Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:31

KULTURA;2010-03-11;Euskal komikilariak izango dira Bartzelonako azokako gonbidatuak. Ficomicen, erakusmahai bat jarriko du Eusko Jaurlaritzak, eta 'Irudika' katalogoa aurkeztuko du

Euskal komikilariak izango dira Bartzelonako azokako gonbidatuak

Ficomicen, erakusmahai bat jarriko du Eusko Jaurlaritzak, eta 'Irudika' katalogoa aurkeztuko du

Ianire Renobales.

Bilbo

Bartzelonako Ficomic Komikiaren Nazioarteko Erakusketaren 28. ekitaldian euskal marrazkilariak izango dira gonbidatuak, Herbehereetakoekin batera, datorren maiatzean. Eusko Jaurlaritzak Euskomik izeneko erakusmahai handi bat jarriko du azokan, eta euskal irudigileen Irudika katalogoa aurkeztuko du.

Europako komiki azokarik garrantzitsuenetakoa da Ficomic, eta Getxoko komiki eta manga azokaren bidez egin die gonbidapena euskal marrazkilariei. Gonbidapena «euskal binetaren aldeko apustu garbia» dela adierazi du Imanol Landa Getxoko alkateak, eta aukera hori ahalik eta ondoena baliatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. «Aukera garrantzitsua da euskal marrazkilarientzat, Bartzelonako azoka erreferente bihurtu baita mundu osoan», esan du Mikel Toral Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak.

150 metro koadroko erakusmahaia jartzeaz gain, euskal komikigintzaren berri emateko hainbat jarduera antolatuko dituzte. Euskomik erakusmahaia hiru zatitan banatuko da. Areto nagusian aurkezpenak, mahai-inguruak eta hitzaldiak prestatuko dira gaur egungo komikigintzarekin estuki loturiko talde eta erakundeen eskutik. Bigarren gunea euskal egileen lanak sustatzeko erabiliko da, eta hogeita bi profesionalen lan bilduma aurkeztuko dute. Hirugarren gunean argibide-liburutegia antolatuko dute. Liburutegi horretan, sustapen materialak egongo dira, instituzionalak eta inprimaturiko argitalpen materialak, aldizkariak eta katalogoak.

Bestalde, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak Eusko Jaurlaritzaren babesarekin argitaraturiko Irudika katalogoa eramango du azokara. Hogeita hamar ilustratzaileren lanak jasotzen ditu, eta helburua da erakustea lanbide horretako egungo ekoizpen zabala eta sorkuntza lanak. Bartzelonan aurkeztu ostean, Bolognako (Italia) eta Frankfurteko (Alemania) azoketara eramango dute. Katalogoan komiki autore batzuk agertzen badira ere, ilustrazioaren sektoreko profesionalek osatzen dute Irudika-ren multzo nagusia, besteak beste: Mikel Valverdek, Jose Ibarrolak, Jokin Mitxelenak eta Elena Odriozolak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia