Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:36

KULTURA;2010-03-12;Desertuko gitarra elektrikoa. Bi harriz lau xorik Vieux Farka Toure eta Itoiz Suite ekarriko ditu, besteak beste, hilaren 23tik 28ra

Desertuko gitarra elektrikoa

Bi harriz lau xorik Vieux Farka Toure eta Itoiz Suite ekarriko ditu, besteak beste, hilaren 23tik 28ra

Nora Arbelbide.

Baiona

Sei egunez Euskal Herriko «gaurko produkzioa» erakusteko asmoz dator berriz Miarritzeko Bi harriz lau xori jaialdia, ekimenaren antolatzaile Biarritz Culture elkarteko Yvonne Pochelu zuzendariaren hitzetan. Aurten, hilaren 23an hasi eta 28a arte arituko da horretan. Antzerki, dantza eta musika arloan, adin guztientzat, eta azken aldian usaia bilakatua den bezala, gaualdi berezi bat atxikiko du kanpoko musikentzat. Aldi honetan, Vieux Farka Toure maliarra izanen dute gomita berezi hori, hilaren 26an, ostiralez. Berriki kaleratu Fondo (Six Degrees) hirugarren diskoa aurkeztera etorriko da Lapurdira.

Ali Farka Toureren semea, «Griot kastak ez duela etenik eta gitarra jotzaile gisara maisutasun itzela erakusteaz gain, ahotsarekin bikain moldatzen dela erakusten du artista maliarrak», idatzi izan du haren lanaz Andoni Tolosa musikari eta idazleak, BERRIAn. Midi geltokian emanen duen kontzertuaren lehen partea Euskal Herriko eta Gaskoniako musikariek osatu Xarnegek emanen du.

Beste berezitasun bat, Euskal Kultur Erakundearekin eta Chimeres taldekoekin partaidetza jarraitzeaz gain, aurten elkarlan berria osatu du Biarritz Culturek Herri Soinurekin, eta, bide batez, «dantza eta musika tradizionalari» leku handiagoa eman diote. Lankidetzaren egun adierazgarriena hilaren 27a izanen da; soka gaia sakonduko dute orduan. Herri Soinuk proposatzen du baita 28ko kantu eta dantzari eskaini eguna ere. Dianekin hasi, mutxikoak, kantu bazkaria, eta bururatzeko gaita oinarri duen kontzertua izanen da, 30 bat musikarien bidez, Santa Eugenia elizan.

'Itoiz Suite', EHZrekin

Elkarlan berrien izanen dute aurten, Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdiarekin ere batera ariko baitira. Horrek antolatzen du Itoiz Suite Midi geltokian. Itoiz taldearen musikak bertsio sinfonikoan emanen dituzte. Juan Carlos Perezek konposatuak ditu eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak emanen, Juanjo Menaren zuzendaritzapean. Gainerateko saioen artean -horiek Biarritz Culturek bakarrik antolaturik-Antzerkiola Imaginarioaren azken sorkuntza den Babiloniako Loreak antzerkia dago. Horrekin zabalduko dute jaialdia 23an. Chimeres antzerki taldearen egoitzan ariko dira. Biharamunean, Joseba Irazokik eta Maddi Irazokik Iglu bideoa eta musika uztartzen dituen emanaldi inprobisatua emanen dute Coliseen.

Pozik aurkeztu du elkarteak haurrentzako apailatuko dituen bi tarteak. Bata, Elirale konpainiaren Otto, hilaren 24an. Auto eta tronpeta batek lagundurik, ikusgarriak eguneroko bizitza alai batera gonbidatzen du. Coliseen emanen dute. Hilaren 27an, berriz, Pello eta Otsoa ikusgarria dute, Chimeres antzerki taldearen egoitzan. Ipuin musikatu famatuaren euskarazko bertsioa izanen da, eta Txomin Hegi antzerkilariak kontatuko du.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia