Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:18

KULTURA;2010-02-03;EHUk Veleiaren zuzendaritza har ez dezan errekurtsoa jarri du Lurmenek epaitegian. Eliseo Gilek zuzentzen zuen enpresako peritu kaligrafoak dokumentu grafikoak eskuratu ahal izatea eskatu dute

EHUk Veleiaren zuzendaritza har ez dezan errekurtsoa jarri du Lurmenek epaitegian

Eliseo Gilek zuzentzen zuen enpresako peritu kaligrafoak dokumentu grafikoak eskuratu ahal izatea eskatu dute

Erredakzioa.

Gasteiz

Gasteizko lehen instrukzio epaitegian errekurtsoa jarri zuen herenegun Eliseo Gilek Lurmen enpresaren izenean, Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Iruña-Veleiako aztarnategiaren zuzendaritzaz duten akordioa judizialki geldiaraz dadin, auzian «alderdi interesdunaren» peritu eta lekuko izan delako EHU.

Iragan azaroaren 5ean sinatu zuten EHUko eta Diputazioko ordezkariek lankidetza akordioa, eta, horren arabera, Julio Nuñez Arkeologia saileko irakaslea izango da aztarnategiaren zuzendaria datozen hamar urteetan. Horren aurretik, Diputazioak Lurmen enpresa auzitara eraman zuen Veleiako hainbat ostraken benetakotasunaren gainean sortu ziren zalantzengatik, eta, besteak beste, Eliseo Gil zuzendaritzatik kendu zuen eta bere kontrako auzibidea hasi zuen.

EHUko Arkeologia eta Hizkuntzalaritza sailetako hainbat irakaslek peritu lanak egin dituzte ostraken benetakotasun edo faltsutzearen auzian, eta lekuko gisa ere deklaratu dute. Eta orain unibertsitateak aztarnategiaren zuzendaritza hartuko balu «instrukzioaren eta ikerketaren norabidea nahierara alda lezakeela» susmatzen du Lurmenek, Idoia Filloy aztarnategiaren zuzendarikide ohiak ohar bidez jakinarazi duenez. Errekurtso horren bidez, halaber, EHUkoek grafitoak kontrol judizialik gabe eskura edukitzea saihestu nahi du Lurmenek.

Diputazioak eta EHUk gaur aurkeztu behar dituzte prentsaren aurrean bi instituzioen lankidetza hitzarmenari buruzko xehetasunak.

Errekurtsoaz gain, bi eskari aurkeztu zituen herenegun epaitegian aztarnategiaren zuzendaritza ohiak. Batetik, Lurmeneko peritu kaligrafoak dokumentazio grafikoa edo fisikoa eskuratu ahal izatea, Diputazioak aukeratu dituen kaligrafoek eskuratu ahal izan duten bezala. Oraingoz, Gilen taldearen kaligrafoak ezin izan du eskaturiko dokumentazioa eskuratu, Filloyren arabera. Diputazioaren eskariz egindako txosten kaligrafikoen arabera, Lurmen enpresako kideek eginiko hainbat marrazkiren egilearen eskua dago ustez faltsuturiko ostraketako idazkunen atzean. Lurmenek jakinarazi duenez, ezin izan dute oraindik eskuratu Diputazioak kontrataturiko kaligrafoek eginiko bigarren txostena .

Lurmenek, bestetik, epaitegietan eskatu du hirugarren parte neutral batek gordetzea Lurmeni kenduriko dokumentazioa eta material arkeologikoa, «ez dadin egon auzibidean alde interesdunetako baten esku».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia