Donustiarraren azken hozkada
Produktua nahasgarria izan daitekeelakoan, ez dute gehiago ekoitziko donustiarra, Donostiako donuta
Ane Olaizola.
DonostiaNestor Rebollo Creationest enpresako zuzendariak eta donustiarra donutaren sortzaileak pastela merkaturatzeari eta ekoizteari utziko diola iragarri zuen atzo, Donostiako El Cachon tabernan.
Joan den urtarrilean hasi ziren donustiarra izeneko gozoa Donostiako tabernan saltzen. Baina merkaturatu baino lehen, Panricorekin jarri ziren harremanetan, donut opilak egiten dituen enpresarekin. Panricoren erantzunik jaso ez zutenez, donustiarra merkaturatzen hasi zen Rebollo; «donustiarraren ideia sortu zitzaidanean, Panricorekin jarri ginen harremanetan, badaezpada ere. Ez genuen erantzunik jaso. Nire asmoa ez zitzaiela axola ulertu nuen, eta, beraz, El Cachon tabernan hasi ginen saltzen donustiarra», dio donustiarraren sortzaileak.
Baina saltzen hasi eta 20 egunetara, Panricoren mezua jaso zuten. Bertan, Creationest enpresa donustiarra ekoizteari eta saltzeari uztera gonbidatzen zuen; besteak beste, donustiarra izenean donut izena ageri zelako. «Gure produktuak donut hitza du izenean. Halaber, Panricoren donutaren zeinu bereizgarriak bezeroa Panrico markarekin nahasteko arriskua zekarren», onartu du Rebollok.
Hori horrela izanik, Creationestek bere produktua egiteari uztea erabaki zuen: «Creationest enpresak ez dio inoiz kalterik egin nahi izan Panricori eta erregistratuta dauden enpresei. Beraz, erantzun honen ostean, donustiarra ekoizteari utzi genion».
Joan den otsailaren 16an utzi zioten pastela egiteari, saltzen hasi eta hilabetera hain zuzen ere.
Donostiari eskainitako gozoa
Rebollori joan den urteko irailean sortu zitzaion donustiarraren ideia, eta hasieratik donuta zuen buruan: «Hasieratik donuta nuen buruan, eta hori Donostia hiriarekin lotu nahi nuen. Beraz, izena asmatu nuen: donustiarra. Gozogintzan gehien saltzen den produktua da donuta, eta ezagunena ere bada, eta horri, Donostiaren izena eta bertako erreferentzia txertatzen badiogu, bete-betean jo genuela uste dut».
«Sortzaileak sortu egiten du zuzenean, eta ondoren pentsatzen du». Beraz, behin izena asmatu eta gero sortu zuen produktua Rebollok. Donustiarraren ideia Nestor Rebollok izan bazuen ere, beste hainbat pertsonaren laguntza izan zuen hori aurrera eramateko. Izan ere, irailean eduki zuen donustiarraren ideia, eta azaroan jarri zen harremanetan Betilan lantegiko Iñigo Codo gozogilearekin; «biok donustiarra izango zenaren probak egiten hasi ginen; koloreari eta zaporeari zegokionez, hainbat ahalegin egin genituen, eta azkenean nahi genuen produktuarekin jo genuen», dio Rebollok.
Ondoren, El Cachon tabernara jo zuten, eta Bittor Cruz arduradunari donustiarraren promozioa bertan egiteko eskaini zioten. Beraz, hirurak harremanetan jarrita hasi ziren donustiarra saltzen.
Urtarrilaren 20an, Donostiako beste tabernetan ere hasi ziren saltzen. Izan ere, pixkanaka salmenta guneak zabaltzen hasi ziren, eta azken egunetarako, hamabost tabernatara baino gehiagotara handitu zituzten salmenta guneak.
Donustiarrak donut formako pastelaren itxura zuen. Txokolate zuriak biltzen zuen pastela, eta gainean, koloratzaile urdina zeraman. Beraz, kolore zuri-urdinek Donostiari egiten zioten erreferentzia, askok Realarekin lotu badute ere; «pertsona askok donuta Realarekin lotu izan du, baina hori ez da gure helburua izan. Koloreak Donostiari egiten dio erreferentzia, eta ez futbol taldeari».
Kalitate oneko produktua sortu nahi izan zuten hasieratik. Horregatik, txokolateari dagokionez, Belgikako txokolatea erabiliz ekoizten zuten; «Belgikako txokolatea garestia da; baina txokolatea kalitate onekoa izatea nahi genuen, azken finean bezeroek hori balioesten baitute», uste du Iñigo Codok.
Egileek sinbologiaz sortu zuten gozoa; alde batetik, donustiarrak kolore zuri-urdinak ditu, Donostiako banderak dituen koloreak. Bestetik, txokolatearen gaineko koloratzaile urdinak Donostiako badia irudikatzen zuen, zirkulua itxi gabe baitzegoen.
Gozogintzan ez bada ere, aurretik zenbait asmakuntza egin ditu Rebollok; aurreko uztailean zazpi metro baino gehiago zituen bizikleta bat kaleratu zuen. Bizikleta limusina bailitz bezala apaindu zuen, eta bertan Donostiako dendek eta enpresek iragarkiak jar zitzaketen, kalean zenbiltzanek haien berri izan zezaten.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
