Azken agurra eman diote Miren Erasori
Ostiralean hil zen, bat-batean, Donostiako Artelekuko zuzendari ohia, 49 urte zituela
Erredakzioa.
DonostiaOstiralean hil zen Miren Eraso Artelekuko zuzendari ohia (Donostia, 1960), bat-batean eta ustekabean bihotza geldituta, eta atzo azken agurra eman zioten Gros auzoko San Ignazio elizan. Arte historialari, editore eta dokumentazio kudeatzaileari lagunarteko agur omena egingo diote datorren larunbatean Oiartzungo Oianleku mendian (Gipuzkoa), eguerdi partean.
Ia hogei urte egin zituen Erasok Artelekuri loturik, 1990ean dokumentazio zentroaren ardura hartu zuenetik, eta, gero, Zehar aldizkaria zuzendu zuen 1995etik aurrera. 2007an Santi Erasoren lekua hartu zuen Artelekuren zuzendaritzan, hark eszedentzia hartu zuenean. Kultur zentroa gizarteari irekitzea zuen helburu nagusi kargu berria hartu zuenean, baina, betiere, Santi Erasok hasitako bidea jarraitu nahi izan zuen. Tabakaleraren sorrerarekin Donostiako kultur mapa aldatuko zela ikusirik, zentroa koordenada berrietara egokitzea izango zuen erronka nagusi.
Miren Erasok Artelekun lan egin zuen garaian hamaika artista igaro ziren kultur zentrotik, besteak beste, Ibon Aranbarri, Maider Lopez, Pello Irazu, Asier Mendizabal eta Xabier Erkizia.
2008an zuzendaritzako kargua utzi zuen Miren Erasok, eta Kepa Landak hartu zuen programazio zuzendaritzako lana, baina, handik gutxira, Gipuzkoako Foru Diputazioak zuzendaritzako postua kentzea erabaki zuen diru gastuak murrizteko premia argudiatuz.
Arteleku utzirik ere, arteari loturiko lanetan jarraitzen zuen Erasok, Gasteizko Montehermoso kultur zentroarekin kolaboratuz, Mediatekaren proiektuan eta VIVA argitalpenean.
Bartzelonako Unibertsitatean ikasi zuen Artearen Historia, eta dokumentazio kudeaketan espezializazio ikasketak egin zituen Pompeu Fabra unibertsitatean. 2001ean, Europako hainbat editore europarrekin elkarlanean MagnetNet kultur alorreko editore elektronikoen sarea sortu zuen, eta gaiari buruzko liburua argitaratu zuen.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
