Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:37

KULTURA;2010-03-13;Veleiako ostraka batzuk manipulatu dituztela salatu du Lurmenek. Arabako Diputazioak zaindutako pieza batzuetako frogak suntsitu egin direla dio Eliseo Gilen enpresak

Veleiako ostraka batzuk manipulatu dituztela salatu du Lurmenek

Arabako Diputazioak zaindutako pieza batzuetako frogak suntsitu egin direla dio Eliseo Gilen enpresak

Erredakzioa.

Lurmen enpresak salaketa bat jarri du Gasteizko Auzitegian, Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako zenbait ostraka «manipulatu» egin dituztela uste baitu. Arabako Diputazioaren zaintzapean dauden zenbait pieza desitsatsi eta berriz itsatsi dituztela, jatorrizko itsasketaren arrastoak ezabatu dituztela eta idazkunen egiazkotasuna aztertzeko baliagarriak izan zitezkeen frogak -zeramika zatiak eta hondarrak- galdu direla ohartarazi du Lurmenek hala epaitegian jarritako salaketan nola komunikabideetara igorritako oharrean.

Eliseo Gil Iruña-Okako aztarnategiaren zuzendari ohiak atera du ondorioa, Lurmenek 11249 zenbakidun piezari 2006. urtean ateratako argazkia eta Diputazioak bere web orrian jarritakoa alderatu ondoren. Pieza hori froga gisa aurkeztu du Arabako Diputazioak idazkunen ustezko faltsutzeari buruz Lurmenen kontra hasitako auzibidean. Ostrakaren egoera, Lurmenek Arabako Diputazioaren esku utziz geroztik, aldatu egin dela azaldu du Gilek. Grafitoaren ebakiak estaltzen zituen itsasgarria galdu egin dela dio, Baco hitzaren b hizkian, esate baterako (ikus argazkiak). Hala ere, «larriena», Vvulcano hitzaren c hizkian gertatutakoa da, «agerikoa baita materia galdu dela, eta gauza bera gertatu da, neurri txikiagoan, Baco hitzaren a hizkian». «Pieza lehen aldiz itsatsi zenean itsasgarriak gainezka egin zuen zenbait gunetan. Hau da, pieza desitsatsi egiten dute, eta berriz itsatsi gero, aurreko egoera aldatuz», ondorioztatu du Lurmenek. Haren ustez, bi argazkien azterketak agerian uzten du «piezaren manipulazioa, piezaren egoeraren aldatzea eta frogen suntsipena». Halaber, horri guztiari «zaintzaren katea» aldatu izana gehitu behar zaiola adierazi du Lurmenek, «ustezko frogak ziren piezak manipulatu baitira, haien benetakotasuna erabakitzeko balizko analitika fisiko-kimikoan erabil litezkeen arrastoak galduz». Pieza horiek Diputazioaren perituen esku utzi izanari «are larriago» deritzo Lurmenek, «piezen gaur egungo egoerak halabeharrez baldintzatu baitu, eta esan liteke nahastu ere egin duela, haien epaia». Horrek «piezak baliorik gabe utzi ditu froga gisa», adierazi du Lurmenek.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia