Orain arte taxilari lanetan aritzen zenak erretiroa hartu, eta gidari berria daukate urtarrilaz geroztik Etxarri Aranatz inguruan lanean: Oscar Lasa pilotaria.
Pilotari eta pilotu
Iñigo Astiz.
Etxarri AranatzAutoaren bolantean ditu eskuak Oscar Lasak, eta esku sendo horiei begiratuta, argi ikus liteke zein izan den bere lanbidea hamasei urtez: pilotari profesionalarena. Hilabete da, ordea, taxilari ere badela, eta pilotari eta pilotu da, beraz, Lasa egun. Herriko taxilaria jubilatu, eta berak hartu du haren lekukoa. «Pilota bukatu egiten da», dio Lasak. «Hamasei urtez aritu naiz profesionaletan, eta suerte handia izan da hori. Esan dudan bezala, bukatu egin da hori, ordea, eta, hain zuzen ere, hemengo taxilariarentzat taxia bukatu den garai berean bukatu da. Bere lana nik hartuko ote nukeen galdetu zidan, eta baietz erantzun nion nik. Beti gustatu zait gidatzea, eta gustura nabil orain ere».
Lasak dioenez, gainera, itxura batean dirudiena baino hurbilago daude elkarrengandik pilotari eta gidari lanak. «Bolantea eta abiadura aldagailuaren palanka beti erabili izan ditut masaje modukoak egiteko. Partidan jipoi ederra hartuta, eskuak guztiz minduta izan, eta etxera bidean joatean, gustura baino gusturago hartzen dira bolantea eta aldagailuaren palanka. Masaje baten gisa».
Pilotari izanik ere, pilotu ere izan da maiz Lasa. «Pilota zela eta, beti tokatu zait asko gidatzea. 45.000 edo 50.000 bat kilometro egiten nituen urtero. Entrenamenduak zirela, partidak zirela... beti ibiltzen nintzen autoan». Ezberdina da, ordea, gidari aritzea eta gidari izatea, eta, dioenez, airean dabil oraindik Lasa bere lan berrian. Autoari neurria hartzen, eta lan berrira guztiz ohitu gabe. «Lotsa ere izaten dut batzuetan kobratzeko tenorean», dio Lasak. «Taximetroak markatzen duena markatzen du, ordea. Horiek dira ezartzen dizkiguten prezioak, eta hori da kobratu beharrekoa».
Dioenez, herritarrek ongi hartu dute gidari aldaketa. «Kalean denek galdetzen didate ea hasi naizen, eta zer moduz nabilen. Arraroa da pilotari bat taxi gidari ikustea, eta kuriositatea pizten die». Ez omen da, halere, pilotu lanetan dabilen lehen pilotaria. Bi, behintzat, ezagutzen ditu Lasak. Iruñean, bata, eta Bizkaian, bestea.
Harritu egiten omen da jendea, halere, taxira sartu eta bera ikustean. Hala pasatu zitzaion egin zuen lehen bidaian ere. «Legazpiko mutil baten bila joan nintzen autoa matxuratu zitzaiolako. Sartu eta berehala ezagutu ninduen. Esan zidanez, egunkarietan irakurri omen zuen taxilari hastekotan nintzela. 'Nire lehen bidaiaria zu zara, bada!, esan nion».
Pilotu lanetan ere pilotari
Pilotaria da Lasa pilotu lanetan ere. Bezeroekin dituen elkarrizketak dira horren erakuslerik argienak. «Jendeak ni ikusi, eta pilotaz hasten da gehienetan», dio Lasak, «normala da, eta niri ez zait batere inporta». Orain gutxira arte bere kide eta lehiakide izandakoez galdetzen diote askok, eta binakako txapelketa da azkenaldian gairik ohikoena. Taxiko irratian ere denetarik entzuten duen arren pilota albisteak hurbiletik segitzen dituela aitortu du Lasak.
Irakasle ere badabil Etxarri Aranazko pilota eskolan Aitor Zubietarekin batera. Egunero aritzen da pilotan orain ere, eta Garfe izeneko enpresarekin dabil orain. «Lehen baino lasaiago, halere», dio. «Ilusioa badut oraindik, ongi nabil eskuz, baita gorputzez ere, eta, aurten behintzat, jarraitzeko asmoa dut. Hori da nire asmoa oraingoz, bietan aritzea. Taxilari eta pilotari. Ikusiko dugu hurrengo urtean zer egin».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
