KULTURA;2010-01-16;Kritika. Artea. Pintzelkada pertsonaia bihurturik
Pintzelkada pertsonaia bihurturik
Kritika
Artea
Maneras Verticales. Usoa Fullaondo.
Non: Abisal espazioa (Bilbo). Noiz arte: Urtarrilaren 29a arte.
Mikel Onandia
Bilbon, hainbat arte erakusketa ikus daitezke urte osoan, bai Guggenheimen eta Arte Eder Museoan, bai Rekalde Aretoan eta Bilbao Arten, bai bestelako erakusketa areto instituzionaletan eta hirian diren galeria pribatuetan ere. Gune batzuk ezagunagoak dira, eta bertara hurbiltzen diren ikusleak ere, aretoaren edota erakusketaren beraren arabera aldatzen dira. Arte eskaintza horren barnean, bada gune berezi bat publiko orokorraren artean oso ezaguna ez dena: Abisal Espazioa.
Instituzioek inguruko arte gaztea lagundu eta bultzatu behar dute, artea mundu gogorra baita eta ezinbestekoak baitira laguntza publikoak, baina, horretaz gain, oso garrantzitsua da, instituzioen egitura askotan, burokratizatuetatik eta politizatuetatik kanpo dauden -beti hala ez diren arren- espazioen existentzia. Enkontru gune ireki eta parte-hartzailea, onura komertzial asmorik barik, Bilbo inguruan sorkuntza garaikidea bultzatzeko asmoz artista talde batek sorturiko gunea da Abisal, eta bakarra da horretan. Noski, ez du museo arranditsuek duten dotorezia ez zerbitzurik; gainera, tradizioz sozialki bigarren mailakotzat hartu izan den auzo batean kokaturik dago, eta horrek, zoritxarrez, jende askorentzat ikusezin bihurtzen du. Baina bere balio nagusia ez da ikusle kopuru handia, ezta egun erakunde kulturalei eskatzen zaien zeharkako aberastasuna (ekonomikoa) sortzea ere, arte erakusketa eta ekintza programazio autonomoa eta kalitatezkoa gauzatzeko duten aukera baizik.
Urte hasieran, Abisalen, Usoa Fullaondoren (Getxo, 1979) obrak jarri dira ikusgai. Normalean margolari lanetan ibili arren, bestelako lanari ekin dio oraingoan. Azken urteotan ikertzen eta hausnartzen ibili eta bere lanak hainbat lekutan aurkeztu ostean, prozesu guztiaren ondorio antzeko bat agertu digu, Paintbrush Theatre proposamenarekin. Nahiz eta arte garaikidean tamaina handiak eta lan ikusgarriek arrakasta nabarmena izan, Fullaondok objektu txikiagoak landu ditu: orain hamarkada batzuetako elite burgesen jostailuak gogorarazten dizkiguten estetikaz baliatuta, 50 aleko kartoizko antzerki edizio mugatua sortu du -denak bertan egon ez arren-, argibideak dituzten kartoizko ebakigarrietatik abiatuta eskuz muntatuz. Kartoizko antzoki zaharretako agertokiak eta bertako altzariak jatorrizkoen berberak dira, baina, ostera, pertsonaia gizatiarrak beharrean, pintzelkadak, margo arrasto bihurtu dira protagonistak.
Antzezleku txikiez gain, badira marrazki eta collage lanak, denak motibo antzekoekin, 60-70etako horma paperetako estetika jarraituz, hondo estanpatuen gainean kolore eta forma askotako pintzelkadekin, denak ebakigarriak, patroi berekoak, baina guztiak ezberdinak. Bestalde, kartoizko antzeztokietan agertzen diren pintzelkadek bizia hartzen dute aretoan bertan erreproduzitzen den ikus-entzuteko batean: animazio horrek hainbat modutan kokatzen ditu pertsonaiok eszena gainean; sartu eta irten egiten dira; dekoratuak ere aldatuz doaz; hori guztia zinema mutuaren estetikarekin eta musikarekin bildu eta girotu du.
Antzokiak jolasgune dira, beraz, eta artea bera ere joko bat bezala ulertzen du artistak, batez ere sorkuntza prozesuarekin lotuta. Baina agertokiak eta hormetako argazki eta marrazkiak soilik ikusita, ez da lanaren benetako zentzua ulertzen. Gakoa dago erakusketa aretoko horma baten eskegitako testuan.
Izan ere, proposamen hori artistak gauzaturiko ikerketa baten arabera ulertu behar dugu. Sorkuntza artistikoan eta batez ere praktika piktorikoan zoriak daukan garrantzia ari da ikertzen Usoa Fullaondo bere doktorego tesian. Hala, bat-batekotasuna eta automatikoak diruditen keinuak hasiera batean intuitiboak iruditu arren, ez dira halakoak, Fullaondoren ikerketaren arabera. Arte garaikidean hainbatetan goratua izan den automatismoaren atzean (pentsa surrealistengan zein
Action Painting-ean) askotan teknika bat dago, egiteko modu bat, erabaki bat, modu batera edo bestera. Hortaz, Fullaondoren aburuz, prozesu ludikoen sorreran eta egiaztapenean, zoria garrantzitsua da oso, baina hori, modu batera edo bestera, bideratu, kontrolatu egiten da. Hala agertu du bere lanean: pintzelkadek autonomia lortu dute, eta pertsonaia bizidunak bihurtu dira, baina egiaz agertoki batean daude, eta nahi duenak harekin jolas dezake, bere nahierara.
Arte garaikideak ohikoa duen ikusgarritasuna eta handinahikeria alde batera utzita, lan polita eta orijinala egin du Fullaondok, zoriak arte sorkuntzan izan dezakeen garrantziari buruzko gogoeta interesgarria mahai gainean jarriz, eta ikusleari eguneroko bizitzan ere, horrek ezinbesteko presentzia daukan hausnarketa egiteko aukera emanez.