Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:16

KULTURA;2010-01-24;LITERATURA. Hirudia. Sortzaileak sinbolo

Hirudia

Iratxe Retolaza. - Literatur kritikaria

Sortzaileak sinbolo

Euskarriak ez du berez literatura testuaren erabilera halakoa izatera mugatzen. Euskarriak ez du berez literatura testuaren edukia mugatzen. Jakina, euskarriaren arabera adierazpideak moldatu beharko dira irudikatu edo adierazi nahi den hori esateko, baina euskarri digitalean literatura testuak hedatzeak ez du zertan ekarri idazle mediatikoen ugaltzeak. Nire iritziz, literatura testu horien inguruko ikuspegi merkantilistak bultzarazi ditu jarrera mediatiko zenbait, eta ez aro digitalaren zabaltzeak. Ziur asko jada nagusituriko ikuspegi horrek hartuko du indarra aro digitalean, baina euskarri digitalak ere beste bide zenbait zabaltzeko aukera ekarri du. Aukera eta bide berri horien adibide, Galizia aldean sortu duten Estaleiro Editora proiektua (www.estaleiroeditora.org), Mexiko aldeko La Tortillería proiektua (http://tortilleria.vientos.info) eta Espainiako Estatuko 23 pandoras proiektua (http://23pandoras.blogspot.com). Molde eta helburu oso ezberdineko hiru proiektu, baina hirurek kulturaren ikuspegi merkantilistari aurre egiteko helburuari lotuak.

Idazle mediatikoen nagusigoak, bestalde, literatur jarduna hedatzeko, biziarazteko eta geureganatzeko bide zenbait abiatu ditu. Literatur testuaren irakurketa bainoago, presentzia literarioak dira nagusi, eta presentzia literario horien hartzaileak dira nagusi, eta ez literatur testuen hartzaileak. Esaterako, literaturaren inguruko eztabaidarik gehientsuenak idazleen elkarrizketen, idazleek idatziriko iritzi-zutabeen eta idazleen jarreren ingurukoak dira, eta ez literatur testuen ingurukoak. Hedabideetan (izan paperezkoetan, izan digitaletan) presentzia literario horiek hedatzen dira (idazleen irudiak, idazleen adierazpenak, idazleen posizioak...), eta ez literatur testuen inguruko irakurketak edo gogoetak.

Literatura testu idatzi bat biziarazteko eta iraunarazteko ezinbestekoa da irakurketa-ekintza, eta gaurkotze horiek iraunaraziko, berrasmatuko eta biziaraziko dute literatur testu hori, eta irakurketa-ekintza horiek sorraraziko dute irakurle komunitatea. Sortzaileak sinbolo bihurtzeko joera hedatua dago gure artean, baina literatur testuetan sorturiko sinboloek edo irudikatzeek oso bide eskasa egiten dute, eta irakurle komunitateak indar gutxi izan du -orain artean behintzat- literatur testuetan garaturiko sinboloak edo irudikatzeak bere egiteko, eta pentsamendura edo irudimen kolektibora hedatzeko. Aro digitalak ez du zertan egoera okertu edo hobetu, euskarri digitalak eta Interneteko sareak nola eta zertarako erabiliko diren ikusi behar.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia