Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:37

KULTURA;2010-03-17;Bob Dylanek itxiko du Gasteizko Azkena Rock jaialdia, ekainaren 26an. Bad Religion, The Hold Steady eta Audiencek ere Mendizabalan joko dute, baina ez ordea Drive-by Truckersek

Bob Dylanek itxiko du Gasteizko Azkena Rock jaialdia, ekainaren 26an

Bad Religion, The Hold Steady eta Audiencek ere Mendizabalan joko dute, baina ez ordea Drive-by Truckersek

Jon Eskisabel.

Bob Dylan izango da Azkena Rock jaialdiaren azken eguneko izen nagusia. AEBetako musikari handiak ekainaren 26an, larunbatarekin, joko du Gasteizko Mendizabalako zelaian jarritako agertokian, Last Tour International enpresa antolatzaileak atzo jakinarazi zuenez. Bost urtean Euskal Herrira etortzen den hirugarren aldia izango da, 2006an Donostiako Zurriola hondartzan eta 2008an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian izan baitzen, The Never Ending Tour biraren barruan.

Kontrakoa irudi lezakeen arren -bereziki Donostiako bakearen aldeko kontzertua hartzen bada erreferentzia gisa-, ez da Dylan jendetza izugarriak mugiarazten dituen artista. Esate baterako, Iruñeko kontzertua zezen-plazan egitekoa zen, baina sarrera salmenta apala zela eta Anaitasunara aldatu zen. Hala ere, edozein jaialdik beretzat nahiko lukeen artista da, maiz jarrera lehor eta harroa erakusten badu ere, kalitatea bermatzeaz gain jaialdiari ospea ematen dioten horietakoa delako. Beste kontu bat da gaur egungo Dylanekin gozatzeko leku egokienak ote diren jaialdi erraldoiak...

Dylanen emanaldiaren egun berean beste bi talde ezagun ariko dira, aurrez jada iragarrita zeudenetatik aparte. Batetik, Bad Religion, hardcore melodikoaren erreferentzia nagusia azken hiru hamarkadetan. Kaliforniako taldeak 30. urtemuga ospatuko du gaur bertan abiatuko den bira batekin eta udazkenean disko berria kaleratuko du. Bestetik, Audiencek iaz kaleraturiko A Shake In Calm Water (Bidehuts) disko goraipatua aurkeztuko du Mendizabalan.

'The Boss'-en talde kutuna

Azkena Rocken zaleak ere poztuko dira azken orduan loturiko taldeen artean The Hold Steadyren izena ikusita. Bruce Springsteenen talderik gustukoenetakoa da New Yorkeko laukotea, eta taldeak berak ere ez du ezkutatzen The Boss-en eragina jaso duela. Taldeko kide Franz Nicolay iazko urrian izan zen Bilboko Kafe Antzokian, Mark Eitzelekin batera, baina hau izango da taldea Euskal Herrira etorriko den lehen aldia. Ekainaren 24ko egitaraua osatuko du The Hold Steadyk, Gasteizko Bronze taldearekin batera.

Dena ez da albiste ona izan azken orduan Azkena Rocken egitarauari dagokionez. Hain zuzen, Drive by-Truckersek bertan behera utzi du Europako bira, eta, hortaz, ekainaren 26an ez da izango Mendizabalan. Hala eta guztiz, eskaintza erakargarria osatu dute antolatzaileek, rockaren publiko zabalari zuzenduta. Dylanez gain, beste zenbait izen historiko agertzen dira egitarauan, Kiss, The Damned, The Saints eta Chris Isaak, besteak beste. Haien alboan, Eskandinaviako punk-rockaren ordezkariak (The Hives eta Imperial State Electric), folk-country kantautore aipagarriak (Teddy Thompson), rock-and-rollaren jatorrira jotzen duten gazteak (Kitty, Daisy & Lewis), blues-rockaren beteranoak (Gov't Mule) eta hard-rock taldeak (Airbourne) izango dira Gasteizen.

Hiru egunetarako bonoa 90 euroan (gehi banaketa gastuak) dago salgai. Bonoak kanpatzeko eskubidea ematen du. Lehen egunerako sarrera 35 euroan dago, eta beste bi egunetarakoak 48 euroan bakoitza.

 

Egitaraua



Ekainak 24: Gov't Mule, Airbourne, The Hold Steady, Kitty Daisy & Lewis, The Black Lips, The Jim Jones Revue, The Legendary Shack Shakers, Baskery, Bronze...

Ekainak 25: Kiss, The Damned, Imperial State Electric, The Saints, Teddy Thompson, Imelda May, Dan Baird & Homemade Sin, El Vez, The Russian Roulettes, The Hot Dogs!, '77...

Ekainak 26: Bob Dylan, The Hives, Chris Isaak, Bad Religion, NRBQ, Toilet Boys, Maggot Brain, Audience...

Oraingoz baieztatuak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia