Bensaid eta Foucault pentsalarien oinarriak argitaratu ditu Jakinek
'Irakurgaiak' sailean, Jon Jimenezen eta Andoni Olariagaren 'Modernitatearen auziaz' ere atera dute
Ainara Rodriguez.
Donostia.
Daniel Bensaid filosofoak bizi izan zen artean ez zuen merezitako errekonozimendurik jaso. Hala diote gehienek, pentsaera interesgarriaren jabe izan arren, ez baitzen oso ezaguna egin. Joseba Barriolak dio bereziki liluratzen duten liburuak «ero bat bezala» itzultzeari ekiten diola; Bensaiden lanak tamaina horretako gozamenera iristen direla eta, filosofoaren idatzi bat itzuli du Historiaz mintzo. Foucault eta Bensaid liburuan.
Barriolak berak gogorarazi duenez, Politika profanoaren laudorioa liburuan agertzen da Bensaiden pentsaeraren muina: «Politika egoera konkretu batean aukera berriei ateak zabaltzeko ahalegin bezala ikusten zuen. Momentuak eskaintzen dituen aukera iraultzaileak detektatu eta horiei eutsi behar zitzaiela». Lana itzultzerakoan erronka bikoitza izan duela aitortu du Badiolak, «Bensaidek erabiltzen zituen kontzeptuak itzultzea ez baita oso erraza izan, eta idazkera bera ere, korapilatsu samarra delako». Alderdi sentimentala puri-purian ere izan du, Bensaiden lana gogoko izateaz gain, laguna ere baitzuen. Honela idatzi zion filosofoak Barriolari oparitutako liburu baten eskaintzan: «Maisuari, maitasun handiz, beti gazte garen beteranoen partez». Barriolaren klandestinitate garaiko ezizena zen Maisua.
Michel Foucault pentsalariaren idatzi bat ere itzuli du liburu berean Barriolak. Xabier Apaolazak egin du liburuaren sarrera, eta gogoratu du Foucaultek Descartesen nian oinarrituta egin zituela lehen idatziak. Urteak geroago, «estrukturalismoak zekartzan teknika konparatibo batzuk» ere hartu zituela azaldu du.
Modernitatea, auzitan
Oinarrizko testu eta irakurgaiak baliatuta, pentsamenduaren dibulgazioa da Jakin aldizkariaren xede nagusia. Bi liburu argitaratu dituzte Irakurgaiak sailean; lehena Barriolarena, eta bigarrena, Jon Jimenez eta Andoni Olariagaren Modernitatearen auziaz.
Postmodernismoaren aroan gaudela dioten garai honetan modernitateaz hitz egitea arraroa suerta litekeela badakite Jimenez eta Olariagak; eurek, baina, egungo modernitatearen ikuskeraren inguruan oso bestelako irudia dute: «Erdi Aroan fedea zegoela diote eta, orain, berriz, arrazoimena. Guk uste dugu lehen bazegoela fedea, baina baita orain ere; lehen Jainkoan edo erlijioan sinesten zen, eta orain fedea arrazoimenean dagoela uste dugu». Bi garaiak, halaber, parez pare ikusten ditu Jimenezek: «Modernismoa eta postmodernismoa, biak dira krisi baten eragina; modernitatea, Pizkundearena, eta postmodernismoa, modernismoarena». Hala ere, postmodernismoan baino are atzerago kokatzen dute gizartea gaur egun Jimenez eta Olariagak; Erdi Arora atzera egin duela uste dute. Modernismoaren auziaz gain, metafisikaren problematika ere landu nahi izan dute liburuan.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
