'Quosque tandem...!'-en seigarren edizioa kaleratu du Pamiela argitaletxeak
Oteizaren libururik ezagunena oraindik ere gaurkotasun handikoa dela dio Iñaki Arzoz artistak
Iñigo Astiz.
Iruñea«Gehiegikerietan erortzeko beldurrik gabe esan daiteke Quousque tandem...! gure modernitate kulturaren motorea izan zela; hura gabe ez litzateke euskal kultura modernorik izango». Hala azaldu zuen atzo Iñaki Arzoz artistak Jorge Oteizaren liburu ezaguna. Haren seigarren edizioa plazaratu berri du Pamielak, eta aurkezpen ekitaldian esandakoak dira hitz horiek. «Seigarren edizio hau denona da, gure garaikoa. Ez dugu ehortzi, ez eta omendu nahi ere, irakurri egin nahi dugu eta gozatu, kritikatu eta eztabaidatu».
Oteizak berak prestatu eta zuzendu zuen bosgarren edizioaren berdina da seigarren edizioa. Idazleak eskuz idatzitako zuzenketa berdinekin, haren zehaztapenei jarraituta egindakoa, eta autoreak edizio hartarako idatzitako hitzaurre etsi eta nahasi berarekin: «Esan dudanez ez dut liburu honetaz hitz egiteko asmorik, jadanik ez dit balio, nitaz aritu behar nintzela esan dizuet, ni ere agortuta nago».
Oraindik klasiko bihurtzeari uko eginez, gaurkotasun handiko liburua dela uste du Arzozek, baita lehenengoz argitaratu eta 47 urte pasatu direnean ere. «Oteizaren begirada eta esperientzia erabat sakona delako gertatzen da hori. Sustrai kultural eta espiritualetatik abiatzen delako».
«Euskal biblia». Arzozek gogoratu duenez, hala deitzen zuen Mikel Laboak Oteizaren liburua. «Bat nator horrekin, baina edozein bibliarekin gertatzen denez, honekin ere interpretatzaile ortodoxoak izan gaitezke, heterodoxo protestanteak edo baita ateoak ere. Argi dagoena da ukatu, interpretatu edo dekonstruitzeko irakurri egin behar den liburua dela».
«60ko hamarkadan gaurko begia ekartzea» izan zen, Jose Angel Irigarai idazlearen hitzetan, Oteizaren lorpenik handiena. «Euskal antzerkigintza eta bertsolaritza zaharretan oso modernoa zen zerbait bazegoela erakutsi zuen».
Liburuaren aldeko aldarria
Liburuaren aldeko aldarria da seigarren edizioa bosgarrenaren berdina izatea, Arzozen hitzetan, oraindik indarrean dela erakusten baitu. Oteizaren zehaztapenak jarraitzea garrantzitsua izan arren, ez dela erraza dio Txema Aranaz Pamielako kideak. «Iraultza batek gertatu beharko luke liburugintzan, Oteizarekin eta haren espazioen ulermenarekin fidel jokatu ahal izateko».
Pilar Oteiza artistaren iloba eta oinordekoak Oteizak Quousque tandem...! idatzi zueneko garaian idatzitako hitzak gogorarazi ditu. «Ez berehala, baina ulertu egin nuen eskultura bukatzen ari zitzaidala, baina bizitza estreinatu». Hizkuntza eskultorikoaren zikloa bukatutzat eman, eta idazketarekin hasi zen Oteiza sasoi hartan.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
