2009-12-10
Andoni Egaña.
BertsolariaIgandean berriz txapela janzteak «neurriko» motibazioa pizten dio lau aldiz txapeldun izandakoari. Ez badu irabazten ez da berriro Txapelketa Nagusira aurkeztuko.
«Bosgarrena, oso berandu datorren ume bat bezala izango litzateke»
Beñat Zamalloa.
AsteasuTxapela beste norbaitek janzten badu egingo du «negar» Andoni Egañak (Zarautz, 1961), igandean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Horrela disfrutatuko luke gehien, berriz ere txapeldun izateari ez baitio «xarma handirik» ikusten, baina badaki BECeko oholtzara igotzen denean barruko «futbolari argentinarra» lehiarako gertu piztuko zaiola.
Gainontzekoak indartsu ikusten dituzula diozu. Zeure burua nola ikusten duzu?
Ez dakit, egia esan. Beti edukitzen da hamar egun falta direnean horrelako beherakada bat, uste duzu ez zarela kapaza izango bertso bat osatzeko, eta gero, igotzen zara. Orain dela hilabete ondo nengoen, orain ez dakit. Ohituta nago horretara: beherakada hori pasatu eta gero, berriro el puto amo. Baina hori dena psikologikoa da: orain ez naiz hain txarra, eta hemendik hamabost egunetara ez naiz hain ona izango. Gogoeta, behintzat, egiten dut: zer moduz nago?, zer egin nahi dut?
Prestatzeko grina bila zenbiltzan txapelketaren aurretik. Zeri heldu diozu?
Errazenari, lan mekanikoenari. Adinarekin ere zailagoa da entrenatzen. Hori, uste dut kirolariek ere esaten dutela; gero eta pereza handiagoa ematen diela goizero 33 urterekin kulota jantzita irteteak. 48 urterekin, egia esan, lau txapel edo bost, niri berdin-berdin zait. Esplikatzen, agian, ez da erraza, baina gogoa daukat 13ko gaueko zortziak iristeko. Badakit zoriontsu izango naizela, eta agian, hori da nik bakarrik daukadan pribilejioa.
Aurreko txapelketan, disimulatzea deitzen diozun prestaketaren zatia parrandetan egin zenuen. Aurten zertan oinarritu duzu disimulatzea?
Inoiz ez bezala gaietan pentsatu dut. Adibidez, pentsatu dut zer gertatu den kirol arloan inportantea, kazetari batek egingo lukeen lana urte bukaerako laburpena egiterakoan... Behin ere ez dut horrelakorik egin, eta aurten egin dut zer edo zer. Buruaren atzeko partean eduki beharrean, aurreko partean jarri, gero irteten bada ere.
Txapelaren aldaketa oholtzan irudikatzea da txapelketarako daukazun motibazio bakarra?
Bakarra ez, baina handiena bai. Zazpigarren finala da, eta jada... Zer, erregularra izatea? Agian, hori ez zait interesatzen. Orain dela lau urte ere garbi neukan hirugarrena zela niretzako postu ideala. Hori esan nuela uste dut: irabazten ez badut buruz burukoa beste bik jokatzea politagoa da, eta nik, argi dagoenez, zortzigarrena baino nahiago dut hirugarrena, saio hobea egin dudala erakusten duelako, besteak beste.
Zein dira beste motibazioak?
Han egotea, ez bakarrik aldaketa egiteko, han kantatzea. Horrelako plaza bat, jendea hain bero, zerbait ona egiten duzunean horrelako txalo zaparrada... Esan dezagun, alde artistikoa.
Lehia gustuko duzu?
Finalera normal joanda ere, barruko futbolari argentinarra irteten zait, eta irabazi egin nahi izaten dut, bai txapelketan bai edozein bertso saiotan. Bertso saio batera nekatuta joan eta gaizki hasita, ez naiz neure buruari aitzakiak jartzen dizkionetako bat: gaur gaizki nago, eta buruko minez nago, eta nekatuta nago... Ez, helduko diot mahaiari eta aguanta. Hori badut ezaugarri bat.
Txapeldun izaten jarraitzeak ez zaitu motibatzen?
Bai, bere neurrian bai, baina bere neurrian. Hamasei urte egin ditut txapeldun, ezagutu ditut aurreko belaunaldiak eta ondorengoak ere bai, pribilejio hori izan dut eta oholtzan ikusten den estilo kolektibo bat markatu dugu azken zortzi urteetan.
Txapela buruz aldatzeko aukera asko aipatzen ari da. Badago txapeletik urruntzen zaituen arrazoirik?
Ez dakit. Bertsolaritzak zerbait polita badu, hori da, ez dugula kontrolatzen dena: ez gorputz aldarterik ez buru aldarterik eta abarrik. Duela hilabete, adibidez, garbi neukan ez zegoela ezer txapeldun ez izatera zuzentzen ninduenik.
Saio pare baten izan zara, eta Internetez jarraitu dituzu beste batzuk. Zein jarrerarekin?
Urduri. Ez nigatik. Nik okerrago pasatzen dut eurak lehian ari direnean, ni nabilenean baino. Adibidez, ikusi nuenean Igorrek [Elortza] zein doinu aukeratu zuen gaiari kantatzeko etxean nengoen, eta urduri jarri nintzen. Nahi nuen Igorrek ondo egitea eta finalean sartzea. Ikusten nuen, baina ezin nion abisatu.
Jarri izan duzu zeure burua egoeran?
Beti aurrebisualizatzen duzu gerokoa. Bat-batean ari garenean helduleku gutxi dauzkagu, eta heldulekuetako bat da aurrez bisualizatu litekeena bisualizatzea. Bat-batean ari zarenean edozein ziurtasun ona da: ez naizen arren batere superstiziosoa, galtzerdi beltzekin kantatzea bada, bada galtzerdi beltzekin joatea ere. Ez daukazu beste ziurtasunik, orduan, heltzen diozu edozer gauzari.
Estiloa aldatu duzu aurreko txapelketatik?
Ez dut uste. Gaien estiloa aldatu da pixka bat; orduan, ikusi egin beharko da. Baina gogoeta batzuk egin ditut. Adibidez, bakarkako gaiko hiru bertsoetan nola banatu sorpresa. Garai batean, gaiak itxiagoak zirenean, bertsoak banaka prestatzen ziren. Gero, erabat irekiak izan direnean, hirugarrenaren bukaera pentsatzen duzu, baina aurreko biak luzeegiak egiten dira gaiarekin bueltaka aritzeko. Orduan, zergatik ez hirugarren pentsatzen genuena bigarrenean jarri eta hirugarrena etortzen utzi? Holako ideiak bai, beti ibiltzen dira.
Orduan ikasitakoari zor zeniola aurreko txapela esan zenuen. Orain eta lehen ikasitakoarekin joango zara BECera?
Bai, beti. Orain dela lau urte erabaki nuen errima eslalomak eta gauza horiek ahaztu eta kontaketetan oinarritzea, gaiek gehiago ematen zutelako kontaketarako errima eslalometarako baino. Aurten ez dakit zer egingo dudan, baina, agian, eslalom horiek egiteko gazteagoa izanda hobeto. 32 urterekin errazago egiten dira kiebro linguistikoak 48 urterekin baino. Buruak desberdin funtzionatzen du.
Inoiz baino ideologikoago, «pentsatu zer egin nahi nuen, horixe egin», izango zara ostera BECen?
Gaietan zer egokitzen zaizun zorte puntu bat badago. Nire ustez, txapelketako final bat ona da zure abaniko ideologikoa zabaltzeko aukera ematen badizu. Agian, gaiek ez dizute ematen edo agian, zu ez zaude buru-argi. Egun osoan zehar konta dezakezu nola ikusten dituzun gizon-emakume harremanak, nola ikusten duzun harreman politikoa, nola ikusten dituzun langile-enpresari harremanak... Zure filtrotik pasatzen dira horiek denak. Zenbat eta aukera handiagoa, hobeto. Batzuetan, gaiek ez dute emango ez zaizkizulako egokitu, eta besteetan zeu izango zara kamuts dabilena eta ez duzu pasatuko zure filtrotik.
Finala zenbateraino izan liteke plazako saioa?
Nahiago nuke plazako saioa izango balitz. Plazako saioa nagusiki jarrerak egiten du. Disfrutatzera irten, hitz bakoitza ez gehiegi pentsatu, ez kateatuta sentitu eta bota. Bota horrek dauzkan zailtasun guztiekin, jakina. Baina lortuko bagenu plazako jario hori, jendeak ere disfrutatu egingo du. Askotan solemnitatea edo tentsioa nagusitzen da, eta horiek sormenerako ez dira lagun onegiak.
Bosgarren txapela zer izango litzateke zuretzat? Ekarriko lizuke aldaketarik?
Ez dut uste aldaketarik ekarriko lukeenik ezertan, segituko nuke txapeldun izaten. Ez diot topatzen momentu honetan xarma handiegirik txapeldun izaten jarraitzeari. Etortzen bada hartuko dugu. Bosgarrena, oso berandu datorren ume bat bezala izango litzateke. Zure bikotekidearekin adostu eta edukitzea erabakitzen baduzu, ba, edukiko dugu eta maiteko dugu beste denak bezala, baina zelako sustoa hasieran!
Eta ez janzteak?
Agian, sentituko nintzateke libreago erantzukizun kolektibotik. Agian, lana egiten hasi beharko nuke, baina hori ona da. Hamazazpi urte-edo badaramazkit sormenetik biziz, eta lan pila bat egin behar da lanik ez egiteko. Orduan, bizitza horretan aldaketaren bat-edo etorriko litzateke, ez kolpetik, baina hasi beharko nuke pentsatzen.
Hori txapelaren erruz da ala aitzakia bat da?
Ez. Nik erabakita neukan ahal banu horrela bizitzea. Gertatzen dena da Gasteizko Udala utzi nuenetik hemezortzi urte pasatu direla, eszedentzia denak bukatu zaizkit eta orain hasi beharko nuke zer edo zertan. Askotan ez txapelketek, baina plazek bai nekatzen dute, eta agian, joan den 20 urtean plaza kopuru handia egin dut.
Txapeldun izatea ardura izan da?
Bai, baina gauzarik inportanteenetan. Zer da niretzat gauza inportanteena? Bada Andoni Egaña txapeldunak ez du andoniegañatasuna erabili ezertarako, bere lanerako ez bada. Hori da niretzat maxima ideologiko bat. Hau da, ez naiz Cafes Baqueren komertzial sartu Andoni Egaña naizelako. Hori da inportanteena niretzat: estilo bat markatzea. Gaur egungo gizartean izana daukanak, normalean, izenetik lortzen du dezente. Hori ideologikoki ez zait iruditzen zilegi.
Igandean irabazteko guztiak dauzkazula irudi lezake, bai txapeldun bazara bai txapeldun izan barik. Txapelketan egin duzun ibilbideagatik, zure agurraren uneak eta txapeldun berriak txapela janzteko uneak indar handia hartuko lukete.
Bai. Beste aukera zen ez joatea. Hil arte ez dut irabaziko beti, eta ez nuke hain goiz hil nahi, jakina! Bi aukera daude: edo oholtzan galdu edo joan ez. Nik uste dut ez joateko aukera gizartea beste parametro batetik neurtzen duen jendearen irtenaldia izango litzatekeela. Askok pentsatuko du: «Andonik hobe luke lau txapelekin geratu. Hor seigarren egiten badu, ze desastrea». Ez ba! Niretzat iluntzeko zortzietako momentuan neu banaiz txapelduna ondo, baina beste bat bada ikaragarri disfrutatuko dut, eta negar egingo dut, ez ni baldin banaiz, beste bat baldin bada baizik.
Txapelduna ez bazara, txapelketa utziko duzu?
Bai. Ez naiz gehiago joango gehiago txapelketara, oholtzara.
Txapeldun berririk balego, zure markaren itzaletik ihes egitea kostatuko litzaioke?
Ez dut uste. Kulturan gauzak ez dira neurtu behar lau txapel edo bost Grammy. Hobe da markak jartzea baino arrastoa uztea kulturan. Mikel Laboa txapelik gabe hil zen, Lazkao Txiki txapelik gabe hil zen, Xalbador txapelik gabe hil zen... Nik uste dut letorkeen txapeldunak ez lukeela parametro horretan funtzionatu behar, ezta pentsatu ere. Jendeak kirolarekin konparatzen du, lehia den aldetik. Nik uste dut kirol parametroak erabili behar direla prestakuntzan, lagun dezaketenagatik. Bestela, ahaztu.
«Eman diezaiogun gureari daukan neurria»
B. Zamalloa.
AsteasuAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
