Ivan Zulueta, 'The End'
'Arrebato' kultuko film esperimentalaren egilea Donostian hil da 66 urterekin, eta urtarrilaren 4an egingo diote azken agurra
Bi pelikula, hamaika kartel eta Polaroid argazkietan eginiko ehunka obra utzi ditu
Ainara Gorostitzu.
DonostiaInoiz egitera iritsi ez zen filma da The End. Ivan Zuluetaren buruan, asmoetan eta gogoan gelditu dena. Psikiatra eta medikuen artean, drogetara erabat engantxaturik zegoela urtebete pasatu zuen musikal horren gidoia idazten. Desafinatuegia, ez zen iritsi Ivan Zuluetaren filmografia laburraren parte izatera. Ezta Dos y dos son cuatro eta Te la ví en Tel Aviv ere. Bi film luze besterik ez zituen egin: Un, dos, tres, al escondite inglés (1969) eta Arrebato (1979). Bigarren horrekin gailurra ukitu zuen, bazterreko, kultuko, muturreko zinema esperimentalaren gailurra. Atzo hil egin zen.
Zuzendari madarikatua izan da Ivan Zulueta (Donostia, 1943). Beti ertzean. Sailkaezina. Heterodoxoa. Donostiar burges underground bat. «Pertsona izateko, film bat zuzendu behar dut», zioen duela lau urte. «Ez dut etsi, zinema egin nahi dut», esan zuen iaz. Baina hogeita hamar urtean ez zuen beste pelikularik egin. Irudiaren enigma karteletan askatzen zuen gerora. Eta horrek prestigioa eta dirua ekarri zizkion, Espainiako zinemagile handienen kartelgile izateraino. «Egin ditudan azken afixak ez zaizkit gustatzen, eta hori oso mingarria da. Nik zinema egin nahi dut».
Zinema zinemaren barruan, drogak, haurtzaroa, mina, beldurra, ametsak, bakardadea, berriz drogak, amodioa eta maitasunak da Arrebato. Cecilia Roth, Eusebio Poncela edota Antoni Gasset aktore lanetan zituela filmatu zuen Jaime Chavarriren etxean. Bi astetan. Hamalau milioi pezetako aurrekontuarekin. 1980ko ekainaren 9an estreinatu zuten Madrilgo Azul zineman, eta polizia etxean bukatu zen gaua. Kritikak ez zuen ondo hartu filma. Berlingo eta Cannesko zinema jaialdietan atzera bota zuten, muturrekoa, «muturrekoegia» zelako.
Eta Zuluetak ideia «bikain» bat izan zuen: «Arrebato-ren ondoren Eivisara joateko ideia bikaina izan nuen, drogetatik askatzeko... Infernua izan zen, garai suizida... eta galdu egin nintzen. Erabat galdu nuen kontrola». Eta horregatik, drogengatik, zinema egiteari utzi zion: «Asko interesatzen zitzaidan drogen mundu batean sartu nintzen. Kontrolatua nuen, eta ondo neraman... edo hori uste nuen behintzat».
Arrebato baino hamar urte lehenago egin zuen Un, dos, tres, al escondite inglés. Baina izan zitekeen Caca, culo, pedo,pis edo Popilandia edo Cacalandia. Hiru izenburu horiek ibili baitzituen buruan bueltaka 68ko azaroan errodajea hasi zuenean. Filma zuzentzeaz gain, grafismo guztia Zuluetak berak egin zuen, dekoratuetatik karteletara. Eurovision jaialdiaren parodia eta poparen aldarrikapen bat zen film hura Canneseraino iritsi zen.
Telebistarako hainbat proiektuk -Último grito musikala, esanguratsuena- eta 18 film laburrek -La fortuna de los Irureta (1964), KingKong (1971), Frank Stein (1972), El mensaje es facial (1976), Leo es pardo (1976) edota Ritesti (1992)- osatzen dute Zuluetaren filmografia. Baina irudiarekin lanean jarraitu zuen. Kartelak egiten.
Irudiaren enigmaren atzetik
70eko hamarkadan hasi zen afixak egiten, 35 milimetroko negatiboen soberakinekin. Ordutik, Pedro Almodovar, Jose Luis Borau, Jose Luis Garci edota Manuel Gutierrez Aragonen hainbat filmen kartelak egin zituen. Baita bestelakoak ere, 2005ean, adibidez, Donostiako Musika Hamabostaldiaren afixa egin zuen.
Esperimentatzen jarraitu zuen. Polaroid argazkiak margotzen zituen. «Gozamena» zen bat-batekotasun hura. Erakusketa ugari egin zituen, hala Donostian nola Bartzelonan eta Madrilen. Obra grafikoaren onespenarekin, ibilbide zinematografikoaren aitortza ere iritsi zitzaion, sariak. Duela lau egun Del Extasis al Arrebato jardunaldietan parte hartu behar zuen. Baina ezindua zegoen, hanka zuen eri, eta gorputz osoa heroinak jana. Okerrera egin zion minak, eta azken egunak Donostia ospitalean eman ondotik, atzo 06:30ean zendu zen. Urtarrilaren 4an emango diote azken agurra Juan Ricardo Miguel Ivan Zulueta Bergarajauregiri, Donostian.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
