Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:41

KULTURA;2010-03-18;Veleiaz Ģserio eztabaidatzekoģ web ataria sortu dute. SOS Iruņa-Veleia plataformak auzia zientifikoki argitzea eskatzen du gune elektronikoaren bidez

Veleiaz «serio eztabaidatzeko» web ataria sortu dute

SOS Iruña-Veleia plataformak auzia zientifikoki argitzea eskatzen du gune elektronikoaren bidez

Erredakzioa.

Iruña Okako (Araba) aztarnategiko aurkikuntzen gainean «eztabaida elektroniko serio eta sistematikoari bide emateko asmoz», SOS Iruña-Veleia plataformak www.sos-irunaveleia.org webgunea sortu du, eta, besteak beste, Veleian aurkitutako eta ezohikotzat jotako 420 grafito eskegi dituzte atarian ikusgai eta aztergai; batetik, grafitoen ustezko jatorrizko testuinguru arkeologikoa azaltzeko, eta, bestetik, material arkeologiko horien gaineko eztabaida zientifikoa sustatzeko. Webgunean ikus daitezke, besteak beste, Foru Aldundiak faltsutzat jotzen dituen euskarazko piezak.

SOS Iruña-Veleia plataformaren sustatzaile Koenraad Van den Driessche doktorea da webgunearen diseinatzailea eta kudeatzailea, eta atzo aurkeztu zuten jendaurrean Gasteizen, Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohiarekin eta Idoia Filloy zuzendari orde ohiarekin batera. Sustatzaileek diote idazkunen faltsutasuna ez dagoela behar bezain ondo demostratua, eta zantzu asko daudela horien benetakotasuna erakusten dutenak. Horregatik, «hausnarketa zintzo eta garden bat bultzatzeko» alde bateko zein besteko txostenak eskegiko dituzte webgunean, eta piezen argazkiak eta informeak ere zabalduko dituzte. Eta horrez gain, prentsako artikuluak, epaiketako kronikak eta iritzia emateko aukera ere emango du webguneak.

Aztarnategiko zuzendaritza ohiak lehendik beste webgune bat du, www.veleia.com, eta Juan Martin Elexpururen Iruña-Veleia, Gezurra ala egia blogak www.goiena.net/blogak/elexpuru ere eztabaidarako tartea eskaintzen du.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia