Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:28

KULTURA;2010-02-20;Portuan emeki lanean. 'Sareinak. Feminismo literarioak' blogak hiru urte bete ditu, eta bertan jorratutako gaiez eztabaidatuko dute gaur Gasteizen Euskal literatura teoria feministaren bidez sortu, kritikatu, irakatsi eta hedatu nahi dute

Portuan emeki lanean

'Sareinak. Feminismo literarioak' blogak hiru urte bete ditu, eta bertan jorratutako gaiez eztabaidatuko dute gaur Gasteizen

Euskal literatura teoria feministaren bidez sortu, kritikatu, irakatsi eta hedatu nahi dute

Irune Berro.

Bilbo

«Espazio birtualetik harantzago doazen sareak sortu ditugu», diote Sareinak, feminismo literarioak blogeko kideek; «hainbat talde feministarekin harremanak egin, eta hezikidetzan lanean dabiltzan taldeekin elkarlanean urratsak egin ditugu». Euskal literatura «plazatik portura» eramateko asmoz sortu zuten Sareinak bloga duela hiru urte Iratxe Retolaza eta Josune Muñoz literatur kritikariek, Amaia Alvarez euskal filologoak eta Gema Lasarte kazetariak. «Badugu sarea, euskal literatura; badugu haria, literatur kritika; badugu jostorratza, teoria feminista, eta, jakina, badugu gogoa sarean sare aritzeko», zioen orduan kaleratu zuten manifestuaren pasarte batek. Euskarazko literaturan «zulo handiak» daudela ohartarazi zuten, baita zulo horietatik emakumeen liburuak amiltzen direla ere.

Sortzeko, hausnartzeko, kritika egiteko, transmititzeko eta irakasteko, nahiago dute portua plaza baino, «zabalagoa eta oraindik egituratzeko dagoen espazioa» dela uste baitute. Horrenbestez, Lekeitioko portuan, Bizkaian, elkartu ziren larunbat goiz batean Sareinak bloga aurkezteko. Ordudanik, hiru urte igaro dira, eta egindako lana aztertzeko, mahai-ingurua egingo dute gaur Gasteizen (70 tabernan, 19:00etan).

Euskararen unibertsoa, feminismoa eta literatura uztartu dituzte; hiru bide horien arteko bidegurutzean lan egin dute hiru urte hauetan, eta bidean «zenbait eztabaida zaharberritu» dituzte, baita «zenbait eztabaida berri zaharkiturik» daudela ohartarazi ere. Plazaren lau paretak eraisteko lan egin dute, emeki-emeki portua egituratu asmoz.

Blogean izandako eztabaidak jendearekin partekatu nahi dituzte orain, ikuspuntuak zabaldu, iritziak bildu eta kontrastatu, denen artean iruzkin aberasgarriagoa egite aldera. Sei hizlari izango dira horretarako: Gema Lasarte, Amaia Alvarez, Iratxe Retolaza, Josune Muñoz, Onintza Irureta eta Ainara Sarasketa. Blogaren sorreraz geroztik landuriko gaiak aurkeztuko dituzte, muturrera eramanez batzuetan, mahai-ingurura bildutakoak xaxatzeko eta parte-hartzea bultzatzeko asmoz. Izan ere, hori da sareginen helburuetako bat: euskarazko literatur feministaren sarea denen ekarpenez osatzea eta zabaltzea.

Bloga abiarazi zutenean edukiak sarriago berritzeko asmoa zuten, «erritmo handiko espazioa martxan jarri nahi genuen», adierazi dute. «Baina denborak aurrera egin ahala, konturatu ginen ezin geniola abiada horri eutsi». Lasaiago hartzea erabaki zuten, hortaz. «Alde horretatik, ez dugu mantendu hasieran aurreikusitako jarduna».

Aitzitik, bloga sareak sortzeko «erakusleiho baliagarria» bihurtu dela diote, baita «blogean argitaratzen ez diren hainbat eztabaida, elkarlan eta egitasmo aurrera eramateko» ere. Literaturazaleek eta feministek «elkarren berri izateko helburuari», halaber, ondo lotu zaiola uste dute. Esan dutenez, bide horretan urrats nabarmenak egin dituzte; «horren adibide dira Irakurle Taldea, Blogoneskak ataria, blogeko kideok elkarrekin argitaratutako hainbat testu, antolaturiko hainbat ikastaro eta etorkizuneko hainbat proiektu». Gizarte eredu jakin bati erantzuten dioten ikuspegietatik aldenduta lanean segitzeko konpromisoa berretsi dute, aurrerantzean sarea sendotzeko eta ekimenak aurrera ateratzeko elkarlanean.

 

Mahai-ingurua



EDERTASUNAREN KANONA

Gema Lasarte. Feminismoak edertasun kanonak gainditzea ez duela lortu azalduko du Lasartek. Ikuspegi estetikoa feminismoan ere oso erroturik egon dela erakutsiko du, zenbait testu adibide gisa jarrita. Kanon horiei behingoz gaina hartzeko zer bide jorra daitezkeen galdetuko die gainerako hizlariei eta entzuleei.

SEXUALITATEA ETA EUSKAL LITERATURA

Amaia Alvarez. Gorputzaren, praktika sexualen eta sexualitatearen irudikatzeak euskarazko literaturan zer bide urratu dituen aztertuko du Alvarezek. Eta blogean argitaratutako testu batzuk hizpide hartuta, zenbait gogoeta plazaratuko ditu. Ikuspegi feminista batetik, eztabaida sortzea izango da Alvarezen helburua.

INTIMISMOA, EROTISMOA ETA BEGIRADA FEMINISTA

Iratxe Retolaza. Euskal literaturan intimismoa eta erotismoa kontzeptuak erabiltzean hautaturiko genero ikuspegiaren gaineko gogoeta egingo du Retolazak. Horretarako, bi kontzeptu horietatik eratorritako intimo eta erotiko hitzek, baita antzekoek ere, zein genero ezaugarriren arabera erabili izan diren azalduko du.

MAITASUN EREDUAK ETA NOBELA ARROSA

Josune Muñoz. Nobela arrosa apenas jorratu den gure literaturan. Gabezia horrek baditu oinarri sendoak, eta horiez mintzatuko da Muñoz. Beste hizkuntza batzuetan horrenbeste landu den azpigeneroa euskarazkoan zergatik baztertu den azalduko du, beste literatura batzuetan eginiko ekarpenak aztertzearekin bat.

IDENTITATEAK

Onintza Irureta eta Ainara Sarasketa. Identitateen inguruko teoria feminista berriak azalduko dituzte, transfeminismoaren ekarpena aintzat harturik, zenbait gogoeta plazaratuz. Teoria horiek literaturan zer berrikuntza ekar dezaketen azalduko dute Iruretak eta Sarasketak, Beatriz Preciado eta Itziar Zigaren testuak adibide modura jarrita.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia