Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:38

KULTURA;2010-03-18;Irlandako «atmosferaren» berri. Uharteko literaturari lekua egin dio Bernardo Atxagak zuzendutako 'Erlea' aldizkariak, bigarren zenbakian

Irlandako «atmosferaren» berri

Uharteko literaturari lekua egin dio Bernardo Atxagak zuzendutako 'Erlea' aldizkariak, bigarren zenbakian

Irune Berro.

Bilbo

Euskal kultura «ez dadin barruko kalan gera» abiarazi zuen Bernardo Atxagak Euskaltzaindiaren Erlea literatur aldizkaria. «Minimoetan ez dadin gera, haurrentzako antzerki, ipuin eta zerbitzu publikoetan». Idazle eta euskaltzainak uste baitu «apustu eta helburu handirik gabe» ez duela aurrera egiterik izango. Hala, Erlea-k gogoeta eta sorkuntza ditu ardatz nagusi, eta iragan urrian lehen zenbakia kaleratu ondoren iritsi da plazara bigarrena. «Lehenean, Mendebaldeko Euskal Herrira egin genuen, far west hartara; oraingoan, Irlandara egitea pentsatu nuen», azaldu du Atxagak.

Seamus Heaney Literaturako Nobel sariaren laguntzaz, barruko kalatik itsaso zabalera egin du. Idazle irlandarraren poema bi bildu ditu Erlea-n: San Kevin eta xoxoa eta Glanmoreko xoxoa. Horretaz gain, 1995ean Nobel saria jasotzean Heaneyk eginiko hitzaldiaren zati bat ere dakar aldizkariak, Koro Navarrok euskarara itzulia.

Historian barna Irlandan landuriko literaturaren lagin bat ere jasotzen du. Paddy Woodworth kazetari irlandarrak egin du egile eta testuen hautaketa, libreki. Izan ere, Atxagak ez du nahi izan Irlandari buruzko halako atmosfera «monografiko, orekatu eta akademikoa egin». Horregatik hots egin zion Woodworthi. «Esan nion: ez dit ardura zeintzuk diren ranking ofizialetan azaltzen direnak, irlandar bezala onenak iruditzen zaizkizun poema eta testuen bilduma bat egitea nahi dut».

Mac Giolla Ghunnak, Brian Merriman, Nuala Ni Dhomhnaill, Patrick Kavanagh, Derek Mahon eta Seamus Heaneyren lanak hautatu ditu Erlea-n sartzeko. Lan eskerga eginez, Patxi Ezkiagak euskaratu ditu lanok. «Itzultzeko zailak» direla dio Atxagak. «Irlandako poeten hizkera ez da batere erraza».

Irlandako giroarekin segituz, Txomin Artolaren album irlandarra deritzana osatu dute. «Irlandan ibilia da Artola, baina ez zuen testu luzerik idatzi nahi. Esan nion: egin ezazu albuma». Egonaldi hartan eginiko zenbait argazki hautatu eta horien iruzkina egin du Artolak, bidenabar bere bidaiaren kronika musikala eginez.

Marino Lejarretari elkarrizketa

Jose Angel Irigaraik, orobat, arras ondo ezagutzen du Irlanda. Sarri askotan egona da han, eta historian arrastoa utzi duten zenbait gertakariren lekuko ere izan da, Dublin 1932, balizko elkartasun argazkiak testuan azaldu duenez.

Atxagak zuzentzen duen aldizkariak, nolanahi ere, baditu atal finkoak, gaia ezein dela ere mantentzen direnak. Hala, Azkenaldiko liburua atalean, Aritz Galarragak, Mari Jose Olaziregik, Estibalitz Ezkerrak, Lourdes Otaegik, Kepa Altonagak eta Jacinto Iturbek azken garaian argitaratutako zenbait lanen inguruan eman dituzte iritziak. Hala nola, Uxue Alberdiren Aulki-jokoa eta Alberto Barandiaranen Postkronikak obren gainean mintzatu dira, «baina desberdin». Izan ere, ohiko iruzkinak «okaztagarriak» zaizkio Atxagari, «ez ditut sufritzen».

Bestalde, elkarrizketek «garrantzi handiagoa» hartu dute Erlea-ren bigarren zenbakian. Miel A. Elustondok Junes Xuburu, «azken zuberotar kantaria» elkarrizketatu du. «Beste mundu batekoa dirudi; pentsatzeko eta musika sentitzeko beste modu bat dauka», adierazi du Atxagak.

Idazlea bera ere aritu da kazetari: Marino Lejarretari egin dio elkarrizketa, Xabier Usabiagaren laguntzaz. Ohiz kanpoko elkarrizketa da, baina. Lejarretak berarentzat esanguratsuak diren zenbait objektu aukeratu, eta horietatik abiatuta solastu dira, txirrindulariak Oletan daukan baserrian. Besteak beste, aulkitxo bat, aparatu elektroniko bat, hautsitako bizikleta bat eta errepideetako mapak hautatu zituen Lejarretak. Jose Luis Zumetak egin du txirrindulariaren erretratua. Horretaz gain, Joxean Agirre idazle ere badiren bertsolariekin mintzatu da.

Besteak beste, Iban Zaldua, Pako Aristi, Xabier Montoia, Beñat Sarasola eta Fertxu Izquierdoren literatur lanak ere dakartza Erlea-k. «Joango naiz apurka idazleei deitzen. Elkarren desberdinak diren ahotsak interesatzen zaizkit». Atxagak ez du «korurik» nahi, «zalaparta nahi dut».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia