Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:22

KULTURA;2010-02-09;Elkartasuna ihesbide. Bigarren Mundu Gerran naziek okupatutako lurretan eroritako pilotu ugariri ihesean lagundu zien Comete sareak; euskal herritarren parte-hartzea jasoko du amaitzear den 'Azken urratsa' filmak.

Bigarren Mundu Gerran naziek okupatutako lurretan eroritako pilotu ugariri ihesean lagundu zien Comete sareak; euskal herritarren parte-hartzea jasoko du amaitzear den 'Azken urratsa' filmak.

Elkartasuna ihesbide

Ainhoa Sarasola.

Lasarte-Oria

Urruñako Bidegainberri baserrian bildu dira sei lagun: etxeko nagusia eta morroia, hiru pilotu, eta Andree de Jongh Comete sareko kidea. Ez dute denek elkar ezagutzen, baina xede argi batek elkartu ditu: pilotuek Bidasoaren muga igaro eta Hego Euskal Herrira iritsi ahal izatea. Ez dute helburua lortuko, naziek atxilotuko baitituzte. Beste ehunka lagunen kasuan, ordea, ongi atera zen Comete sareko kideek lagundutako ihesaldia. Duela ia 70 urte gertatutako istorio hori du abiapuntu Azken urratsa dokumentalak. Sei lagunen istorioen hariari tiraka, Bigarren Mundu Gerran ehunka gizon-emakumek osatutako elkartasun eta ihesbide sarearen historia kontatzen du Moztu Filmak amaitzear duen dokumentalak.

Pasarte hori abiaburu gisa aukeratu izanak Comete sarearen historia kronologikoki ez kontatzeko aukera eman die egileei. Eta baita ikuspuntu guztietatik kontatzeko aukera ere, Iurre Telleria zuzendariaren hitzetan. «Andree de Jongh izan zen sarearen sortzailea, eta belgikarren rola eta sarearen sorrera kontatzeko aukera ematen digu; etxeko nagusiak eta gerra zibiletik errefuxiatutako morroiak, hemengoen parte-hartzea; eta hiru pilotuek, hegazkinlariena». Horiek dira, hain zuzen, filmaren hiru ardatzak eta istorioko protagonista nagusiak.

Naziek okupatutako lurretan eroritako pilotu aliatuak jaso eta ihes egiten laguntzea zen 1941ean sortutako Comete sarearen zeregin nagusia. Frantzian, Herbehereetan edo Belgikan naziek lurrera botatako hegazkinetako pilotuak teorian neutrala zen frankismo garaiko Bidasoaren hegoaldera eramaten zituzten, eta Gibraltarrera nahiz Afrika iparraldera, handik Londresera itzul zitezen, zerbitzu sekretuen laguntzaz. Nazien esku eroriz gero, gerrako preso bihurtuko ziren, edo hilko zituzten bestela.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga baliatzen zuten ihesbide horretan. Beraz, sare horretako kideen artean euskal herritarrak egon izana ez da harritzekoa. Ordea, beste herrialdeotan ez bezala, Euskal Herrian orain gutxira arte ez da ezaguna izan sarearen historia. Florentino Goikoetxea mugalari hernaniarraren berri izatean sortu zitzaien dokumentala egiteko ideia. «Lankidea [Enara Goikoetxea zuzendari albokoa] eta biok hernaniarrak gara, baina haren istorioa ez genuen ezagutzen, eta harritu ginen. Are gehiago kanpotarrak elkarrizketatzean -ingelesak, belgikarrak edo frantsesak-, denek hari buruz hitz egiten zigutelako izugarrizko miresmenez». 2005ean pixkanaka ekin zioten sarearen inguruan ikertzeari Moztu Filmak-eko kideek. «Pixkanaka hasi ginen irakurtzen, jendea ezagutzen, elkarrizketak egiten... eta mundu bat ireki zen».

Dokumentazio lan handia

Sarean parte hartu zuten euskal herritarren inguruko informazio askorik ez zegoela dio Telleriak. «Ez da gaia gehiegi aipatu, nire ustez, alde batetik, hemengo jendearen izaeragatik, eta, bestetik, frankismoak denbora piloan iraun zuelako». Frankismoa bukatzerako, sarean ibilitako jendea oso heldua zen, eta gazteek ezer gutxi zekiten hari buruz. «Ez zen asko hitz egin, asko gerra zibileko errefuxiatuak zirelako, eta parte hartu zuen alde honetako jende gehiena ere kontrabandoan zebilelako. Eta bestalde, jende askok ere ez diolako baliorik eman bere garaian egin zuenari». Beste herrialdeetan ez bezala, duela gutxira arte ez zaie aitortza edo omenaldirik egin -orain urte gutxi hasi ziren biltzen Euskal Herrian, Ziburutik (Lapurdi) Oiartzunera (Gipuzkoa) martxa egiteko-.

Aldiz, Belgikan eta Erresuma Batuan urtero biltzen dira pilotu, sarean ibilitakoak eta senideak, elkarteak osatu baitzituzten. Hitz egin eta idatzi ere askoz ere gehiago egin da herrialdeotan. Hala, Erresuma Batura eta Belgikara jo zuten dokumentazio lana egitera, bertako artxiboetan ikertzeko ez ezik, pilotuekin, sarean ibilitakoekin nahiz haien senideekin hitz egiteko. «Erresuma Batua, Belgika, Frantzia eta Iparraldean dokumentazio lan handia egin dugu grabatzen hasi aurretik». Dokumentala egiteko elkarteotatik jasotako laguntza izugarria izan dela dio Telleriak. Hainbat historialariren laguntza eta aholkularitza ere jaso dute, tartean, Juan Carlos Jimenez de Aberasturirena.

Udazkenerako ikusgai

Belgikarekin eta Frantziarekin koprodukzioa lortuta, hainbat diru laguntza eskuratuta, eta gidoia prestatuta, grabatzeari ekin zioten Moztu Filmak-eko kideek. Lehenago, dirua lortu ahala, tarteka aritu ziren grabazioak egiten. Garai hura bizi izandako jendea elkarrizketatzea jarri zuten lehentasuntzat, adinekoak baitira denak. Gerora ekin diote dramatizazioak grabatzeari. Egunotan zeregin horretan aritu dira Lesakan (Nafarroa), Hondarribian, Aiako Harrietan (Gipuzkoa), Baionan eta Hendaian (Lapurdi). Hala, batez ere, elkarrizketak, egungo bilkuretako irudiak, garaiko irudiak, argazkiak eta dramatizazioak bildu dituzte dokumentalean.

Udarako lana bukatu, eta udazken aldera dokumentala zinema jaialdietara eta aretoetara eramatea da Moztu Filmak-en asmoa. Horren osterako, berriz, telebistarako bertsioa ere prestatzen ari dira.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia