2010-01-17
Sukalde kantuak
Duela 500 eta 100 urte bitarteko melodia eta letra argitaragabeekin osatu du 'Suitian' estreinako lana Aintzina folk taldeak
Aspaldian gurean bizi den Alan Griffin musikari irlandarra izan da sustatzailea
Gorka Erostarbe.
AstigarragaSukalde txikia da, garai batekoen antza du, baina goxoa da. Mahaiaren gainean tez beteriko pitxerra eta era guztietako opil gozoak. Zail da sinesten nola sar litezkeen lau gizaseme eremu horretan, baina sartzen dira. Ez hori bakarrik. Hor entseatzen dute Aintzina taldeko lau musikariek, beraien instrumentu eta guzti. Alan Griffin musikari irlandarrak Astigarragan (Gipuzkoa) duen etxeko sukaldean biltzen dira. Lehenengo, gosaldu egiten dute. Indarrak biltzeko ezinbesteko baldintza dute. Griffin berak (haize instrumentuak) prestatzen die tea Zigor Sagarnari (ahotsa eta panderoak), Arkaitz Minerri (arrabita, mandolina, biola) eta Juanjo Otxandorenari.
Kantu tradizionalak. Euskal Herrikoak, herrikoiak, bai melodiatan bai letratan. Inoiz argitaragabeak. Horra Aintzina musika talde berriaren funtsa. Horrelakoak dira Suitian estreinako lanean bildu dituen hamabost kantuak. Beste ezaugarri nagusi bat ere gainera dakioke lan horri. Abesti guztiak sukaldearen bebarruan, sukaldearen epelean egositakoak dira. Hortik datorkio izena, «sukaldea izan baita gure suitea», azaldu du Otxandorenak, tea eta croissanta gosaldu berritan. Joxan Goikoetxea musikari eta adiskideak zuzenduriko Aztarna zigiluarekin atera dute lana.
«Etorri nintzanian Prantzien kortetik, ama billatu nuen suitian bakarrik», dio Prantziako anderea kantuko lehen ahapaldiak. Jokin Dorronsorok Zeanurin jasotako letra du kantu horrek. Doinua, berriz, Azkueren kantutegian agertzen da, Baraibarko Francisca Iribarreni jasoa. «Kantu horretan suitian hitza ageri da, eta egoki iruditu zitzaigun diskoaren izenbururako», dio Griffinek. Disko horretako kantu gehienen izaeraren isla da Prantziako andereak dakarrena. «Testu narratiboak dira, istorio bat kontatzen dutenak, gehienak erromantzeak. Gai unibertsalak jorratzen dituzten kantuak dira. Kasu askotan euskal kantuak dira, baina beste herrialde askotakoak izan zitezkeen. Euskal Herriak ia Europa guztiarekin partekatzen baitu abesti narratiboen kultura. Maitasun eta heriotzaren arteko gai garratzak kontatzen dituzte, askotan morbo hutsagatik interesa dutenak», azaldu du Griffinek irribarre bihurria ahoan.
Azkue eta Aita Donostiaren doinutegietatik jasorikoak dira doinurik gehienak, baina ez denak: «Bilaketa lana beste batzuena izan da, guk ez dugu doinurik jaso. Jasota zeuden horietatik hautatu ditugu. Kantutegiak ikertu ditugu», azaldu du Griffinek. Kanturik zaharrenak duela 500 urtekoak dira, eta mende ingurukoa da berriena.
Musika tresna «naturalak»
Alan Griffinen ekinbidez sorturiko egitasmoa da Aintzina. 20 urtetik gora daramatza Euskal Herrian Griffinek: «Literaturagatik etorri nintzen, maitasunarengatik geratu nintzen, eta gero, musikak harrapatu ninduen», dio umorez. Alboka folk taldearen sortzailea izan zen 90eko hamarkadaren erdialdera, eta ordutik lan mardula egindakoa da Irlandako nahiz Euskal Herriko herri doinuen peskizan eta uztarketan.
Euskal kantutegiak arakatzen hasi, «inoiz plazaratu gabeko» kantu pila bat zegoela ohartu eta haiei nolabait irteera eman behar ziela deliberatu zuen: «Kantu horiek Albokan ez zuten lekurik. Garai hartan Irlandako musika jotzen ari nintzen, Juanjo Otxandorenarekin eta Arkaitz Minerrekin batera, eta egitasmoari bueltaka hasi ginen». Kantaria behar zuten, ordea, eta Zigor Sagarnarengana jo zuten: «Kantari handi bat topatu genuen. Nik ez nuen asko ezagutzen Zigor, baina Juanjok bai. Elkarrekin lan egin baitzuten Hiruburu egitasmoan, Joseba Iparragirre trikitilariarekin batera. Zigorren ahotsak konbentzitu gintuen».
Laiotz plaza taldearekin bederatzi urte egin zituen Sagarnak, eta Iparragirrerekin ere aritu zen dantzaldiak eskaintzen. Abesteaz gain, panderoa ere jo du Suitian lanean. Entzun orduko, Natxo de Feliperen oihartzuna dakar bere ahotsak: «Askotan esan didate hori, eta egia da. Ruper Ordorika, Joseba Tapia eta Anje Duhalde izan daitezke beste erreferentzia batzuk. Horiek entzun izan ditut, eta horietara arrimatzen naiz. Inolako ikasketarik ez dut egin, eta ahotsa datorren bezala ateratzen zait». Bai Griffinek bai Otxandorenak uste dute pixkana «bere nortasun» garatzen ari dela Sagarna: «Hurrengo diskoan ez dira hainbeste oihartzun izango», baieztatu du Otxandorenak.
Bizitza osoan izan du folkarekiko interesa Otxandorenak: «Nire lehen taldea folk musikakoa izan zen, institutuan sortua. Gero beste estilo batzuk ere probatu nituen, baina duela hamar bat urte berriro ere folkera itzuli nintzen Albokaren eskutik». Euskal musikaren inguruko interesa piztu zitzaion orduan: «Euskal kantugileak eta taldeak ezagutzen nituen. Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Oskorri... baina ez nion aparteko garrantzirik ematen. Pixkana interesatzen hasi nintzen, baita irlandar musika ere». Egun, Oreka TXen zuzeneko emanaldietan ere aritzen da. Buzukia jo du Aintzinaren lehen diskoan: «Greziar jatorriko tresna da, baina Irlandan ere badago haren aldaera bat, eta hura jo dut».
Eta zer ez duen jo Alan Griffinek: alboka, flauta, klarinetea, boha, kromornoa, musukitarra... haize tresna ia guztiak. Kantuak guztiak elkarrekin jotzen grabatu zituzten: «Konponketaren bat egin dugu gero, baina gehiena modu naturalean grabaturik dago». Aintzinaren bizi filosofiarekin bat dator «natural» jotzearena: «Musika tresnak ere naturalak izatea da gure asmoa. Benetako herri musikaren uretatik edan eta musika hori ezagutzen ez duen jendeari hurbilaraztea da gure asmoa», Griffinen hitzetan. Benetako herri musika zein den galdetuta, haren erantzuna: «Herri musika kantatu bakarrik egiten zuten lehen. Sukaldean kantatzen zuten edo tabernatan, baina ez zuten laguntzarik edo konponketarik behar».
Folkak Euskal Herrian garai hobeak izan dituela jakitun dira, «jakin badakigu». Edonola ere, folk musikarekin aurrera egiteko modua badela sinetsirik daude. Hortik, Aintzina izenarena ere: «Antzina hitzak iraganari egiten dio erreferentzia, baina iparraldean aintzina esaten dute aurrera urrats bat egiteko ere!».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
