Koloretako malutak
Xabier Leteren azken poema liburuko lehen errezitaldiak bildu dituzte DVD batean
'Neguan izan zen' du izenburua, poema liburu horretan Lourdes Iriondoren heriotzari buruz idatzitako atalak bezala
Imanol Magro.
Donostia«Neguan izan zen / eta espanturik gabe aldegin zenuen / isil, zuzen, jakitun, jabe / bizi zaitez esan zenidan / saia gauza ederrak, maitatu jendea / eta ni... itxaroten egonen natzaizu», hala deskribatzen du Xabier Letek Neguan izan zen olerkiko bertso batzuetan Lourdes Iriondo emazteak hil aurretik egin zion eskaera. Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko editorea da, eta gertutik ezagutzen du Lete. Irigaraik dioenez, mandatu horrek berebiziko garrantzia izan zuen olerkariak Egunsentiaren esku izoztuak (Pamiela) liburua buka zezan. Lanak, orain, beste pauso bat eman du bere ibilbidean, Neguan izan zen DVDa argitaratu baitute Letek iazko abendua eta aurtengo otsaila artean emaniko lau errezitaldiekin, eta autorea 22 olerki errezitatzen ikus eta entzun daiteke.
Hamabost urte ziren Letek ez zuela olerki libururik argitaratzen, eta duela urtebete kaleratu zuen Egunsentiaren esku izoztuak. Iriondoren heriotzak lana markatu zuen, eta hirugarren eta azken atala -Neguan izan zen izenburukoa ere bai- hari eskainia dago. Hilabeteotan bide oparoa egin du, Espainiako Kritikaren Saria jaso zuen lehenbizi, eta Euskadi saria gero. Sari hori jaso duen bigarren olerki liburua izan da.
Lan oso pertsonala da, bere barruko egia agertu zuela adierazi zion Letek BERRIAri iragan urtarrilean eginiko elkarrizketan, eta «bizitza baten esperientzia nagusiak» islatu zituela. Irigaraik dioenez, lana bukatzea asko kostatu zitzaion -Lete gaixo dago, eta erregularki erietxera joaten da-, eta ahalegin horrek gutxienez jendeaurreko errezitaldi bat merezi zuela konbentzitu zuten idazlea. Letek onartu zuen, eta abenduaren 2an egin zuten, Iruñeko Planetarioan. «Jendez lepo bete zen, jende interesatua dena, eta kultur munduko asko ere bai. Hura botila bat oxigeno izan zen Xabierrentzat, indarra eman zion», gogorarazi du editoreak. Gero beste hiru errezitaldi eman zituen. Donostian lehenbizi, Koldo Mitxelenan, Bilboko Kafe Antzokian gero eta Izpurako (Nafarroa Beherea) Faustin Bentaberri Gelan azkenik.
Argitaletxeak, badaezpada ere, lau errezitaldiak grabatu zituen, hasierako asmoa liburu osoa disko batean grabatzea baitzen. Leteri, baina, gehiegi iruditzen zitzaion liburu osoa errezitatzea, eta irudiaren bidea hobetsi zuten. Koldo Mitxelenako errezitaldian Pamielako buruak Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatuarekin elkartu ziren, eta lana aldundiaren lankidetzarekin kaleratzea adostu zuten. Letek aldundiarekin izandako «lotura berezia» nabarmendu zuen atzo Aranburuk, aldundiko prentsa aretoan eginiko DVDaren aurkezpenean, emaniko babesa azaltzeko. Idazlea diputatu eta kultur zuzendari izan zen 80ko hamarkadan, baina Aranburuk argitu nahi izan zuenez, Letek iragan politikorik izan ez balu ere aldundiak berdin babestuko luke, bere lana miretsi eta eremu zabalenera iristea nahiko lukeelako.
Letek pasatu dio galbahea lanari, eta berak aukeratu ditu olerkiak. Gehienak Koldo Mitxelenakoak dira, kalitate tekniko onenarekin grabaturikoa izan zelako, baina errezitaldi bakoitzeko ale pare bat daude gutxienez. Errezitaldietan autoreak Joxan Goikoetxea soinu jotzailea izan zuen lagun, eta haren hiru pieza ere agertzen dira grabazioan.
Bestalde, eta errezitaldiei dagokienez, Urnietako Sarobe aretoan emango du hurrengoa, hilaren 26an, eta Bilbon, Arriaga antzokiko areto batean ariko da urtarrilaren 12an. Azkenik, Irigaraik azaldu duenez, Letek maiz esan dio idazten jarraitzen duela, eta bizpahiru urtetan autorearen beste lan pare bat argitaratu ahal izango dituela uste du editoreak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
