Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:06

KULTURA;2009-12-04;DURANGOKO 44. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA. Veleiakoak denak egiazkoak direlakoan. Iruņa-Okan agertutako idazkun eztabaidatuei buruzko liburua argitaratu du Juan Martin Elexpuruk

Veleiakoak denak egiazkoak direlakoan

Iruña-Okan agertutako idazkun eztabaidatuei buruzko liburua argitaratu du Juan Martin Elexpuruk

Alberto Barandiaran.

Iruña-Okako (Araba) aztarnategietako grafito guztiak benetakoak diren uste sendoarekin, zeramiketan idatzitakoaren gaineko liburua kaleratu du Juan Martin Elexpuru filologo eta itzultzaileak (Bergara, 1950), eta piezen kokapena zehaztu du mapa baten bidez. Liburua, Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak (Arabera), Durangoko Azokan salgai egongo da.

Bertan, aditu askok faltsutzat jo dituzten testuen azterketa egin du Elexpuruk, eta Joseba Lakarra eta Joakin Gorrotxategi EHUko katedradunek hain zuzen ere idazkunak faltsuak zirela frogatzeko erabilitako argudioak baliogabetzen saiatu da. «Bai, haiek izan ziren idazkunen faltsutasuna gordinen salatu zutenak», onartu du Elexpuruk, «baina eurek garai horretarako aurrez uste zuten euskararen ezaugarriekin ez zetozelako bat». Teoriak edo lan ildoak aldatzeko beldur akademikoa da, beraz, Elexpururentzat, euskararen historia aldatuko luketen idazkunak faltsutzat jotzeko arrazoi nagusia. «Garai hartako gauza gutxi daude», dio, «eta ez dugu asko ezagutzen».

Piezak agertutako kokapena

Liburuak Iruña-Veleiaren historiari eta aurkikuntzen auziari buruzko sarreratxo bat dauka. Hor, piezak ustez agertu ziren tokiak kokatu ditu egileak. «Ondorioa da», dio, «gauza gehien agertzen den sailean ez dagoela pieza askorik euskaraz. Batez ere, latinezko idazkunak marraztuta dauzkaten ostrakak, eta kristautasunarekin lotutakoak ageri dira hor». Horrek esan nahiko luke, Elexpururentzat, «kristautasunarekin lotutako zerbait» egon zitekeela Iruña-Veleian. «Ikasteko tokiren bat, edo kristau fedea zabaltzeko zerbait».

Segidan, Joseba Lakarraren eta Joakin Gorrotxategiren txostenen erantzuna idatzi du. Ostraketan zizelkatutako testu eta hitzetan agertzen den artikuluaz jardun du, eta fonetikaz eta grafiaz, lexikoaz, aditzez, ergatiboaz eta arkaismoez. Baina, batez ere, artikuluaz. «Haiek esan zuten garai hartan artikulurik ez zegoela, eta guk adibide asko atera ditugu garai hartako toponimian».

Liburuan Koenraad Van Den Driessche geologoaren ikuspuntua eta Lurmen enpresako langileei egindako «kalte humanoa» ere agertu du egileak. Dibulgazio lana da.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia