Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:20

KULTURA;2010-02-09;«Sentiberatasun kolpe bat eman nahi dut». Alberto Schommer argazkilariari eskainiriko lehen atzera begirako erakusketa inauguratu du Bilboko Arte Eder museoak Lan dokumentalak eta esperimentalak bildu dituzte, kaskografia bolumetrikoak barne

«Sentiberatasun kolpe bat eman nahi dut»

Alberto Schommer argazkilariari eskainiriko lehen atzera begirako erakusketa inauguratu du Bilboko Arte Eder museoak

Lan dokumentalak eta esperimentalak bildu dituzte, kaskografia bolumetrikoak barne

Irune Berro.

Bilbo

«Artea ez dago munduan gertatzen diren gauzetatik aparte», Alberto Schommerren arabera (Gasteiz, 1928). «Horregatik, min egiten didate zenbait gertakarik. Gauzak bestela joatea beharko nuke. Eta bestela joango balira, artea bera ere oso bestela joango litzateke». Argazkilari beterano eta ospetsuak Bilbon egin zituen hitzok atzo. Schommerren obraren atzera begirako erakusketa inauguratu zuen Arte Eder museoak, eta agerraldia mundua gobernatzen dutenei «ohartarazte oihu bat» egiteko baliatu zuen artistak: «bil zaitezte, eta lan egin ezazue elkarrekin. Hala behar du munduak».

Lehen urteak pinturaren eraginpean eginagatik ibilbide luzea urratu du Schommerrek argazkilaritzan, eta obra joria ondu, artistikoa, ausarta eta berritzailea. 60 liburu argitaratu ditu. Alabaina, argazkilari gehientsuenek ez bezala, ez dio gizartearen alde ilunari erreparatu. «Gizadiaren alde positiboari heldu dio, argazkilaritzaren bidez bizitzaren aldeko kantua osatuz», ziurtatu du Alejandro Castellotek, Schommerren erakusketako komisarioak.

Schommerrek berak argi dauka: «Sentiberatasun kolpe bat eman nahi dut, kolpe kreatibo kulturala, kolpe kreatibo ekonomikoa, kolpe kreatibo europarra, kolpe kreatibo estatubatuarra». Bizitzari ikuskera baikorrarekin lotu arren, nazioarteko herrien arteko harreman zailen berri badu argazkilariak.

Eta 81 urte izanagatik Txina, Mali eta Brasiliara bidaiatzea gustatuko litzaioke. «Orain artean landu ez dudan beste argazkilaritza mota bat egin, eta Asiako herrialdea erretratatzea gustatuko litzaidake. Baita Brasilia ere, hiri aproposa baita hirigintza eta giza ezaugarriak aztertzeko». «Afrika beltzak» atentzioa ematen dio, orobat. «Malik lanen bat egitea mereziko luke».

Nekaezina da Schommer, geldiezina. Grina itzela du lanerako. Dioenez, Irving Penn argazkilari estatubatuarrari zor dio argazkilaritzan hasi izana. «Hark ireki zizkidan begiak». Izan ere, hasiera batean pinturan eta arkitekturan hasi zen. Noski, aita zuenak, Albrecht Schommer Koch argazkilari sonatuak ere izan zuen eraginik hautu horretan. Etxeko babesa sentiturik egin zituen argazkilaritza ikasketak Hanburgon (Alemania), 1952an.

«Argazkilaritzan, eman nezakeen guztia eman dut», dio zintzotasunez. Ehun bat obra bildu dituzte Bilboko erakusketan, hiru ataletan bereizita. Lehen atalean, hasierako lanak jarri dituzte ikusgai, batik bat Gasteizen eginiko argazkiak. Parisen Balentziagarentzat moda desfileetan lan egin ostean itzuli zen sorterrira, aitak hala eskatuta.

Urte haietako argazkiak esperimentalak bainoago dokumentalak dira. Umeak ageri dira haietako askotan, baina ez dira erretratu finkoak. Aitzitik, mugimendua dute, irudi biziak dira.

Bigarren atalean, paisaiak eta hiriak ikus daitezke. Tamaina handiko lanak dira, zuri-beltzak gehienak, baina badago koloretan eginiko bakarren bat ere. 60ko hamarkadako lanak dira. Orduan baztertu zuen betiko pintura. Eta lehen enkarguak onartu zituen. 1965ean lantegia ireki zuen Madrilen, eta Espainiako zenbait hiritan lehen erakusketa arrakastatsuak egin zituen. Espainian bizi bazen ere, Arabako artistek osaturiko Orain taldearen sustatzaileetako bat izan zen Schommer.

Erretratu psikologikoak

Bidaia ugari egina da, Bilboko erakusketan nabarmena denez. Bigarren ataleko lanak hainbat herritan eginiko argazkiak dira, mendi aldeko zein hiri inguruetako paisaiak. «Argazki horiek hiri garaikideen ehundura guztiak erakusten dituzte», Castelloteren arabera; «XIX. mendeko begirada gainditzen dute, eta kaos eta interferentzien mundua ere agertzen dute, edertasunarekin batera». Argazkilariaren borondatea ikuslearekin komunikazioa lortzea dela uste du Castellotek. Eta Schommerrek hala dela baieztatu du: «zerbait eraikitzea da nire helburua, eta horretarako zenbait gauza suntsitzen ditut, eta beste batzuk sortu. Pertsonen eta eraikinen zirrikituak bilatzen ditut, betiere komunikazioa lortzeko asmoz. Aurrena neure buruarekin; eta ondoren, gainerakoekin».

Erakusketako bigarren atalean, halaber, pertsonaia ezagunei eginiko erretratuak jarri dituzte: besteak beste, Rafael Albertiri, Gabriel Celayari, Carlos Saurari, Eduardo Txillidari, Salvador Daliri eta Andy Warholi ateratako argazki bereziak. Indar iradokitzaile handiko obrak dira, erretratu psikologikoak. Oihartzun handia izan zuten Schommerren obra horiek 70eko eta 80ko hamarkadetan. Politikariei ere egin zizkien erretratuak, eszenak teatralizatuz sarri askotan. Ironia baliatuta frankismoaren aurkako ikur bilakatu ziren irudiak sortu zituen, zenbait kazetarentzat.

Erakusketako bigarren atalean, gainera, Herri baten oihua saileko lan dokumental eta artistikoak paratu dituzte, 1978an Gipuzkoan eginikoak.

Menderatzen zuen horretan lan egitea baino, ezezaguna zitzaiona ikertzea nahiago izan du Schommerrek. Hala, argazkilaritzaren mugan lan egin du berriz eta askotan. Irrika horri segika sortu zituen lehen kaskografiak. Argazki bolumetrikoak dira, hiru dimentsiokoak. Erakusketako hirugarren eta azken atalean, horrenbestez, haren lan esperimentalenak paratu dituzte. Schommerrek berak asmaturiko teknika da kaskografia. Papera zimurtu egiten du, bolumena emanez, eta eskultura modukoak sortuz. 2008an egindako bilduma batekin batera, giza gorputza ardatz duten erretratu zuri-beltzak, ia abstraktuak, bildu dituzte esperimentazioari eskainitako tartean.

Argazkilaritza are berritzearen aldekoa da Schommer, 55 urtez lan eskerga egin ostean. «Etorkizunean sinesten dut, argazkilaritza berritzeko sortutako bitartekoetan, zoragarriak dira». Alde horretatik, argazkilaritza artearen etorkizuna dela sinetsita dago, nahiz eta esparru horretako egileen artean «nahasmena» antzematen duen. «Alemaniako argazkilariak ikusten ditut ondoen; sutsu ari dira lanean etorkizuneko ildoak lantzen, beste diziplinetatik berez bereiziko den diziplina jorratzen».

Nazioarteko museo askotan erakutsi ditu obrak Schommerrek, hala nola Parisko Pompidoun eta Madrilgo Reina Sofian. Sari andana irabazia da. Espainiako Gobernuak Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina eman zion iaz.

 


ERAKUSKETA

Izena: 'Alberto Schommer. Atzera begirakoa, 1952-2009'.

Lekua: Arte Eder museoa.

Noiz arte: Maiatzaren 16a arte.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia