KULTURA;2010-02-10;Sormena nekez da errenta. Beren liburuei dagozkien egile eskubideengatik diru gehiago jaso beharko luketela iruditzen zaie idazle gehienei. Baina ez dituzte bide errepresiboak nahi argitalpen digitaletako beren eskubideen defentsarako. IRATI JIMENEZ AINGERU EPALTZA ITXARO BORDA IGOR ESTANKONA EDORTA JIMENEZ. Idazlea Idazlea Idazlea Idazlea Idazlea
Beren liburuei dagozkien egile eskubideengatik diru gehiago jaso beharko luketela iruditzen zaie idazle gehienei. Baina ez dituzte bide errepresiboak nahi argitalpen digitaletako beren eskubideen defentsarako.
Sormena nekez da errenta
Juan Luis Zabala.
Internetek eta liburu elektronikoek eskaintzen dituzten argitalpen aukera berriek egile eskubideen inguruko eztabaida berpiztu eta eremu berrietara eraman dute. Orain artean bat etorri badira ere, egilearen interesak eta industria editorialarenak aurrerantzean ezberdinak izan daitezkeelakoan daude gaiaz hausnarketa egitera gonbidatutako idazle batzuk.
Galderak
1. Liburuaren salneurriaren %10 jasotzen du normalean idazleak, egile eskubide gisa. Kopuru egokia da?
2. Bi euskal argitaletxek liburu digitalak jarri dituzte salgai, %30 merkeago paperezkoak baino, egileari berdin edo gehixeago ordainduta. Zer irizten diozu?
3. Euskal idazle gehienen eskubide erreprografikoak CEDROk kudeatzen ditu. Egokia iruditzen zaizu CEDROk izatea ardura hori?
IRATI JIMENEZ
Idazlea
«Ez nuke nahi industria editorialak, musikalak bezala, diskurtso errepresibora jotzea»
1. Egile gisa, errazena da esatea oso gutxi dela egileari iristen zaiona. Baina lana irakurleari helarazteko, egileak editoreen, argitaletxeen eta liburu denden beharra izan du orain arte. Horregatik, erosleak produktuarengatik ordaintzen duenaren zati bat baino ez dagokio egileari. Zati hori txikia dela dirudi, baina imajinatzen dut industriak hori ordaintzen badu gehiagorako ematen ez duelako izango dela. Ni behintzat ez naiz modu injustun ustiatua sentitzen.
2. Argitaletxeetatik datozen liburu elektronikoek askoz merkeagoak izan behar dute. Bestela, irakurleek doan partekatuko dituzte. Eta bi norbanakoren artean gauzak partekatzea -ezagunak zein ezezagunak izan- ez da delitua. Kulturaren zabalkundea da, nire ustez, ondare garrantzitsuena kontu honetan; ez industriaren interesak, ezta nik egile gisa izan ditzakedan interes ekonomikoak ere. Gainera, egileok geure interesak defenditu beharko genituzke. Orain arte industriaren interes berberak izan dira beharbada, baina etorkizunean ez dute zertan bat etorri. Industriak egoera berrira moldatu beharko du, baina ez nuke nahi industria editorialak, musikaren industriak egin duen bezala, diskurtso errepresibo eta polizialera jotzea.
3. CEDROri SGAEri egingo niokeen kritika bera egingo nioke: egoera erabat monopolistikoak ez dira mesedegarriak izaten. SGAEk
pirateria deitzen duenarekiko duen politika ez zait batere egokia iruditzen, eta ematen du CEDROk bide hori hartuko duela. Egile eskubideak defenditzearen argudioa aitzakiatzat hartuta,
pirateria deitzen den hori egiten dutenak delitugiletzat jo eta haien jazarpena egiten du. Ez dut diskurtso hori oso hurbil sentitzen kultura, literatura eta liburuak ulertzeko dudan modutik.
AINGERU EPALTZA
Idazlea
«Liburuaren industrian, egileak gara liburua bizibide ez dugun bakarrak»
1. Ez zait inoiz normala iruditu. Liburuaren industrian, egileak gara liburua bizibide ez dugun bakarrak. Saltzailea, argitaratzailea eta banatzailea profesionalak dira, baina gu ezin gara profesionalak izan. Oso bitxia da. Kate horretan zerbaitek huts egiten du.
2. Aurrerapausoa izan da, nire kasuan, liburu analogikoaren %10etik digitalaren %15erako igoera. Baina kontuan hartuta argitalpenaren kostua zenbat murrizten den, gehigarri hori oso txikia da. Bestalde, edukiak doan deskargatzea gero eta errazagoa izango da. Kontuan hartuta gaur egun egile eskubideetatik zein gutxi jasotzen dugun, ez dakit idazlearentzat ez ote den ohorea izango jakitea norbaitek bere lana
pirateatu duela. Niri gertatu izan zait eskola batera joan nire liburu bati buruz hitz egitera, eta ikasleak fotokopiekin ikustea. Hasieran, haserrea piztu zitzaidan, baina gero, zorrotz pentsatu ondoren, jabetu nintzen pozgarria zela jakitea ikasleek irakurria zutela nire liburua eta gainera baten bati gustatu ere egin zitzaiola. Idazle profesionalaren ikuspegia bestelakoa izango da, baina profesionalak ez garenontzako azken batean egile eskubideetatik jasotzen dugun dirua gehigarri bat da, bizitza konpontzen ez diguna.
3. Hala etorri zaigu, hala dago, eta urtero diru pixar bat jasotzen dugu CEDROren banaketan. Baina idazleoi zuzenean datorkigun diruaz aparte Euskal Idazleen Elkarteak gauzak antolatzeko dirua ere jasotzen du CEDROtik, eta, horretaz gain, CEDROren bidez medikuntza arlo batzuetarako laguntzak jasotzeko aukera dugu. Alderdi horiek interesgarriagoak dira idazleok banaka jasotzen dugun dirua baino. Ikuspegi pragmatiko hutsetik norbaitek erakutsiko balit euskal idazleak bildu eta CEDROren ordezko elkarte bat sortuz gero gure eskubideak hobekiago defenditurik leudekeela, eta horrek proiektu interesgarrietarako diru gehiago ateratzen lagunduko lukeela, aitzina egitearen aldekoa nintzateke. Baina horrek eragingo lukeen aldaketa Iruñeko herriko etxean ikurrina jartzearen parekoa izango balitz, gauza sinboliko bat, ez litzaidake hain interesgarria irudituko. Ez nintzateke aurka egongo, baina gauza sinboliko hutsekin aspertuta nago.
ITXARO BORDA
Idazlea
«Kontrol tiranikoaren eta 'pillage' sistematikoaren artean badateke oreka bat»
1. Uste dut denek bizi behar luketela, idazleek eta argitaletxeek. Bata bestea gabe aferak ez baitezake iraun, bereziki editorial txikietan. Eta ez ditut Maiatz elkartearen antzekoak aipatzen. Krisiagatik jadanik guztiak tiran dabiltza, eta, nolabait literatura duina euskaraz edukitzearren, idazle zenbaitek, orain baino gehiagok, liburuetarik eta horien ekoizpen desbideratuetarik egunerokoa ateratzen hasteko baldintzak plantan jarri beharko lirateke. Ordainketarena subjektiboa da, bistan da idazlearentzat gutxi dena argitaldariarentzat, nagusiarentzat nola, beti sobera dela.
2. Paperezko liburuaren eta liburu elektronikoaren gatazkaren seinalea da diru eskubide banaketa hori, liburu elektronikoa etorkizuna dela sinesten delako. Ene joera friboloa dela kausa, Interneteko testuentzat inolako ordainketarik ez egotea hobetsiko nuke. Baina funtsean ez da justua. Testu bat sarean jartzen delarik sareko kate guztiek etekinak ateratzen dituzte, zerbitzariek, telefono operatzaileek, disko eta liburu etxeek, guztiek salbu egileek. Sakelak betetzen dituztenen zergatzearen alde nago, eta ez erabiltzailea eta egilea gaztigatzearen alde, Hadopi eta horrelako legeek dagiten eran.
3. CEDROk kontrolatzen ditu obren erreprodukzioen baimen eta debekuak. Beste erakunde herrikoiago bat -ez diot CEDRO herrikoia ez denik- eraiki artean norbaitek lan hori egin behar du. Kopia arras librearen alde ez naiz, egile eskubideak, hemen erraten den maneran, giza eskubideak baitira. Kontrol tiranikoaren eta
pillage sistematikoaren artean badateke oreka bat, ez? Gero, CEDRO eta horrelako elkarteen bidez, egile ospetsuenak hazten direla argi dago. Agian CEDROk asmatu beharko luke eskubide horien banaketa zuzenago bat, egileen arteko ontasun eskalak murriztuz.
IGOR ESTANKONA
Idazlea
«Argitaletxeen interesak eta gureak, idazleonak, desberdinak izan daitezke»
1. Idaztetik bizi ez garenoi ez digu lar ardura, eta profesionala dena, bistan da, ez da %10 horretatik bizi. Eusko Jaurlaritzak liburutegietarako 250-300 liburuak erosteari utzi dio, eta zerbitzu publiko bat galdu dugula esan barik doan arren, norbait mugitu al da salatzeko liburu horien %10 ebatsi diotela? Argitalpen kontratu batean badaude, nire ustez, beste auzi interesgarriagoak: zenbat denborarako lagatzen den erreprodukzio eskubidea, lanaren moldaketa onartzen den edo ez, promozioaz ezer dioen... Idazle bakoitzak bere kontratu modeloa borrokatu behar du -
forfait bidez kobratzea komeni zaio akaso, eta ez portzentaia bat-, baina horretarako ezinbestekoa da idazleen arteko antolakuntza, eta Euskal Idazleen Elkartea gai horiek serio lantzen hastea, azken Galeuscako konpromisoei jarraiki.
2. Argitaletxeen kezka ulergarria da, musikan eta zineman gertatu dena ikusita. Baina autoreak bere hausnarketa egin behar du idazle-erosle harremanari buruz,
pirateria-ren kontrako sorgin ehiza elikatu beharrean, eta argitaletxeengan delegatu beharrean. Euren interesak eta gureak, idazleonak, desberdinak izan daitezke: obra digitalizatua unibertsalagoa, publikoagoa, parte-hartzaileagoa izatea interesatzen zaigu guri, eta ez paperaren modeloa Interneten errepikatzea. Irakurle kopurua optimizatzeko, feedbacka egon dadin, irakurlea ezagutzeko, saioak lortzeko, idazle-irakurle taldeak osatzeko, itzultzaileak bilatzeko... balio dezake Interneten jartzen dugun liburuak, eta absurdoa da
deskarga bakoitzeko kobratu modeloa, beste produktu kulturaletan porrot egin duelako.
3. Hobe da, ahal bada, halako kontraturik ez sinatu, mekanismoa bera delako injustua. Kanon bidez funtzionatzen du CEDROk, eta bildutako hori kudeatzen du. Beraz, ez du diskriminatzen noiz, non eta nork jaisten duen obra bat, baizik eta zein dendatan saldu den, demagun, inprimagailu bat. Ekintza bera ez bada autoreari zuzenean etekina ematen diona, ze kudeaketa mota da CEDROk eskaintzen diguna? Eta beste auzi bat dago horren atzean: herrialde serioetan ez dago editoreak eta idazleak biltzen dituen kudeaketa erakunderik. Justuagoa iruditzen zait Ingalaterrako edo Irlandako modeloa. Idazleek eurek sortutako agentziek zerbait
justuki erreproduzitu dadin jagoten dute, pedagogia egiten dute, herriz herri borrokatzen dira idazlearen ogibidea aintzatetsi dadin, eta lizentzia horietatik bildutakoa modu gardenean partitzen dute idazleen artean. Beharrezkoa ez, urgentea da hausnarketa bat hastea ikusteko, dagoen lege esparruan, ea posible den modelo alternatibo bat euskaraz idazten dugunontzat, gure izaera eta errealitatea kontuan hartuko duena, eta kopia librea gura dutenen eskubidea babestuko duena.
EDORTA JIMENEZ
Idazlea
«Garbi daukat guk, sortzaileok, geure kudeaketa erakundea sortu behar dugula»
1. Argitaletxe batzuetan %10 ordaintzen dira lehen salmentetako aleak, eta behin kopuru batetik aurrera %12. Nire ustez, hobe litzateke alderantziz: hasieran %12 jaso eta gero, asko saltzen bada, %10. Ez zait justua iruditzen. Legeak baimentzen duen kopururik handiena ordaindu beharko lukete argitaletxeek. Ereduzko kontratu estandarren ordez, nik buruz buruko, aurrez aurreko eta kasurik kasuko kontratua proposatu nahi dut, pertsonalizatua. Baina argitaletxeek ez dute nahi.
2. Ez zait neurri egokia iruditzen, nahiz eta horrelako kontraturik sinatu dudan. %15 ematen didate. Zergatik %15? Argitaletxeek erabaki dute kopuru hori, ez dakit zer matematika edo zer ingeniaritzaren arabera. Dena den, ez dakit nola ordaindu beharko liratekeen
on line dauden testuen egile eskubideak. Printzipioz, Internet librea nahi dut nik, eta nire lanetarako garrantzitsuak ziren dokumentuak aurkitu ditudanean Interneten eta haiengatik ordaindu egin behar dela jakin dudanean haserre bizian jarri naiz. Uste dut sortzaileok elkartu eta horretaz eztabaidatu beharra daukagula.
3. SGAEren gaian bezala, garbi daukat guk, sortzaileok, geure kudeaketa erakundea sortu behar dugula. Ni CEDROko kidea naiz EIEren proposamenez, eta
on line jarritako obren eskubide erreprografikoen kudeaketa ere aitortu diot CEDROri, baina damututa nago. Aztertu beharreko gaia da. Hausnarketa prozesu batean sartu gara hainbat sortzaile, eta gaiak ertz asko dituela ikusten ari gara.