Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:38

KULTURA;2010-03-18;Mandelaren biografia idatzi du Maritxu Muruak. Gazteengan Hegoafrikako liderrarekiko «jakin-mina» piztu nahi du liburuarekin

Mandelaren biografia idatzi du Maritxu Muruak

Gazteengan Hegoafrikako liderrarekiko «jakin-mina» piztu nahi du liburuarekin

Ainhoa Sarasola.

Donostia

Nelson Mandelaren autobiografiak «benetan hunkitu» zuen Maritxu Murua (Donostia, 1942). Euskal Herriko egoerak areagotu zion Mandelarekiko interesa, eta Hegoafrikako historian sakontzen hasi zen 2004an, irakaskuntza utzi eta erretiroa hartu zuenean. Apartheidaren aurka borrokatu zen lider nagusiaren biografia plazaratu du Muruak, Elkar argitaletxearekin.

«Askoz ere egoera zailagoa bizi zuten Hegoafrikan, eta, hala ere, urte luzeetan etsai izandako haiek irtenbide politiko negoziatua aurkitzen jakin zuten», Muruaren hitzetan. Euskal Herria, aldiz, «aspaldiko inertzia zaharretan harrapatua, aurrerapausorik eman ezinik» ikusten du. Hala, Hegoafrikatik zer ikasia badela iritzita ekin zion liburua idazteari, gazteengan pentsatuz bereziki. «Gustatuko litzaidake irakurle gazteengan Mandelaren munduarekiko jakin-mina piztea, biografia xume honen mugak baino harantzago joan daitezen».

Gaiaren inguruan dokumentatzen hasi zen Murua, eta berehala sumatu zuen Hegoafrikara joateko premia. Hiru aste egin zituen han; Mandelaren haurtzaroko eta gaztaroko Transkeiko paisaiak, bizilekuak eta eskola, Johannesburgo hiriko bizilekua eta lantokia, Pretoriako epaiketaren jokalekua eta, azkenik, preso egindako 27 urteetatik asko pasa zituen lekua, Robben irla, bisitatu zituen. Lanerako material oparoarekin itzuli zen, eta biografia bildumaren «neurri mugatura» egokitu ostean, joan den udan amaitu zuen liburua. «Mandelaren bilakaera politikoa eta giltzarri diren uneak biltzen ez ezik, Mandela testuinguru afrikarrean kokatzen ere saiatu naiz», azaldu du Muruak. Hala, «hezur eta mamizko Mandelari buruzko flash-ak» ere jaso ditu liburuan, pertsonaiaren alde gizatiarra ere erakusteko. Juanjo Olasagarre idazlea eta Xabier Mendiguren Elizegi editorea izan ditu alboan Muruak, liburua aurkeztean.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia