Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:35

KULTURA;2010-03-12;Baztango bazterretan. Finantzaketa osoa bermaturik izan gabe ere, 'Baztan' filmatzen hasi da Iņaki Elizalde. Agoten bazterketa eta zinemagintza ditu ardatz zuzendari iruindarraren lan berriak.

Finantzaketa osoa bermaturik izan gabe ere, 'Baztan' filmatzen hasi da Iñaki Elizalde. Agoten bazterketa eta zinemagintza ditu ardatz zuzendari iruindarraren lan berriak.

Baztango bazterretan

Iñigo Astiz.

Lekaroz

Lekarozen dago egunotan Arizkungo eliza erromanikoa. Lekarozko eskola zaharreko XIX. mendeko elizaren barruan, hain zuzen ere. Bata bestearen barruan, errusiar panpinen antzera. Baztan filmeko langileek sartu dute hor. Halakoa da zinema. Eta sinesgarria litzateke guztiz aldaketa -bere leiho txikiekin, bere horma irudiarekin eta bere agotentzako ate berezi eta bereiziarekin-, baldin eta ondoan kamerak, fokuak eta bestelako gailuak ez baleude. Kamerak hartzen duen laukian, baina, 1621. urtea da, eta Ursuako Pedroren (Kandido Uranga) odol garbitasuna frogatzera etorri da Gaztelatik Felipe Albornoz jauna (Carmelo Gomez), Pedrok Santiagoko Ordenean sartzeko eskaria egin duelako. «Moztu!», dio orduan Iñaki Elizalde zuzendariak, eta, kolpetik, pertsonaiak aktore dira berriz, Arizkun Lekaroz, eta, laurehun urte pasatu dira, Pedroren garaitik. 2010eko martxoa da, Baztan filmaren grabaketa saioa.

XVII. mendeko Baztango bazterrei so dago kamera orain, agotak baztertu eta eskubideak ukatzen zizkion lurraldeari adi. Bi plano hartu nahi ditu kontuan Elizaldek filmean. Aktoreena eta pertsonaiena; filmarena eta zinemagintzarena; historiarena eta istorioarena; lauki barru eta kanpokoa. Zinema egiteari buruzko film bat izango da Baztan. Bere barnean film bat duen filma. «Fikzioaz eta errealitateaz ari da filma. Egiaz eta gezurraz», dio zuzendari iruindarrak. «Mendeetan bazterturik egon diren agotei buruz mintzo da filma lehen maila batean. Baita bizitzan aurrera egiteko sortzen ditugun istorio paraleloez ere, bigarren maila batean, eta, azkenik, film bat nola egiten den azaltzen zaio ikusleari hirugarren maila batean».

«Agoten istorioa unibertsala dela iruditzen zait», dio Elizaldek. «Gehiengo batek baztertu egiten duen gutxiengo baten historia da. Hamaika aldiz gertatu da hori munduan, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan horregatik. Urrunago ere jo nahi nuen, ordea, eta, XVII. mendeaz gain, garai gehiago hartzen ditu filmak bere barnean». Garai bakoitza, kontakizun bakoitza, bata bestearen barruan sartuz osatu du Baztan. Errusiar panpinen antzera berriz ere.

Egungo egoeratik abiatzen dira gainontzeko istorio guztiak. 2010. urteko udaberrian film bat grabatzen ari diren bi aktoreren kontakizunak hartzen ditu gainontzeko guztiak bere barnean. Haren barnean, Baztanen film bat grabatzen egon eta 18 urte geroago agotei buruzko istorio baten bila itzultzen diren bi aktoreren kontakizuna. Eta haren barruan agota, Ursuako Pedro eta Felipe Albornozi buruzko kontakizuna.

Hizkuntzaren birjintasuna

«Hizkuntza ezin berriagoa da zinemarena», dio Patesnak, un cuento de Navidad (1998) eta Pietà (2009) filmetako zuzendariak, «apenas dituen 120 urte, eta nire amak gozatu ahal izateko filma egin nahi badut ere, hizkuntza horretan sakondu nahi dut. Oso birjina da oraindik hizkuntza hori, eta horregatik landu dugu guk istorioa landu dugun bezala».

Unax Ugalde, Kandido Uranga, Joseba Apaolaza, Carmelo Gomez eta Ramon Agirre dira pertsonaia nagusien rolak jokatuko dituzten aktoreetako batzuk, baina bertako aktore ez profesionalak ere izango dira filmean. Garaiz garai, gainera, pertsonaia bat baino gehiago jokatuko dituzte aktoreek. Euskara, alemana, ingelesa eta gaztelania entzungo dira haien ahotik. 72 pertsonaia daude, guztira, Baztan filmean, eta bukaeran ulertuko du ikusleak zein harik lotzen dituen denak.

Biribila da historia, maiz, Elizaldek dioenez. Zirkularra. Eta biribil bat marraztu nahi du hark ere bere istorioarekin. «Sistematikoki errepikatzen ditugu beti hutsegite berak. Eta hori da filmaren gai nagusia. Baztan ibaia bezalakoa da filma, zirkularra, behin eta berriz puntu berera itzultzen dena, une estatiko bat sortuz. Lehen adibidearekin konpondu behar genituzkeen arazoetara itzultzen gara etengabe gizakiok, eta hori da filmaren gaia ere».

Finantzaketa biribildu gabe

Ikusi egin behar, halere, zirkulua osatzerik izango duten. Izan ere, filmaren finantzaketaren %60 baino ez du ziurtaturik ekoiztetxeak oraingoz (1,3 milioi euro), eta ikusi egin behar zirkulua ixteko beharko duten beste %40 eskuratzerik izango duten. Bi fasetan ari dira grabatzen filma. «Oso apustu gogorra egin dugu», dio Mikel Pruaño Nasa ekoiztetxeko kideak. «Oso zail dago egoera ekonomikoa, eta are zailago zinemarena, eta gidoia ezagutzean, egun egiten ez den zerbait egitea erabaki genuen: finantzaketa osoa izan gabe hasi gara lanean. Lehen grabaketa fasea amaitzean proiektua bakarrik salduko dela sinetsirik gaudelako egin dugu hori. Uste osoa dugu proiektuan. Zinema egin nahi dugu produktore nafarrek, eta egin nahi dugu Nafarroan. Prest gaude horren alde apustu egiteko. Nafarroako Zinema Institutuaren eta Navarra Film Commissionaren teilatuan dago orain pilota, eta dagokien rola jokatuko dutela espero dugu, bestela desilusio handia izango baita».

Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Kultura Ministerioak egindako diru laguntza deialdietara aurkeztu dute proiektua, eta enpresa pribatuekin ere harremanetan daude. Haien eskuetan dago orain udaberri aldera grabatzen hasi nahi luketen bigarren fasea grabatu ahal izatea edo ez. «Oraingoz, asmamenak ematen digu aurrekontuak ematen ez diguna. Horri eskerrak ari gara lehen mailako emaitzak lortzen, oso aurrekontu txikiarekin».

Biribiltasun falta hori da, Carmelo Gomez aktoreak dioenez, Baztan berezi egiten duena. «Hori da fikzioak duen ederrena. Gero zer gertatuko den ez jakitea, eta hori ematen dit film honek».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia