Kantuaren atari eta aterpe
Euskal kantagintzaren historia, 160 biografia inguru eta mila diskotik gora biltzen ditu, besteak beste, BERRIAk sorturiko 'Badok' musika webguneak
Gorka Erostarbe.
DonostiaKantua bazegoen. Kantua beti egon da. Zaharra, modernoa nahiz berritua. Agerikoa nahiz ezkutukoa, baina beti egon da. Egon ez dena kantuaren kontakizuna da, kantuaren bilduma. Ale bakan batzuk baino ez, biografia solteak, iruzkin bananduak. Informazio urria eta sakabanatua. Nola paperezko edizioetan, hala sarean. Ez da inon bildurik egon euskal kantagintzaren kontakizuna. Orain badago. Hutsune hori betetzera dator Badok.info atari digitala.
Mixel Labegeriek, Xabier Letek, Mikel Laboak, Lourdes Iriondok, Errobik, Itoizek, Ruper Ordorikak, Negu Gorriak-ek, Su Ta Garrek, Amaia Zubiriak eta beste hamaika kantari, musikari eta taldek badute euren atari digital komuna. Badute aterpea. Biltegia. Beraien biografia, diskoak, kantuak, hitzak, azalak, argazkiak eta beste biltzen dituen aterpea. BERRIA egunkariak sorturiko atari digitala da www.badok.info. 60ko hamarkadatik hasita 2000. urtera bitarteko euskal kantagintzaren historia eta ekoizpena biltzen duen ataria.
Epe horren hastapena Mixel Labegerie mediku eta kantari lapurtarraren bi disko txikiek ezartzen dute. Euskal kantagintza berriaren abiapuntutzat hartzen da lan hura. Bukaera, berriz, milurtekoaren amaierak ezartzen du: «Lanaren tamainari muga bat jarri behar zitzaion, eta egoki iruditu zitzaigun, hasiera batean, 40 urte horiek hartzea», dio Jon Eskisabel BERRIAko kazetari eta egitasmoaren koordinatzaileak. Hala ere, egindako lana «abiapuntu bat baino ez da», Eskisabelen hitzetan. «Abiapuntu sendo bat da, baina lana ez dago itxia. Hemendik aurrera, osatuz joan beharko da. Biografia gehiago sartzen joango gara, datuak osatzen, hitz gehiago sartzen. Euskal kantagintzan sortu denaren gehiengo handi bat dago hemen, baina falta dira gauzak, izenen bat edo besteren falta igarriko du jendeak, baina itzal handiena utzi dutenak jaso ditugu». Osatze lan hori egiteko, ateak zabalik ditu lagundu nahi duenak. Horretarako, harremanetarako gune bat badu webguneak berak.
Bederatzi ataletan banaturik dago euskal kantagintzaren historia, «garaian garaiko bilakaera estetiko eta estilistikoak eta testuinguru sozio-politikoak» hartuz gidari modura. Kantagintza berriaren sorrera izeneko atalari Kantaldien garaia izenekoak ematen dio segida, Ez Dok Amairuren ondotik ugaritu ziren kantaldien aroa ekarriz gogora. Merezitako ezagutzarik jaso ez duten plaza taldeei buruzko atalak (Akelarre, Egan, Minxoriak...), Errobiren eskutik izandako euskal rock -and-rollaren loraldiak eta folk berriarenak (Oskorri, Haizea, Izukaitz...) osatzen dute 80ko hamarkada bitartekoa. Rock Radical Vasco deituriko mugimenduaren eztanda (Zarama, Hertzainak, Kortatu...), euskarazko metalak nortasunez landuriko garaia (Su Ta Gar, Anestesia, Urtz...) eta trikitia baserritik kalera jaitsi zutenekoa (Maixa ta Ixiar, Gozategi, Alaitz eta Maider...) biltzen dira 80ko hamarkadan eta 90eko hasieran. Negu Gorriak taldearen eragin itzelaren arrastoari jarraituz, 90eko hamarraldian izandako oparotasuna dakar azken atalak.
Kontsultarako tresna da Badok, hasteko eta behin, datu base moduko bat: «Norbaitek jakin nahi badu, esaterako, Anje Duhalderen kantu zehatz bat zein diskotan dagoen webgunean kontsultatu ahal izango du. Orain artean ez zegoen ia ezer ere ez Interneten, gauza solteak baino ez», zehaztu du Eskisabelek.
Sortzailetik sortzailera jauzika ibiltzeko moduan atondurik dago webgunea. «Testuetan loturak ezarri ditugu, webgune barruko beste artista batzuengana sarbidea izateko, edota euskal kulturako beste sortzaile batzuengana bideratzeko». Koloreetako diseinu sotil irakurterrazaren bidez, bisitariak lehen begiratuan jasoko du ikusgai duen informazioa.
Badok dibertimendurako tresna izatea ere nahi dute. «Badauka alde ludiko bat ere. Musika entzun daiteke, hitzak irakur daitezke, azalak eta argazkiak ikusi»... Eta «memoria ariketa bat» ere badago egitasmoaren atzean. «Berrogei urtean kantagintzan egin dena biltzea eta sarean jartzea egin beharreko lana zen. Bada ezagutza lan bat ere. Kantari eta taldeei egiten zaien ezagutza, baina baita disko eta kantu horietan parte hartu zuten musikariei, diskoetxeei, eragileei... Badira musikari asko estudiokoak, edo disko asko grabatu dituzten soinu teknikariak, sarri ahanzturan utzitakoak, eta horien lana aitortzea ere beharrezkoa da».
Webgunea osatzeko «ezinbestekoa» izan da Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren laguntza. « Bertan dauden diskoen azalak, fitxak, kantuen zerrendak, musikarien zerrendak Eresbilek pasatu dizkigu». Euskal diskoetxeek ere utzi dizkiote kantuak BERRIAri.
Webgunea sortzeko, Elkar Fundazioaren laguntza izan du BERRIAk. Ataria finantzatu ahal izateko, hainbat erakunderen diru laguntza beharrezko izan da: Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Arabako Foru Aldundia, Kutxa, Vital Kutxa eta Euskadiko Kutxarena.
Webgunearen atalak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
