Euskal Herriko 8.000 herri kanta jarriko ditu sarean Eresbilek
Azkueren kantutegia osorik erabiltzeko aukera emango du aurreneko aldiz 'Kantagunea' atariak
Juan Luis Zabala.
Euskal Herriko 8.000tik gora herri kantaren partiturak, hitzak eta doinuak jasoko dituen ataria jarriko du aurten sarean Eresbil musikaren euskal artxiboak, Kantagunea izenarekin. 1950era bitartean argitaratutako euskal kantutegi guztietako materiala bilduko du Kantagunea-k, Jon Baguses Eresbileko zuzendariak azaldu duenez. Horretaz gain, geroztik argitaratu diren kantutegietako herri kanta berriak ere, aurretik inoiz argitaratu gabekoak, jasoko ditu.
«Kantutegi guztiak digitalizatu eta kantutegiaren berezko itxura erakutsiko dugu webguneak», azaldu du Baguesek. «Horretaz gain, partitura guztiak eta kantuen hitzak garbira pasatuta ikusteko eta doinuak entzuteko aukera emango du atari berriak era ordenatuan. Bilaketak kantutegiz kantutegi nahiz kantaz kanta egin ahal izango dira».
Oraindik erabat zehaztu gabe daude Kantagunea-ren zenbait ezaugarri eta xehetasun, baina herri kantak sarean entzungai jartzeko Midi programa erabiltzeko asmoa dute Eresbileko arduradunek. Programa horren bidez ordenagailuak automatikoki irakurtzen ditu partiturak.
Eusko Ikaskuntzaren lankidetza izango du Eresbilek Kantagunea sortu eta abian jartzeko. Gaur egun Eusko Ikaskuntzarena da Interneteko euskal herri kanten kantutegirik osatuena: Euskal Kantutegia ataria. Kantutegien inguruko informazioa eta kantutegiko partiturak garbira pasatuta eskaintzen ditu (www.euskomedia.org/cancionero helbidean).
Liburuki berreskuratuak
Aldundiek 1912an antolatutako lehiaketa irabazi zuen Resurrecion Maria Azkuek, 1915ean, Cancionero popular vasco kantutegiarekin. Aita Donostiaren lana bigarren postuan geratu zen, Azkuerenaren atzetik. Saria irabazi eta gero, Azkuek lau liburukitan eman zuen argitara kantutegia, baina jatorrizko lau liburuki horietako bi galdutzat jotzen ziren duela gutxi Eresbilek berreskuratu zituen arte. Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegian zegoen bata, Lekeitioko Eliza Nagusian bestea.
Kantagunea-k Azkueren lau liburukietako kantu guztien partiturak eta hitzak irakurtzeko eta doinuak entzuteko aukera eskainiko du. Azkueren jatorrizko kantutegia lehen aldiz osorik ikusi eta erabili ahal izango da.
Duela urte batzuk lokalizatu zituzten liburuki galduak Eresbileko arduradunek, baina denbora behar izan da baimenak eskuratu eta eduki guztiak sarean jartzeko.
Iaz sail berria sortu zuen Eresbilek, Dantza Dokumenta, dantzari eskainia. Euskal dantza tradizionalaren inguruko liburuak, partiturak eta grabazioak jasotzen ditu.
Webgunea berritu zuen 2009an Eresbilek (www.eresbil.com helbidean). Eresbilen inguruko informazioa emateaz gain, gaikako hiru web orri hartzen ditu bere baitan: Euskal Herriko musika argitaletxeak (XV. mendea-1950), Euskal Herriko etxe eta zigilu diskografikoak (1898-200) eta Luis de Aranburu (1905-1999). Webguneak 28.000tik gora bisita jaso ditu iazko martxoaz geroztik.
Musikasteren jaialdiaren aurtengo ekitaldian Juan Garcia de Salazar eta Luis de Pablo musikariak omenduko ditu Eresbilek. Maiatzaren 15etik 22ra bitarte egingo da aurtengo ekitaldia, jaialdiaren 38.a. Dantza, opera eta musika banden emanaldiak ere izango dira aurtengo egitarauan.
Beka baten laguntzaz egindako ikerlan baten aurkezpena egiteko asmoa ere badu Eresbilek urtea amaitu baino lehen: Varun de Castro Arrrazolaren Doinuen hitzak, hitzen doinua: abestien hitzek duten azentuaz.
Guztira, 192.000 dokumentu kudeatu ditu Eresbilek 2009an
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
