Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:24

KULTURA;2010-02-16;Nor bere gobernu. Henry D. Thoreauren 'Desobedientzia zibila' euskaratu du Edu Lartzangurenek, Potxo Edizioak-en eskutik

Nor bere gobernu

Henry D. Thoreauren 'Desobedientzia zibila' euskaratu du Edu Lartzangurenek, Potxo Edizioak-en eskutik

Gorka Erostarbe.

Andoain

Gobernurik onena gutxien gobernatzen duena dela dioen leloa ezaguna da. Ezaguna da gurean, era berean, desobedientzia zibilia kontzeptua ere. Hain ezaguna ez dena lelo eta ideia horiek sortu zituen Henry David Thoreau idazle estatubatuarraren (1817-1862) Desobedientzi zibila izeneko testua da. Edu Lartzanguren Berriako kazetariak (Eibar, 1969) euskaratu berri du testua, eta Potxo Edizioak argitaletxearen bidez plazaratu du.

Lehendik testua itzulia eta Ostiela! aldizkarian hiru zatitan plazaratua zuen Lartzangurenek, 2000. urtean. Euskaraz egindako aurreneko itzulpena izan zen hura. Gerora Likiniano elkarteak argitaratu zuen beste bat: «Ostiela!-k ez zituen digitalizatu bere argitalpenak. Beraz, ale hura zuenak izango du testua, baina bestela ez zegoen modurik lortzeko».

AEBetako hezkuntzan eta eskoletan lantzen eta ezagutzen duten pertsonaia da Thoreau, baina, «desobedientzia zibilaz idatzitakoagatik baino gehiago, ekologismoaren oinarriak finkatu zituen Walden liburuarengatik da ezaguna», Lartzangurenen arabera. Europan eta Euskal Herrian, ordea, ez da oso egile ezaguna izan, «ziur asko filosofiari eta pentsamenduari dagokionez oso europeistak izan garelako», zehaztu du Patxi Hipolito Potxo Edizioak-en arduradunak.

Etxola eta espetxea

Henry David Thoreau 1817ko uztailaren 12an jaio zen, Concorden, Bostondik iparralderantz, Kanadako mugatik hurbil. David Henry izenez bataiatu zuten, baina berak ordena aldatu eta Henry David bilakarazi zuen: «Ez zuen jasotako deus bere horretan onartu nahi, izena bezala bizitza ere berak aukeratua eta asmatua nahi izan zuen», dio Markos Zapiain idazle eta filosofoak Desobedientzia zibila liburuari egindako aitzin-solas luze eta argigarrian.

Thoureauren bizitza nahiz pentsamendua bi gertaerek mugarritu zuten, edo Edu Lartzangurenek dioen bezala, «ekintza xume batek eta ez ekintza batek». Thoureau basoan etxola batera bizitzera joan zen bi urtez, batetik: «Walden lakuaren ondoan egin zuen etxola, eta izen bereko liburuarekin gaurko ekologismoaren aitzindaria bihurtu zen». Bestetik, AEBetako Gobernuak esklabotzari eusteko eta Mexikoren aurkako gerra elikatzeko erabiltzen zituen zergak ez ordaintzeagatik egun bat igaro zuen espetxean. Espetxean zela, gero 1949an argitaratuko zuen testuaren muinaren isla izango zen pasartea jazo zitzaion. Ralph Waldo Emerson poeta eta filosofo herrikidea bisitan joan zitzaion espetxera eta zera galdetu: «Baina zer dela-eta zaude zu hemen?». Eta Thoureauk erantzun: «Eta zer dela-eta ez zaude zu hemen?».

Lehen egindako itzulpena liburuan argitaratzeko egin beharreko txukunketek «lan dezente» eman diote Lartzangureni: «Testu trinkoa da. Jendea konbentzitzeko egindako testua da, garai bateko apaizen hizkera erabiltzen du, sermoi handi bat da. Saiatu naiz Ostiela!-rako eginiko itzulpenena errazten, esaldiak laburtzen».

Duela 160 urte pasatxo idatzitako testu hark hurbilean zuen artean herrialde ia sortu berri baten testigantza -1776ko uztailaren 4an erabili zuten aurrenekoz AEB izena-: «Estatua urte gutxi batzuk lehenago asmatu zuten tresna bat zen. Thoureauk zioen tresna hori onartu behar dela onurarako den bitartean. Baina estatua bera kalte egiten eta traba izaten hasten denean, planteatu beharra dago makina hori nolabait ere gelditzea».

Testuak «erabateko gaurkotasuna» du bai Lartzangurenentzat eta baita Hipolitorentzta ere: «Estatuak duen boterearen sakralizazioaren auziak eta eztabaidak oso oinarri sendoa du gaur egun ere, eta liburuan naturaltasun osoz jartzen da zalantzan, estatuaren sortzaileak gu baikara».

Thoreau eta bere idazkia oso ezagunak ez izan arren, asko izan dira bere itzala eta eragina aitortu izan dutenak: Leon Tolstoi, Martin Luther King, Mohandas Gandhi, Jose Bovek eta Sabino Ormazabalek bere maisutza aitortu dute. Gainera, Euskal Herrian badira adibide gertukoak, desobedientzia zibilaren eraginkortasunaz. Besteak beste, Espainiak derrigorrezko soldadutzari dagokionez eta Frantziak transgenikoen aferan atzera egin behar izan zuten.

«Askatasunen murrizketen garai betean bizi gara egun», Lartzangurenen hitzetan: «Jendeak erabaki du, edo erabakiarazi diote, nahiago duela segurtasuna izatea, zenbait eskubide izatea baino, eta estatua babesle gisa hartzen dute. Thoreauk esango lieke: 'Zuek babestu behar duzue zeuen burua, zuek antolatu eta eratu behar duzue'».

«Jende askok darabil ahoan desobedientzia zibila kontzeptua, baina zehazki zer den inor gutxik daki». Horretarako, Henry D. Thoreauren testuaren berri ematea «ezinbestekoa» da, Lartzangurenen ustez.

Liburua lizentzia librean kaleratu du Potxo Edizioak-ek. Azala Joxan Izarena da, eta Aitor Bolinaga eta D.B. Johnsonen ilustrazioak dauzka. Liburua sarean egoteari ere garrantzi handia eman dio Lartzangurenek. http://sites.google.com/site/desobedientziazibila/ webgunean irakur eta deskarga liteke liburua. Testua entzuteko aukera ere ematen du audioliburua izeneko atalean, eta itzulpenaren inguruko iruzkinak eta oharrak egiteko aukera ere ematen du.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia