Kultura, klik bakarrean
Ekitaldien berri ematen duen agendaz gain, albisteak, dokumentuak eta kultur edukiak eskaintzen ditu Kulturklik atari digitalak
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sortu du, «plataforma ireki bat» izateko asmoarekin
Juan Luis Zabala.
«Herri honen aberastasun kulturala hobekien islatuko duen leihoa izan nahi du» Kulturklik Euskal Kulturaren Gune Elkarreragileak, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak azaldu duenez. «Sortzaileen, industriaren eta kulturguneen zerbitzuan dagoen leiho bat da, eta, aldi berean, herritarrak kulturara hurbilduko ditu». Jaurlaritzaren Kultura Sailak sortua da, eta atzodanik dago sarean Kulturklik atari digital interaktiboa, kontsultarako bezala informazioaren zabalkunderako irekia.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kulturarekin lotutako jarduera guztien «topagune eta erakustoki interaktiboa» izateko xedea du Kulturkliken Agenda sailak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko ekitaldien berri ere emango du, euskal kulturarekin zerikusi zuzena baldin badute.
Nork bere ekitaldien berri emateko aukera eskaintzen du Agenda atalak, eta horri esker eite eta neurri guztietako ekitaldiei egiten die lekua, txikienetatik handienetara. Agenda-z gain, beste hiru atal nagusi eskaintzen ditu Kulturklikek: Albisteak, Edukiak eta Ezagutza.
Albisteak atalak kultura arloko informaziorik interesgarriena jasotzeko xedea du, hainbat hedabidetan argitaratutako hainbat artikulurekin lotura zuzena eskainiz, BERRIA horien artean.
Edukiak atalak sortzaileek, elkarteek eta kultur industriak egindako proposamenei eskaintzen die lekua. Kulturako edukientzat plaza irekia da.
Ezagutza atalak laguntzen inguruko xehetasunak, estatistikak, biografiak, hausnarketak, direktorioak, balio txostenak eta gisako dokumentuak jartzen dizkie eskura sortzaileei, elkarteei nahiz eta industriako agenteei.
Kulturklikeko lan taldeak sortutako edukiak euskaraz eta gaztelaniaz daude. Erabiltzaileek bidalitako testuak eta hedabideetatik hartutakoak, aldiz, hizkuntza bakarrean daude kasu askotan.
Edozein informazioren bilaketa errazteko, atal bakoitzeko edukiak 11 kategoriatan banatuta daude, eta kategoriaka ere egin daiteke bilaketa. Honako hauek dira kategoria horiek: Ikusizko arteak; Arte eszenikoak; Musika; Ikus-entzunezkoak; Literatura; Artxibategiak, Liburutegiak eta Mediatekak; Museoak; Ondarea; Artisautza; Joerak; eta Arlo berriak, Diseinua, Bestelakoak.
Parte-hartzea sustatu nahian
Kulturklikek «erabiltzaile guztien parte-hartzea sustatzeko asmoa du», arduradunek jakinarazi dutenez. Horregatik, «ahal den guztietan, software libreaz jardungo du». Jasoko diren eduki guztietan zein iturritatik hartuta dauden adieraziko dutela iragarri dute, eta baita zein erreprodukzio lizentziapean dauden ere. Kulturklikeko lan taldeak sortutako eduki guztiak Creative Commons 3.0 by-nc-sa lizentziapean egongo dira, eta software askeko tresna erabiliko dute: WordPress.
Sareratu berria den arren, lehen aurreikuspenak eginak dituzte dagoeneko arduradunek. Kulturklikek aurten 22.000 eduki jasotzea espero dute: 15.000 agenda ekintza, 4.000 albiste, 1.500 ezagutza eduki eta 1.500 kultura eduki, gutxi gorabehera.
Atariko ekitaldi eta eduki nabarmenenak biltzen dituen Asteko buletina posta elektroniko bidez jasotzeko aukera ere eskaintzen du Kulturklikek, eta RSS jarioen bidez harpidetzeko aukera ere bada; eta, hala nahi izanez gero, soilik hautatutako etiketa batzuetara harpidetzea ere izango du erabiltzaileak.
Legegintzaldiaren hasieratik planteatu zuen Kultura Sailak kulturaren atari interaktibo baten garapena bultzatuko zuela, Urgellek azaldu duenez, «elkarrentzako plataforma ireki bat izan dadin, eragile guztien parte-hartzearekin, kultur adierazpideak zabaltzeko eta balizko merkaturatzerako, eta bai komunikazio eta elkarrekintzarako bide berrietara egokitzen diren balio-edukiak hedatzeko, betiere elkarrizketan eta ikuspegi ireki batean oinarrituta, eta sortzaileek beren lanarekiko dauzkaten eskubideei eta herritarren eskaerei zor zaien errespetuarekin».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
