Berria.info

Astelehena, 2010ko martxoak 15 -

2009-12-22

Haizearekin borrokan

Hotzari eta haizeari aurre egin behar izan diote Donostian eta Bilbon San Tomasera bildutako milaka lagunek

Donostian, 'Igone' zerramak bereganatu ditu bisitarien begiradak

I. Maruri- N. Rodriguez.

Haize zakarrak eta hotza ez ziren inor uxatzeko gai izan. San Tomas azokara jendetza bildu zen Bilbon. Areatzako kaian, pasealekuan eta Plaza Barrian zeuden 296 erakusmahaietan ia ezinezkoa zen ezer ikustea. Elkarri bultzaka zebiltzan guztiak.

Begiratu bai, galdetu ere bai askotan, baina erosi gutxi. Hala zioten saltzaileek. Adineko jendea zen, gehienbat, zerbait erosten zuena. Indaba poltsatxoa eskutan hartuta ikus zitekeen bat edo beste. 14 eta 20 euro artean zeuden, saltzailearen arabera, bai Gernikakoa bai Tolosakoa. 4 eurotan saltzen zituzten txorizotarako piperren txortak. Irina, berriz, 11 eurotan.

Azak, azaloreak, porruak, kalabazak... Baratzean neguan biltzen diren produkturik onenak ekarri zituzten baserritarrek. Adela Andikoetxea urduliztarrak eraman zuen ortuari saltzaile onenari saria, azken urteetan bezala. Fruta ekoizleak ere ugari ziren, tartean Jose Etxebarria gatikarra. Azken 25 urteetan, 400 sari baino gehiago lortu ditu bateko eta besteko azoketan gehien-gehienak. Atzo ere eutsi zion tradizioari.

San Tomas eguneko azokan txerrikiak ere ezin zuen hutsik egin. Txorizoak, odolosteak, giharra eta solomoa izan ziren salgai, besteak beste. «Txerria non dago?», galdetu zuen adineko gizon batek garai batean zozkatzen zutena gogoan zuela. «Urteak dira ekartzen ez dutela, aita», erantzun zion semeak ondotik. Bizirik ez, baina hilda txerri osoa ikustea posible zen. Bilboko Konpartsek bi erre zituzten, jende artean banatzeko. Pintxoa eta indaba platerkada. Ilada luzea sortu zen saltokiaren inguruetan.

Animalia bizirik ere izaten dira azokan. Untxiek, oiloek, oilaskoek eta kapoiek ez zuten hutsik egin urteroko jaira. 40 eta 50 euro artean saltzen zituzten kapoiak. Garesti samar zeudela zioen jendeak. Jose Antonio Zabala getxoztarrak eraman zuen animalien sailean saria. Azokan oso gutxi saltzen dela zioen, «ia ezer». Tradizioagatik datorrela gehienbat. «Imajinatzen al duzu inor hemen oilaskoa hartuta etxera bidean?».

Txosna inguruak ere lepo bete ziren. Txakolina eta sagardoa barra-barra edan ziren. 1,5 eurotan aurrenekoa, euro batean bigarrena. Botila hartuz gero, 8 eta 6 euro, hurrenez hurren. Taloa txorizoarekin 4 eta 5 euro artean ordaindu ziren, saltokiaren arabera.

Goizeko ekitaldi nagusia ordu batean egin zen, Plaza Barrian. Orduan banatu ziren aurtengo azokako sariak. Ilusio berezia egin zion Axel Astorgano otxandiarrari jasotako aipamen bereziak. Baserritar gaztearen saria eskuratu zuen. Emazteak eta biek kudeatzen duten Pagobieta gaztandegian egiten duten lanagatik eman zioten. «Aitorpen garrantzitsua da niretzat, ez bainaiz gaztagile familia bateko azken belaunaldia. Nire inguruan ez dago gaztagilerik, eta hutsetik hasi behar izan dut», zioen garaikurra eskutan zuela.

Aitortzen du krisiagatik ez dela horrelako enpresa bat abiarazteko garairik onena. Egoeraren laztasuna azaltzeko adibide bat jarri zuen: «Bildotsa orain dela 30 urteko prezioan saltzen dugu, baina pentsua asko garestitu da». Errentagarritasunari eusteko moduetako bat zuzeneko salmenta dela uste du Pagobietak: «Ez dut esan nahi bitartekariek ez dutenik irabazteko eskubiderik. Baina zuzenean salduta prezioa errealagoa da. Erosleak ez dugu askorik ordaintzen, eta guk ez dugu gutxiegi kobratzen».

Azokak 19:00 arte iraun zen. Ordu horretan, hain zuzen, hasi zen jaiegun honetako beste klasiko bat: Oskorriren kantaldia. 14. urtez bilbotarrak kantuan jartzeko ahalegina egin zuten, Euskal Herriko osoko musika eskoletako banda eta abesbatzen laguntzarekin.

'Igone'-ren bueltan, Donostian

Ezkutuan geratu ziren atzo baserritar jantziak, bufanda eta berokien azpian. Donostian ere hotza eta haizeari aurre egin behar izan zieten bisitariek. Hala ere, eguraldiak ez zituen kikildu, eta Konstituzio plaza jendez gainezka zegoen goizetik, baina batez ere, eguerdian bildu zen jendetza.

Zalantzarik gabe, jende gehiena Igone zerramaren bueltan bildu zen. Leitzako Arro baserritik ekarri zuten 350 kiloko txerria, eta goizeko hamarretarako Konstituzio plazan zegoen, lehen bisitarien zain. Lasai-lasai zegoen, etzanda, baina haurrak urduri, muturra ikusi nahi ziotela eta. «Ama, zergatik ez da altxatzen? Muturra ikusi nahi diot», galdetu zion haur batek amari. «Hura ere hotzak egongo da», erantzun zion amak.

Haizeak gogor jotzen zuen Konstituzio plazan, eta gorputzak berotzeko talo, txistorra eta sagardoa zeuden aukeran. Horretarako pazientzia eduki behar, ordea. Bost euroko taloa erosteko 20 minutuko ilara itxoin behar baitzen. Sagardo botila ere ez zen merke, 3,5 eurotik gora saltzen baitzuten, baina plazan talde guztiek zeukaten taloa esku batean, sagardo basoa bestean eta botila, borobilaren erdian, lurrean.

Bitartean, saltzaileak erotu beharrean, pintxo bat, bi... eta ogitartekoak prestatzen eta zerbitzatzen. Halaxe zebiltzan Mariaren Bihotza ikastolako guraso eta ikasleak. 48 kilo txistor zituzten prestatzeko «baina hauek laster bukatzea espero dugu, eta arratsaldean gehiago ekarri beharko ditugu harategitik». 80 kilo txistor saltzea aurreikusia zuten. Sagardoa, berriz, 35 kutxa. Gurasoak eta ikasleak batera ari ziren lanean DBHko 4. mailako ikasleen ikasturte bukaerako bidaiarako dirua ateratzeko. «Gurasoak labanekin eta alkoholarekin ari gara lanean eta gaztetxoak ogitartekoak egiten», azaldu zuen ikastolako guraso batek.

Lanpetuta zebiltzan ere barazki eta fruituetako salmahaietako nagusiak. Gabiriako Anttoni Murgiondoren mahaian sagarrak, arto irina, urrak eta beste hainbat barazki zituzten salgai. Bati babarrunak pisatu, bestearen intxaurrak poltsan sartu... bazuten nahiko lan. Baina lan horrek izan zuen ordainik, Barazkien Lehiaketan bigarren saria lortu baitzuten; Jose Salaberria oroimen saria ere eskuratu zuen gabiriarrak.

Guztira, 209 postu jarri zituzten atzo Donostian, gehienak txistor postuak baziren ere, talo, gazta eta eskulangileen erakusmahaiak ere bazeuden. Eta tartean, hainbat produktu berezi ere bai. Errenteriako Fernando gozotegiak txerri itxurako mazapan arrosak jarri zituen salgai, eta Nafarroako enpresa batek trufa beltzez ondutako arrautza trufatuak eskaintzen zizkien bisitariei. Harriduraz begiratzen zituzten guztiek arrautza bereziak, baina gutxi ausartzen ziren erostera.

Jendea erakartzea lortu zuen, aldiz, Animalien Eskubideen Aldeko Elkarteak. Laugarren urtez jarri zuen postua San Tomas azokan. Ohiko txistor pintxoen ordez, begetariano eta ekologikoak diren saltxitxa eta hanburger pintxo eta ogitartekoak eskaintzen zituzten. «Geroz eta jende gehiago hurbiltzen da urtero, eta hasieran jendea animatu behar badugu ere, probatzen duen guztiari gustatzen zaio», azaldu zuen Leire Elosegi elkarteko kideak.

Bestalde, Txerriaren Aldeko Plataformak Igone-ren kaiolaren inguruan plastiko beltza jarri zuen eguerdian, animaliak jasaten duen tratua salatzeko asmoz.

 

Azokak eta dantza



Bilbon eta Donostian ez ezik, Euskal Herriko hainbat herritan ospatu zuten San Tomas atzo, Lekeition, Azpeitian eta Irunen, esaterako —argazkian goitik behera—. Lekeition haize bortitzak hainbat arazo eragin zituen arren, ondo saldu zuten ekoizleek. Azpeitian, festa jendetsua egin zuten. Eta Irunen, Urdanibia plazan, barazki, ezti, eta abere azoka izan zen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia