Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:11

KULTURA;2009-12-18;Urdaibain Guggenheim bat egitea «aukera aparta» dela dio AEBetako fundazioak. Bizkaiko Aldundiak sustatutako egitasmoari onespena eman dio Richard Armstrong zuzendariak

Urdaibain Guggenheim bat egitea «aukera aparta» dela dio AEBetako fundazioak

Bizkaiko Aldundiak sustatutako egitasmoari onespena eman dio Richard Armstrong zuzendariak

Irune Berro.

Bilbo

Richard Armstrong AEBetako Guggenheim fundazioko zuzendariak uste du «sormen prozesua ostera ere definitzeko aukera aparta» dela Urdaibaiko biosferan beste museo bat eginez Bilboko Guggenheim handitzea. Bizkaiko Foru Aldundiak eginiko bideragarritasun txostenak aztertu ondotik egin zituen hitzok Armstrongek. Herenegun bildu ziren New Yorken Guggenheim fundazioko eta Bizkaiko Aldundiko ordezkariak, eta Armstrongek Guggenheim berriaren egitasmoarekin aurrera segitzeko onespena eman zien Aldundiko agintariei. Areago, museoa egin ahal izateko hurrengo urratsa egin dezaten eskatu zien, Bilboko pinakotekak ohar bidez jakinarazi duenez.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak eta Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak parte hartu zuten bilera horretan. Urdaibain zabaldu nahi duten Guggenheim berriaren bideragarritasunari buruz osaturiko hamabi azterlan aurkeztu zizkieten bazkide estatubatuarrei, marka horretako museoa egin ahal izateko AEBetako fundazioaren oniritzia ezinbestekoa baitute.

Nolanahi ere, euskal erakundeen aurrekontuen bizkar eraiki eta kudeatuko lukeke Guggenheim berria; eta, horrenbestez, Bizkaiko Aldundiari Eusko Jaurlaritzaren sostengua izatea komeni zaio. Hartara, erdibana ordaindu ahal izango lituzkete museoa sortzeko eta mantentzeko lanak, Bilboko Guggenheimen egiten duten bezalaxe.

Horretarako, ehun milioi euroko diru saila gorde du 2010eko aurrekontuetan Bizkaiko Aldundiak; Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, alabaina, ez du egitasmoa aurrekontuetan jaso ere egin. Blanca Urgell Kultura sailburuak esan duenez, ehun milioi euro dauzka, zehatz-mehatz, sail horri dagozkion egitasmo guztiak finantzatzeko. Hortaz, «pentsaezina da» ehun milioi euro horiek egitasmo bakar baterako izatea.

Jaurlaritzak ez du oraindik argitu Jaurlaritza Urdaibaiko Guggenheimen izango den, gaur-gaurkoz erabakirik hartu ez dutela adierazi du aste honetan Urgellek. Ezer ebatzi aurretik, aurrena, bideragarritasun txostenak aztertu behar dituztela azaldu du. Dena dela, Patxi Lopez Bilboko Guggenheim museoko patronatuko lehendakari den aldetik, Urdaibaiko museoaren alde ari da lanean. Aldundiarekin batera, Bilboko Guggenheim da egitasmo horren sustatzaile nagusia.

Alabaina, Urgellek gogor gaitzetsi du Guggenheim berria Urdaibain egiteko asmoa. Sailburuaren ustez, inguru horrek Unescok emandako biosfera erreserba izendapena galdu ahalko luke. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaio museoak ingurumenean zein eragin izango lukeen argitzea; bai sortzeak, baita ondorengo jardunak ere. Izan ere, Aldundiak egindako ikerlanaren arabera, Urdaibaiko Guggenheimek 148.000 bisitari izango lituzke urtean. Eta, nola begiratzen den, gehiegi izan daitezke babestutako naturgune baterako.

Hitzarmena, kolokan

Halaber, kultura bera eskualde baten garapen ekonomikoa bultzatzeko modutzat ulertzea «baldarra» begitantzen zaio Urgelli. Ez du uste berrehun milioi euro inbertituta Busturialdean aberastasuna eta enplegua sortuko direnik. Are gehiago, museoa egiteko Aldundiak lehenetsitako irizpide eta arrazoibide horri «erdipurdiko» iritzi dio sailburuak. «Baztergarria da erabat, tentela izateaz gain, bizkarra ematen baitio ekonomia iraunkorrari».

Urgellen esanetan, Urdaibaiko erreserban ez dute Guggenheim museo baten beharrik, eta, ondorioz, egitasmo hori ez dagoela zuzentzen duen sailaren lehentasunen artean nabarmendu du, beste behin ere.

2013an berritu behar dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak AEBetako Guggenheim fundazioarekin daukaten hitzarmena, eta Urgellek esan duenez, ituna berritzearen aldekoa da Jaurlaritza. Haatik, Guggenheim berriko auziak itunaren izenpetzea «korapila» dezakeela ohartarazi du sailburuak, «berehalako negoziazioa trabatu».

Horren aurretik, baina, Bilboko Guggenheim museoko patronatuan eta fundazioan eztabaidatu beharko dute gaiaz Aldundiak eta Jaurlaritzak. Batean zein bestean parte hartzen dute erakunde biek, eta heldu den asteartean, hilaren 22an, bilduko dira; goizez bata, eta arratsaldez bestea. Museoaren organo bietan partaidetza berbera dute Jaurlaritzak zein Aldundiak.

Hortaz, pentsatzekoa da erabaki bat hartzeko ados paratu beharko dutela. Izan ere, baten ukoak bestearen asmoak zaputz ditzake. Halaxe gertatu omen zen Bilboko Guggenheimen jazotako irregulartasunak ikertzeko Jaurlaritzak eginiko eginahalekin. Urgellek salatu zuen Aldundiak uko egin ziola ikerketa abiarazteari, Jaurlaritzaren proposamena geldiarazi eta bertan behera utziz.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia