Berria.info

Ostirala, 2010ko martxoak 19 -

2010-02-09

Lotsagarria

Kritika

Musika

Pragako opera txekiarra

Obra: Holandar alderraia. Musika zuzendaria: Norbert Baxa. Eszena zuzendaria: Martin Otava. Abeslariak: Richard Haan, Monna Somm, Jose Montero eta Vera Pachova. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Otsailak 6.

Arkaitz Mendoza



Azken urteotan Donostialdean bizi izan dugun porrotik galantena izan da txekiar hauen ikuskizuna. Penagarria, lotsagarria, hanka-sartzeak milaka, iraingarria musika zaletuontzat. Wagnerren opera bat egitaratu eta honelako emanaldi zakar bat kontratatzea onartezina da. Kultura indarberritzen ari baikara, zaborrak ez du mesederik egiten gizartearen kultur hezkuntzan, agintariek xehetasunak emango beharko lituzkete.

Ahots bakarlarietan ez zen inor gainditzerainoko esparrura iritsi, ahots traketsak, indarkeriaz landuak, garratzak, aria bakoitzean amaierako agudo biribilean zatar eta eszena mugimenduetan astun. Montero tenorraren bigarren ekitaldiko aria entzungarria izan zen, baina beste oro ezertxo ere ez. Wagnerren opera musikan abesbatzen garrantzia aipagarria izan da beti, honakoan lagun talde inozo bat azaldu ziguten: gizonezkoak basati, ezin partituraren irizpideak jarraitu; emakumeak, aldiz, taldekako eszena dantzan alferregi, baten bat lurrera eroriz, koordinaketa arazoak ugari eta kantatze eran egonkortasun barik.

Orkestra kideak kopuru aldetik askotxo izan genituen antzokiaren espazio mugatua kontuan izanik, baina egitekoak gorabehera pila jasan zituen. Izaera apalegia zuen zuzendariak ez zituen musika ñabardurak landu, amaigabetzat defini genezakeen musikarien interpretazioa. Haize metala iluna, distiragabekoa, biolin eta biolontxeloak zintzilik uneoro eta perkusioaren erritmoa dinbili-danbala zorabiagarrian. Gure artean ekoizten diren musika produkzioek askotan sekulako kritikak jasaten dituzte; aldiz, atzerritik datozenak bikainak direlako ustean mantentzen dira. Burutapen hau amaitu egin da jaun-andreok, hanka-sartze ikaragarriko ikuskizun tamalgarri hau kontratatu dutenek aurpegia eman beharko lukete eta argibideak azaldu. Lotsagarri!

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia