2009-12-22
Txomin Peillen ikerlariak jasoko du Manuel Lekuona saria
Eusko Ikaskuntzak euskal kulturaren alde egindako lana aitortu dio idazle eta irakasle zuberotarrari
Alberto Barandiaran.
Euskal kulturaren alde egindako lanagatik, Txomin Peillen (Paris, 1932) idazle eta ikerlari zuberotarrak Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jasoko du aurten. Saria bizitza osoko lanaren omenez banatzen du erakundeak, eta, azken urteotan, Jorge Oteiza, Jose Miguel Azaola, Justo Garate, Bernardo Estornes Lasa, Carlos Santamaria, Jose Maria Jimeno Jurio, Micaela Portilla, Elias Amezaga, Mentxu Gal eta Montxo Armendarizek jaso dute.
Txomin Peillen euskaltzain osoa da, eta ikerketa eta literatura lan ugari argitaratu ditu. 2009an, Euskal PEN Klubaren saria jaso zuen, zentsuraren aurka eta «euskal kulturaren eta adierazpen askatasunaren alde egindako lanagatik». Jean-Louis Davant euskaltzain eta herrikideak esplikatu zuen, orduko sari ematean, Peillen «Parisko euskalduna eta mendiko zuberotarra» zela. «Idazteko bizioa du, eta komunikatzaile oparoa da», gaineratu zuen.
Jon Miranderekin harremana
Guraso zuberotarrak izaki, Parisen jaio zen Txomin Peillen, aita-amak hara lan bila joanda. Biologia ikasketak egin zituen bertako Sorbona unibertsitatean, eta 25 urterekin biologia irakasle izan zen Parisen. 1949an, Jon Mirande ezagutu zuen Frantziako hiriburuan. Mirande zuberotarra zen, eta berehala adiskidetu eta harreman handia lotu zuten elkarrekin. Harreman horrek eragin handia izan zuen Peillenengan.
1962an, Igela aldizkaria kritiko eta heterodoxoa sortu zuten, euskal kulturan ordura arte ezagutu gabeko tonu ironiko eta muturrekoa erabiliz. Peillenek, hala ere, beste hainbat argitalpenetan argitaratu zituen lanak; esaterako Gernika, Egan, Euzko Gogoa, eta Jakin aldizkarietan.
1962an, hiru ipuin kaleratu zituen: Azken inkesta, Tximinuen segretua eta Tristan ta Isolt izenekoak. Handik bi urtera, berriz, Txomin Agirre literatura saria eskuratu zuen Gauaz ibiltzen dana polizia eleberriarekin. 1966an berriro lortu zuen sari bera, Itzal gorria eleberriarekin. 1989an, hirugarrenez saritu zuten Kristina Bolsward lanarekin. Argitaratutako beste lanen artean daude Gatu Beltza (1973) eta Xaguxarra (1980). Denera, hemezortzi lan eman ditu argitara: bost eleberri, bost ipuin-bilduma eta etnologian edo filosofiaz beste zortzi lan. Esaterako, Animismoa Zuberoan edo Allande Elixagarai Ligiarraren historioak.
1987an, Paristar euskaldun bat (ni...neu) izeneko liburu autobiografikoa kaleratu zuen.
Biologia eta hizkuntzalaritza
Literatura lanarekin batera, unibertsitatean ikerketa lan ugari eraman ditu aurrera. 1981ean, Bordeleko Unibertsitatearen Letren Fakultatearen doktore titulua atera zuen, Lexique basque de l'anatomie, morphologie et semantique tesiarekin. Batez ere, biologia, ideien historia, etnografia, literatura eta hizkuntzalaritzarekin lotutako ikerketak egin ditu.
Herri literaturari heldu diolarik, Amodiozko baratzetan liburua argitaratu zuen 1964an, XVII. eta XVIII. mendeetako maitasun abestien inguruan, eta Jusef Egiategi, Larramendiren zuberotar jarraitzaile eta Jon Miranderen idazlan hautatuak saiakerak ere kaleratu ditu.
2001ean, Ale gorriak argitaratu zuen, 1960tik 1998ra bitarteko ipuin bilduma, eta haur eta gazteendako dozenaka ipuin idatzi ditu. Filologia eta hizkuntzalaritzari dagokionez, okzitaniera eta euskararen arteko harremanaz jardun du, eta Zuberoko itzalargiak liburua kaleratu du.
EAren hautagaia izan da hainbat hauteskundetan: 1993an, 1997an eta 2001ean. Maule-Lextarreko kantonamenduan 2001ekoetan.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
