Alicia Fernandez.
Rekalde aretoko zuzendariaRekalde aretoari egin zaizkion kritikak aztertzen ari da Fernandez, baita orain arteko gastuak berrantolatzen ere, «hutsak zuzendu eta bidean aurrera sendo egiteko asmoz». Arte garaikidearen barneko ildo esperimentalak jorratzeko konpromisoa berretsi du.
«Komunikazioan izan du hutsa salak, inolaz ere ez erakusketetan»
Irune Berro.
BilboJosune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak iazko irailaren amaieran izendatu zuen Rekalde aretoko zuzendari Alicia Fernandez arte historialari eta komisarioa (Bilbo, 1962), «desadostasun politikoak» arrazoituta Pilar Mur kargutik egotzi ondoren.
Aurten ere Rekaldeko aurrekontua murriztu du Bizkaiko Aldundiak, baina krisia aipatu arren, ez dirudi diru premian dagoenik. Urdaibaiko Guggenheim egiteko ehun milioi euro jartzeko prest dago...
Aldundiak badu interesa Rekalde aurrera ateratzeko. Aretoa finantzatzeko onartutako diru saila %5 baino ez du murriztu aldundiak iaztik hona, eta beste diru sail batzuk are gehiago murriztu ditu. Rekalderen diru saileko murrizketa neurritsua izan da, beraz.
Babesle pribatuetara jotzearen aldeko azaldu zara. Ez da nahikoa Bizkaiko Aldundiak Rekaldera bideraturiko aurrekontua? Eskaintzen al dio aretoari behar adina arreta?
Bizkaiko Aldundiak bideraturiko diruarekin moldatu da Rekalde aretoa orain arte. Babesle pribatuen diruarekin aurrekontu hori handitu egingo da, aretoak beste sostengu bat izango baitu. Aretoa orain arte moldatu egin da aldundiak emandako diruarekin, baina urrunago joan nahi dugu, asmo handiagoak gauzatu, eta horretarako dirua ere behar dugu.
Bilboko Guggenheim irekitzean Eusko Jaurlaritzak Rekalde kudeatzeari eta finantzatzeari utzi zion. Aztertu duzu Jaurlaritzari eskatzea Rekalde berriro ere babesteko?
Ez. Askoz hobea da instituzio bakar batek kudeaturiko sala izatea. Garai batean bazuen zentzua Jaurlaritza ere egoteak, Guggenheim sortu aurreko urratsak egin baitziren Rekalden. Esate baterako, museoa egiteko lanen maketak eta bestelakoak hemen jarri zituzten ikusgai.
Artearen munduak ez du inolaz ere ikusten, baina PPk Rekalde aretoa Arte Eder museoan txertatzea eskatu du behin baino gehiagotan. Zein da zure iritzia?
Arte Eder museoaren eta Rekalderen eginkizunak eta helburuak desberdinak dira erabat, zerikusirik ez dute. Arte Eder museoak bilduma bat du, eta hainbat garaitako artea ikertzen, biltzen eta erakusten du, XII. mendetik gaurdainokoa. Aldiz, Rekalderen ardatza arte garaikidea da, eta ez du bildumarik, bestelako helburuak dituelako aretoak; arte garaikidea sustatzea, transmititzea eta zabaltzea, hain zuzen. Bi eredu arras desberdinak dira Arte Eder museoa eta Rekalde aretoa. Ez du zentzurik biak elkartzeak.
Aretoaren arrakasta bisitari kopuruaren arabera neurtzea ez dela egokia diote artearen munduko profesionalek, baina askok auzitan jarri dute azken urteetako gidaritza. Zer falta izan zaio, zure ustez?
Balantze bat egiteko beharra dago orain. Garrantzitsua da salari egin zaizkion kritiken bilketa egitea, eta horiek aztertzea, jakiteko zer gertatu den, eta zehazteko zertan huts egin duen eta zertan asmatu. Komunikazioan izan dira hutsak, eta proiektuek ez dute behar bezalako ikusgarritasunik izan... Baina inolaz ere ez dut uste arazoa erakusketak izan direnik; artista garrantzitsuen maila handiko erakusketak antolatu dira. Kezkatzen nau egoerak, eta horretan ari naiz lanean, azken urteetako jarduna aztertzen eta balantzea egiten, aurrerantzean bidean sendo egin ahal izateko. Nolanahi ere, Rekaldeko lan taldea txikia da; lau gara, ni barne. Eta lauren artean daramatzagu kontu guztiak, artistikoak eta administratiboak. Indarrak neurtu behar ditugu, eta osatzen dugun talde profesionalaren araberako helburuak ezarri, autokritikari tokia eginez, noski.
Zein ildo estrategikori jarraituko diozu? Zein helburu dituzu?
Arte garaikidearen ildo esperimentaletan jarriko dugu begia, horiek erakusteko eta garatzeko asmoz. Hiru esparrutan lan egingo dugu: bertakoan, nazionalean eta nazioartekoan. Hiru horietako artista eta eragileekin lan egin nahi dugu, hiru horietan eraginez. Baina hau ez da berria, lehenago ere egin izan da Rekalden. Arte garaikidea izango da ardatza, eta horren inguruan egituratuko dugu salaren jarduna eta nortasuna, argi utzita ez dela museo bat. Rekaldek badu oihartzuna nazioartean, eta hori ere indartu nahi dugu, salaren eredua bera sendotuz. Diziplina aniztasuna gero eta handiagoa da artean, eta Rekalden ere hori kontuan hartuta lan egingo dugu. Arte sortu berriari ere tokia egingo diogu, baina ez gara atzera begirakoetan sartuko. Museoei dagokie hori.
Euskal artistekin edo artearen munduko eragileekin lankidetza harremanik edo antzekorik garatzea pentsatu duzu?
Garrantzitsua iritzi diot artearen munduko eragileekin harreman estua izateari, sare modukoa sortzeari, denontzat baita aberasgarria. Rekalde aretoa ez da zerbait itxia, eraikiz doan gune bizia baizik. Baina ez dakit zein den formulazio zehatza. Hau da, ez dut garbi ikusten nola kudeatu harreman horiek. Batzorde modukoan bilduta edo nola. Baina hala balitz, ez lirateke denak egongo ordezkatuak, eta ordaintzeko dirurik ere ez daukat...
Hortaz, ideiak egon badaude, baina bitartekoak falta dira...
Bitartekoak egon badaude Rekalden. Orain artean salak izan dituen gastuak arrazionalizatzen ari naiz, berrantolatzen. Esaterako, Peter Friedlen inaugurazioan ez genuen ardorik eman. Gastu guztiak berraztertzen ari naiz, kudeaketa eraginkorra egiteko.
Aurreko zuzendaria, Pilar Mur, kargutik egotzi zuten epaimahaiaren iritziaren aurka Khuruts Begoñaren obra saritua Ertibil erakusketatik kentzeko Ariztondok harturiko erabakia auzitan jartzeagatik. Zure jarduna garatzeko askatasuna duzu?
Bai. Ez dut inolako presio eta kontrolik sentitzen. Orain arteko lanak utzi egin behar izan ditut. Rekaldeko zuzendari izatean zaindu behar ditut jarrera batzuk. Distantzia pixka bat hartu behar dut gauza batzuetatik, postuaren ondorioak neurtu, baina ez besterik.
Rekalde esperimentatzeko eta pentsamendu kritikoa garatzeko gunea behar duela izan esaten da. Ez al da kontrajarria erabaki politikoak irizpide artistikoen gainetik ezartzea?
Iragana ahaztu eta aurrera begiratu nahiko nuke. Eta Khurutsek [Begoña] lanean jarraitu ahal izatea, bere lanengatik izatea ezagun, ez polemikarengatik.
Urtea amaitu arte ez duzu aurkeztuko zure zuzendaritzapean abiarazitako erakusketarik. Ba al duzu egitasmo zehatzen bat jirabiraka?
Baita itxita ere. Fazal Sheikhen erakusketa irekiko dugu abenduan. Mapfre fundazioak ekoitzitakoa da, eta orain Bogotan dago.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
