Maratila
Xabier Etxaniz Rojo
Tesia
HABEk aurtengo azterketa garaiari laster emango dio hasiera eta, zuen baimenaz, gaurko Maratila aprobetxatu nahi nuke euskaltegietako ikasleei aholku batzuk emateko. Agian hau ez da tokirik aproposena EGA edo hizkuntza-eskakizunetako azterketetako idazlanaz hitz egiteko, baina zoritxarrez, euskara ikasle askok amesgaiztoak dituzte ditxosozko idazlana dela eta ez dela, eta nik lagundu nahi diet.
Eskema on bat taxutzeko aholkua ona izanagatik, hori ez da garrantzitsuena. Nire ustez, testu txukun bat idazteko gakoa tesia -ideia nagusia, helburua... nork bere izendapena dauka- ondo formulatzean datza. Argia behar du. Zehatza. Muturrekoa, hala nahi izatera. Bakarra.
Behin tesia idatzita dagoenean, honatx bigarren aholkua, ez ibili itzulinguruka. Ikasleok maiz pentsatzen duzue dotoretu behar dituzuela zuen diskurtsoak, nola edo hala apaindu behar dituzuela testuak, ohartu gabe ezen, gehienetan, sinpleegiak izateari diozuen beldurrak testu ulergaitzak idaztera bultzatzen zaituztela. Esan ezazue, argi eta garbi, benetan esan nahi duzuena, eta ez ibili luzamendu aspergarrietan.
Bestela, Ezker Abertzaleari Zutik Euskal Herria izeneko testuan gertatu zaiona gertatuko zaizue zuei ere. Antza, tesia oso argi daukate, bai, baina idazteko garaian oso testu aldrebes eta ulergaitza atera zaie.
Gainera, ez zen horren zaila. Nahikoa zatekeen «kito, bukatu da» esaldia idaztea testua askoz ere ulergarriagoa izateko.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
