eta ni euskalduna bainaiz. Aniztasun horrek estilo horiek guztiak dakartza taldera, eta, aldi berean, proiektutik hori gustatu zitzaigun, hain plurala izanda zein ondo elkar ulertzen dugun, elkarrekin joz, eta zer magia sentitzen dugun. Estilo horiek guztiak uztartzea aniztasun horren isla da.
Eraginak eta ezaugarriak askotarikoak dira, baina esan liteke hammondaren inguruan eraikitako hirukote klasiko baten traza duzuela?
Bai, hori da abiapuntua. Horrek baldintzatzen du taldearen soinua eta eramaten du 70etan Blue Note diskoetxeak ezagun egin zuen musika moldera, Jimmy Smith edo Jimmy McGriff izeneko organistek egindako diskoetara. Hirukotearen berezitasuna da organoa, bateria eta gitarra dituela, baxu jotzailerik gabe. Baxuarena egiten da organoan ezkerreko eskuarekin edo hankarekin. Eta abiapuntu hori izanik, soinuan parekotasun batzuk izan daitezke, baina gure asmoa ez da soinu haren edo konposizio haien kopia bat egitea, baizik eta formatu horretatik abiatuta gure izaera eklektikoa islatzea. Ez gara mugatzen jazza egitera edo funka egitera; eragin asko daude.
Fusio hitzak zenbait garaitan konnotazio txarrak izan ditu, baina esan liteke zuena fusioa dela, ezta?
Bai, egia da. Fusioak konnotazio negatibo dezente dauzka, batez ere 90etan egin zen jazz fusio horrengatik. Ni ere ez naiz batere estilo horren aldekoa. Gure soinua hortik urrun dago. Baina egia da, fusioa dela askotariko jatorriak elkartzea, eta hemen badago hori, bai kulturalki eta bai estilistikoki. Hori nola batzen dugun? Batez ere, erritmoaren inguruan. Diskoa erritmikoki ere oso eklektikoa da, baina hor daukan puntu komuna groove-a da, erritmo hipnotiko eta errepikakor hori. Erritmo bidaia bat da diskoa, 10 kantuek erritmo desberdinak dauzkate.
Lau urte igaro dira proiektuaren lehen lana plazaratu zenutenetik. Osagaiak antzekoak dira, baina zer berrikuntza dakartza lan horrek?
Lau urte hauetan hobeto ezagutu dugu elkar, eta gure baliabideak hobeto erabili ditugu. Ahotsa ere gehiago erabiltzen hasi gara. Lehen diskoan Matt Hardingek abesti bakarrean kantatzen zuen, eta, oraingoan, sei kantutan. Ez formatu klasikoan, hau da, ez da talde baterako ahots ohikoa, baizik eta ahotsa taldeko instrumentu bat gehiagotzat hartuta.
Ahotsa sartzen duzue, baina garbi dago hiru instrumentisten egitasmoa dela.
Bai, hala da. Taldearen kontzeptua definitzeko orduan, instrumentazioari indarra ematea zen nire asmoa. Hiru pertsonalitate instrumental elkartu gara, eta gaitasun horiek ustiatzea da gure asmoa.
Utahn eta Donostian grabatu dituzue bi lanak. Bi hiri kuttunak dira?
Hori ere planifikatu gabe izan da horrela, azpiegitura aldetik errazena hori zelako. Utahn nahiko denbora pasatzen dugu Matt Hardingekin lanean edo kontzertuak ematen, eta Donostian berdin. Nik nire oinarria Donostian daukat, eta hori izan da errazena.
Jendea desberdina al da AEBetakoa eta hemengoa?
Kultura desberdinak dira, baina guk ikusi eta ikasi dugu musikaren unibertsaltasuna egia dela. Hizkuntza musikala berdin ulertzen da planetako edozein lekutan. Gure mezua positiboa da. Munduan nahiko gauza negatibo badago, eta fribolitaterik gabe gauza positiboak transmititzen saiatzen gara, guk dauzkagun tresnekin. Horrek berdin funtzionatzen du hemen eta han. Jendeari aurpegia alaitzea eta dantzan jartzea da gure asmoa.
Klubetarako musika al da?
Klubetarako izan liteke bai. Klubetan jotzen dugu, baina ez da klubetarako bakarrik. Jotzen dugun auditorium batzuetan eserlekuak egoten dira, eta beste batzuetan ez. Eserlekuak daudenetan, jendeak arreta handiagoa jartzen du musika edukian, eta jendea zutik dagoenean errazagoa da dantzan jartzea.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
