Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:07

KULTURA;2009-12-17;Balentziagaren lanekin erakusketa paratuko dute Arte Eder museoan. Museoaren aurrekontua %12 gutxitu du krisiak, eta aurreko urteetako erakusketa handirik ez da izango 2010ean

Balentziagaren lanekin erakusketa paratuko dute Arte Eder museoan

Museoaren aurrekontua %12 gutxitu du krisiak, eta aurreko urteetako erakusketa handirik ez da izango 2010ean

G. G.

Bilbo

Krisiak harrapatu du Bilboko Arte Eder museoa ere. Datorren urterako aurrekontua %12 murriztu dute, krisi ekonomikoaren eraginez. Ez da izango aurreko urteetan bezalako erakusketa handirik, baina egindako programa interes handikoa dela defendatu du museoko zuzendari Javier Viarrek: «Saiatu gara murrizketak beste alor batzuei eragin diezaien, ez programazioari». Hala ere, onartu du ez dela erakusketa jakinik nabarmentzen. «Halakoak ez dira urtero sortzen».

Krisia gorabehera, ahalegindu dira aurreko urteetako mailari eusten, nahiz baliabide gutxiagorekin izan. «Programazio erakargarria osatu dugu», iragarri du zuzendariak. Aurten bezala, bost erakusketa izango dira 2010ean ere. Kopuruari aurrekontu murritzagoarekin eusteko, ideia berriak bilatzen saiatu dira.

Cristobal Balentziagaren jantziekin «erakusketa esperimentala» egingo dute, maiatzetik irailera. Museoan barreiatuko dituzte 40 jantzi, eta kaiola gisako objektuen barruan jarriko. «Bakartuta dauden sentipena emango du». Ez dute Balentziagaren jantzien ohiko erakusketa edo errepasoa egingo. «Horretarako ari dira haren izena eramango duen museoan». Eusko Jaurlaritzarenak, Balentziaga museoarenak eta bi bilduma pribaturenak dira jantziak.

Euskal artistak izango dira protagonista nagusi datorren urtean Arte Eder museoaren programazioan. Arreta berezia egingo diote aurten argazkilaritzari, orain arte behar beste egin ez diotela iritzi baitiote museoaren arduradunek. «Argazkilaritzari ari gara leku gehiago egiten, urte askoan leku gutxiegi izan du eta», esan du Viarrek. Otsailean, Gasteizko Alberto Schommer argazkilariaren lanak jarriko dituzte ikusgai; uztailean, Getxoko Tomas Acillonarenak. Pintura alorrean, Bergarako Jesus Mari Lazkanoren koadroak jarriko dituzte.

Zezena gaitzat hartuta beste erakusketa berezi bat antolatuko dute, zezenzaleen Club Cocherito elkarteak mendea bete duela eta. Taurus: mitotik erritura erakusketan jarriko dituzte, besteak beste, Goyaren, Zuloagaren, Picassoren eta Miroren artelanak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia