Berria.info

Osteguna, 2010ko martxoak 18 -

2009-12-10

Donostiako etxebizitzak beste leku batzuetakoak baino garestiagoak direla eta asko hutsik daudela salatu du etxebizitza duinen aldeko Kepasakonlakasa elkarteak.

Etxeak, hutsik eta garesti

Ane Olaizola.

Donostia

Hainbat bidaia gidatu egiten dira Donostian zehar, hiriko monumentu eta txoko esanguratsuenak erakusteko asmoz. Baina bidaia gidatuetan bestelako kontuak ere ezagut daitezke, besteak beste, Donostian dauden etxebizitzen inguruko politika eta haien egoera. Etxebizitza duinen aldeko Kepasakonlakasa taldeko Jurgen Wolffek Donostia erdiguneko nahiz inguruetako hainbat auzotan, etxebizitzen gainean egin den politika eta horren inguruan administrazioek duten jarrera salatu du.

Alderdi Eder pasealekuan hasi da bisita, Donostiako lurrak gehien balio duen kalean, hain zuzen ere. Izan ere, Wolffen esanetan, 2008. urtean Hernani eta Zubieta kaleko lurrek 8.650 euro balio zuten, eraiki gabe; baina, orain, haietako etxebizitza bateko metro koadroak 16.000 balio du. Lurraren balioa finkatzerakoan, hainbat faktorek eragiten dute, baina salmenta aukeraren ingurukoa da faktorerik garrantzitsuena: «Etxebizitza edukitzeko benetan pagatu behar dela esanez konbentzitzen da jendea; negozio aukerarako itxaropena handia izaten da, eta horrek zehazten du lurraren prezioa», dio Wolffek.

Zenbaitetan, gainera, etxebizitza bat eraikitzeko egiten dira lizentziak, eta etxeak eraikitzen direnean haietan zehazten diren kopuruak handiagoak izaten dira; esaterako, Mirakontxako Maskor Gain etxean 16 etxebizitza daude. Lizentzien arabera, hiru solairu, 40 garaje eta soto bakarra izan behar zuen. Baina, lau solairu, 100 garaje eta hiru soto ditu.

Etxe hutsak ere hiriko errealitatearen zati dira, eta horietako kasu bat Egia auzoko zentro onkologikoarena da; Kutxako Gizartekintzak zentroari Miramon gainean egoitza berria eskaini zion, Egiako eraikuntza bota eta etxebizitza libreak egitearen truke. Egun, ordea, hutsik eta txapaz itxita dago eraikuntza. Wolffek, etxebizitza politikak aldatu eta eraikuntzari bestelako erabilera ematea proposatzen du; zentroko gelen tamainak kontuan hartuta, apartamentu «txikiak» egitea aproposa dela deritzo, gazteentzat batez ere, besteak beste, 50 etxebizitza sor baitaitezke.

Hiriko kasu esanguratsuenetarikoa, ordea, Loiolako Erriberak auzokoa da; gaur egun, gutxienez, 768 etxebizitza hutsik daude, eta asko oraindik amaitu gabe, besteak beste, ez direlako saldu. Zenbait eraikuntza euren hezurduran soilik geratu dira, eta obrak egiten ari badira ere, horiek oso makal doaz. Izan ere, Wolffen ustez, eraikitzaileek lizentziak justifikatzeko lanean ari direla erakutsi behar dute.

Europaren aldean, garesti

Etxebizitzen inguruko politikek baldintzatzen dituzte prezioak, eta Europako beste herrialde batzuen aldean, Euskal Herriko herritarrei gehiago kostatzen zaie etxebizitza erostea.

Alemanian, esaterako, Bonn hiriko auzo aberats bateko (Konigwinter) herritarrak euskal herritar baten soldata baino %50 handiagoa du; aldi berean, alemaniarrari etxebizitza soldataren %15 kostatzen bazaio, hemengoari ia erdia kostatzen zaio. Adibidez, Donostiako Egia auzoko 80 metro koadroko etxebizitza batek 300.000 euro balio du, eta Bonneko herritarrari 159.000 kostatzen zaio.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia