Berria.info

Osteguna, 2010ko martxoak 11 -

2010-02-09

Euskal Herria New Yorketik gertuago

AEBetara emigratu zuten euskal herritarrei eta Euskal Herriari buruzko erakusketa jarri dute New Yorken

Nagore Rodriguez.

Donostia

XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran asko izan ziren sorterria utzi eta AEBetara joan ziren euskal herritarrak. Orain, haien kultura eta herria ezagutarazi nahi dizkiete estatubatuarrei, New Yorkeko Askatasunaren Estatuaren ondoko Ellis Island irla txikian jarri duten Hidden in Plain Sight: the basques (Begi bistan ezkutatuta: euskaldunak) erakusketarekin.

«Euskal herritar horiek denek Estatu Batuetako gizarteari egin dioten ekarpena erakutsi nahi dugu», azaldu du Guillermo Etxenike Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak. Haren ustez, «euskaldunak benetan zer garen erakusteko aukera aparta da erakusketa: langileak, borrokalari nekaezinak, toleranteak eta munduari irekiak».

Maiatzaren 9ra bitarte egongo da zabalik erakusketa, eta bisitariek euskal herritar horiek euren lurraldea uzteko izan zituzten arrazoiak ezagutu ahal izango dituzte, eta baita Euskal Herria eta euskara bera ere. 300.000 bisitari espero dituzte. Garai batean etorkinen kontrolgune garrantzitsuena izan zen eraikina. 1990ean, ordea, berritu eta museo gisa zabaldu zuten.

Sei aretotan hainbat material pilatu dute: argazki zaharretatik hasi eta ikus-entzunezko materialetara. Hala, emigratzaileek eurekin eraman zituzten objektuak ikus daitezke, eta baita euskal artearen zenbait pieza ere.

Testu idatziak ere topa daitezke, bai historiaren ingurukoak, eta baita euskal kulturari buruzkoak ere. Haurrentzako gune interaktiboa ere prestatu dute, eta euskara ezagutzen ez dutenek hizkuntzara hurbiltzeko parada izango dute.

Emigratzaile haien mundua hobeto ezagutarazteko hainbat argazki jarri dituzte: baserriak, mendiko paisaiak, kosta, industria eta Euskal Herriko elizak erakusten dituzte. Eta gaur egungo Euskal Herria islatzeko, besteak beste, Guggenheim museoaren, Txillidaren eta surfaren argazkiak daude.

Euskal aztarnak AEBetan

Euskal Herria ezagutaraztearekin batera, AEBetan bertan euskal kulturari erreferentzia egiten dioten frontoi, hotel eta jatetxeen argazkiak ere badaude.

Maiatzera arte, Ellis Islanden egongo da erakusketa, eta ondoren, Boisera eramango dute, hain zuzen ere Jaialdi ospakizunarekin bat egiteko. Bost urtean behin egiten den euskal jaialdi erraldoia da, eta aurten uztailaren 28tik abuztuaren 1era bitartean izango da.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia