Ander Iturriotz da Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari berria
Suarez, Txarterina, Apaolaza, Valois, Jimenez Maia eta Frierak osatuko dute Zuzendaritza Batzordea
Juan Luis Zabala.
Ander Iturriotz (Ordizia, Gipuzkoa, 1961) izendatu zuten atzo EIE Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari, Irurtzunen (Nafarroa) egindako batzar nagusian. Fito Rodriguezen lekukoa hartuko du Iturriotzek karguan, eta berarekin batera beste sei idazlek osatuko dute EIEren Zuzendaritza Batzordea: Castillo Suarez, Aitor Txarterina, Juan Mari Apaolaza, Carmen Valois, Josu Jimenez Maia eta Iñaki Frierak; aurreneko biak Zuzendaritza Batzordeko kide ziren lehendik, besteak atzo aukeratu zituzten kargurako.
Fito Rodriguezek kargua uztea erabakia zuen, eta Iturriotz izan zen hautagai bakarra atzoko bozketan. Gehiengo osoz eskuratu zuen kargua.
Horretaz gain, iazko kontuak eta jarduerak onartu zituen atzoko batzar nagusian EIEk, baita aurtengo egitasmoak ere.
Arazo ekonomiko handiak ditu EIEk gaur egun. 2010erako aurrekontua 400.000 euro ingurukoa da, 2008koa baino 200.000 euro inguru gutxiagokoa. Autofinantzaketarako bidean saiatzeko asmoa du elkarteak aurrera begira.
Asel Luzarragaren alde
Asel Luzarraga Txilen atxilotutako euskal idazlearen inguruko kezka agertzea eta haren errugabetasunaren aldeko aldarria egitea era onartu zuen EIEk atzoko batzarrean.
Ander Iturriotz Lauzirika, EIEko lehendakari berria, soziologian doktorea eta EHUko irakaslea da. Bost liburu idatzi ditu: Burundak (ele laburrak), Goierri I. Berrogeita hiru heiagora eta Goierri II. Odolezko oskaisto denero, narratibaren arloan, Haranburu argitaletxeak 80ko hamarkadan argitaratuak hirurak; Mugaren ariketa (Elkar), poesiarenean; eta Boterea gizarte homerikoan (Utriusque Vasconiae, 2002) saiakera. Hedabide askotan kolaboratu du, artikuluak idazten eta iritzia ematen.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
