Berria.info

Osteguna, 2010ko martxoak 18 -

2010-01-09

Juan Mari Beltran.

Musikaria eta musika ikertzailea

Euskal kulturari lotutako ikur ezaguna izateaz gain, balio musikal handiko tresna ere badela erakusten du Juan Mari Beltranek 'Txalaparta' liburuan.

«Txalapartari esker ulertu nuen musika jotzea zer den»

Juan Luis Zabala.

Oiartzun

Musika tresna asko dago Juan Mari Beltranek (Donostia, 1947) Oiartzungo Ergoien auzoan duen lantokian, Herri Musikaren Txokoan. Baina tresna guztien artean leku berezia izan du beti txalapartak. Hainbat urtetako lanaren ondoren, Txalaparta (Nerea) kaleratu berri du Beltranek, txalapartaren historia laburbiltzen duen liburua, CD eta DVD banarekin eta argazki ugariz lagundua.

Liburuan diozunez, 60ko hamarkada baino lehenagoko musika ikerlariek ez zioten garrantzi handirik eman txalapartari. Musikarekin baino etnografiarekin lotuago ageri da txalaparta ordura arte.

Lan interesgarrienetako bat Aita Donostiak toberei buruz egindakoa da. Baina 20 orrialde baldin badira, horietatik 19 koplak dira, eta bakarra dago nola jotzen duten eta abar azaltzeko. Aita Donostia, Alan Lomax eta Garcia Matosek ere antzera jokatu zuten. Informazio iturri nagusietako bat Severino Agirre-Miramonek idatzitako orrialde erdia da, eta orrialde erdi hori sagardoari buruzko liburu baten barruan dago.

Zergatik ez zuen txalapartak orduko musika ikerlarien interesa piztu?

Liburuaren 85. orrialdeko argazkian, Lasarteko koroa agertzen da, 1931n, Radio San Sebastian irratiaren lokalean. Saio bat egin zuten eta parte-hartzaileen artean Pello eta Miguel Zuaznabar zeuden, Sausta baserriko anaia txalapartariak. Beraz, irratian jo zuten txalapartariek 36ko gerra baino lehen. Baina txinparta horrek ez zuen surik piztu. 1955eko Zubietako Euskal Jaietan berriro ikusten dira txalapartariak. Argazkilariak ere han ziren, eta horrek erakusten du bere garrantzia eman zitzaiola ekitaldiari eta txalapartari. 1961ean, Imanol Olaizola eta Reyes Korkostegi izan ziren Zubietako Euskal Jaietan, eta Korkostegik esan zion Olaizolari ezin zutela txalaparta galtzen utzi. 1963ko otsailean, Korkostegik eta Olaizolak txotx-afari bat antolatu zuten Martuteneko (Donostia) Bilandegi baserrian, eta han izan ziren, besteak beste, Francisco Escudero, Rafa Ruiz Balerdi eta Bixente Ameztoi. Afari hartakoa da gorde den txalaparta grabazio zaharrena. Jorge Oteiza haserretu egin zen berari ez ziotelako abisatu, grabazioa eskatu zuen eta gero artikulu bat idatzi... Gero Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukerten Pelotari filma etorri zen, JosAnton Artze ere txalapartarekin erabat hunkituta geratu zen... Orduan bai, orduan, gerra aurrean ez bezala, su horrek indarra hartu zuen.

Zergatik lehen ez eta orduan bai?

Ez dakit. Baina horrelaxe gertatu zen. Denok harrapatu gintuen horrek. Beste batzuetan gertatu izan da tresna batek edo musika mota batek batez ere folklorezaleen edo tradiziozaleen zaletasuna piztea. Baina txalapartak denak erakarri zituen, tradiziozaleak bezala abangoardiazaleak.

Txalapartaren suari eutsi dioten hiru baserri aipatzen dira nagusiki liburuan: Martuteneko Bilandegi, Astigarragako Erbetegi-Etxeberri eta Lasarteko Sausta. Jotzeko moduaren aldetik bazen desberdintasunik hiru baserri horien artean?

Bakoitza udalerri batekoa izan arren, hirur baserri horiek bata bestetik oso gertu daude. Eta oinarri bera zuten hiru baserrietako txalapartariek: ttakun ttan ttakun. Hiru baserri horietan berdintsu jotzen zuten, eta pentsa dezakegu txalaparta jotzen zen gainerako baserrietan ere halaxe joko zutela, haiek ere hiru baserri horietakoekin batera jotzen baitzuten.

Txalaparta «ezezaguna izatetik gure herriaren ikur eta sinbolo bat izatera» pasatu dela diozu liburuaren hasieran. Kalterik egin dio aldaketa bortitz horrek txalapartari?

Ez. Txalapartaren kasuan ez da halako kalterik izan. Oso erraz pasatu da baserritarra izatetik kaletarra izatera. Eta kalekumeenak ere -Bilandegi, Erbetegi-Etxeberri eta Saustako txalaparta sekula entzun ez dutenek ere- ttakun ttan ttakun egingo dute. Hori oso garrantzitsua da: berea galdu gabe egokitu da tresna inguru berrietara. Inguru berriak irabazi ditu, oinarria galdu gabe. Jakina, nik Ganteko Orkestrarekin jotzen badut, zerbait galdu beharko du Erbetegi-Etxeberritik. Baina Ganteko Orkestrakoek onartu dute ez dugula dena galdu. Osagarririk garrantzitsuena gorde dugu: guk alternantzian jotzen jarraitzen dugu, haiek egiten zuten bezala. Ganten ez zuten lortu guk partiturak jotzea. Guk jo genuen libre. Baina libre, beren sistema onartuz: zer tonotan ari dira? zer neurritan ari dira? zer eskema erritmikotan ari dira? Hortik aurrera gure saio guztiak diferenteak ziren, haienak ez bezala.

Txalapartaren politizazioa aipatzen duzu liburuaren atal batean. Horrek ere baditu arriskuak.

Uste dut gauza jakina dela eta ez dela inor harrituko liburuan hori aipatzen dudala ikustean. Txalaparta oso lotuta egon da ideologia jakin batekin. Txistuari ere gertatu zaio hori, ideologia bati lotuta egotea. Eta toki batzuetan dultzainari eta beste tresna batzuei ere bai. Gu jabetzen ginen bakarrik kolore batekoek deitzen zigutela. Hori ez zen guk aukeratutako zerbait. Dena den, zorionez, hori gainditzen ari da, gero eta gutxiago antzematen da politizazio hori.

Tresna asko jo, ikertu eta landu dituzu baina, liburuan diozunez, «txalaparta bezalakorik ez dago barruko emozio eta sentimendu sakonak adierazteko». Gainera, musikaren alderdi ezezagun asko erakutsi dizkizu txalapartak. Zerk egiten du horren berezi eta aparteko txalaparta?

Niri txalapartak beste bide bat markatu zidan. Txalaparta ezagutu aurretik ni musikaria nintzen, baina beste musikari bat. Ate asko ireki zizkidan. Txalapartari esker ulertu nuen musika jotzea zer den. Txalapartan agertzen da garbi zer den jo hori, zer den play hori. Beste soinu tresnetan beste bide batetik sartu nintzen, bide itxietatik, partituren eta eskalen bidetik. Txalapartan ez dago horrelakorik. Txalapartan, musikaria naiz eta... zer jo behar dut? Hasi, hasi jotzen, hasi jolasten. Jokoa erabaki beharko duzu, jakina, baina hortik aurrera...

... askatasuna.

Eta ardura. Txalapartariak beti dauka ardura, partitura bat jarraituz jotzen duenak ez daukan ardura. Hori berria izan zen niretzat, txalaparta ezagutuz geroztik. Gero txalapartarekin ikasitakoa eta landutakoa aplikatu diot txistuari eta albokari, baina bide hori txalapartarekin hartu nuen. Momentuko musika da txalaparta, errepikatzen ez dena.

 

Tolosan emango dute gaur 'Ttakun Ttan Ttakun', liburuan oinarritutako emanaldia



Ttakun Ttan Ttakun emanaldi multidiziplinarra eskainiko dute gaur, 20:30ean, lau txalapartarik eta Kukai eta Tanttaka konpainiek, Tolosako Leidor antzokian. Jon Maia dantzariak sortutako koreografia bati jarraituz, Juan Mari Beltran, Ander Barrenetxea, Ixiar Jauregi eta Aitor Beltran txalapartariek eta Jon Maia eta Vanessa Castaño dantzariek txalapartaren mundua erakusten dute Mireia Gabilondok zuzendutako emanaldian. «Liburuarekin batera kaleratu den DVDan agertzen dena taula gainera eramaten saiatzen gara emanaldiarekin», azaldu du Beltranek. «Tolosako emanaldia diferentea izango da. Ez da izango orain dela bi aste Arrasaten egin genuena, edo orain dela bi hilabete Urnietan egin genuena. Eta gero egingo ditugunak ere desberdinak izango dira».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia