Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 18 - 11:44

KULTURA;2009-12-04;DURANGOKO 44. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA. Ahotsa, hatsa eta taupadak. Euskal preso, iheslari eta deportatuek eginiko literatur lanak bildu dituzte 'Ataramiņe09' liburuxkan

Ahotsa, hatsa eta taupadak

Euskal preso, iheslari eta deportatuek eginiko literatur lanak bildu dituzte 'Ataramiñe09' liburuxkan

Irune Berro.

Bilbo

Espainiaren eta Frantziaren luze-zabalean sakabanaturiko euskal preso eta iheslariak hezur-haragizkoak direla ez ezik bizirik ere badaudela erakusten du Ataramiñek argitara eman duen literatur lanen bilduma berriak, Mitxel Sarasketak adierazi duenez. «Bizirik daude, eta aurrera egiten dute beren bizitza pertsonalean, baita prozesu politikoan ere», nabarmendu du Ataramiñe kultur elkarteko kideak. «Arima bakoak balira bezala aurkezten dituzte, eta hemendik estereotipo maltzurrak baztertzera eta beren literatur lanak irakurtzera animatu nahi dugu jendea», adierazi du Sarasketak. Ataramiñe09 liburuxkan bilduriko narrazio, ipuin, poema eta bestelakoak euskal preso, iheslari eta deportatuen ahotsak baitira, bizi hatsa eta taupadak.

Espetxean igaro dituen bost urteetan, «barne mundua askatzeko bidea» izan da Ataramiñen idaztea Amaia Urizar bilbotarrarentzat; «presio eta tentsioei gaina hartzeko lagungarria». Haren lan ugari daude jasota Ataramiñeren azken zenbakietan. Joan den urriaren 27az geroztik, ordea, kalean da Urizar, eta Naiara Mallabia preso bilbotarrak, Urizarren kide eta lagunak, idatziriko poemetako bat errezitatu zuen atzo Ataramiñeren aurkezpenean: «Honelako leku batean bizirik dagoena / bizirik mantentzen dugulako da. / Bestela, leku honetan / dena akabatzeko egina dagoen leku honetan / hiltzen da dena».

Borxa Urberuaga gernikarraren komiki bat ere badakar aurten Ataramiñek. Urriaz geroztik, nolanahi ere, kalean da Urberuaga, eta kartzelan izkiriaturiko testutxo bat leitu zuen atzo, Ataramiñeko kideek liburua atera dadin egiten duten lan eskerga eskertuz eta presoentzat idaztea zer den azalduz. «[...] Nire emozioek gain egiten dute, barruan gorderikoa atera behar dut, azaleratu, kanpoan jakin dezaten barruan zertan garen, ilusioa mantendu behar baitugu eta kanpoan nor izaten jarraitu era berean [...] ».

Iurgi Garitagoitia bilbotarrak, halaber, bihotza estutzeko moduko poemak idatzi ditu. Halakoxeak dira, orobat, iheslari batek igorritakoak. «[...] Oroituen itsasontzian bat gehiago naiz / itzultzea nahi duten hura naiz / naizenari leial».

Bestelako aldartez ondurikoak ere badira. Aitzol Iriondo lasartearrak Kartzelako xelebrekerik izenburuko bertso sorta bidali du Frantziako Bois d'Arcyko presondegitik. Alberto Saavedra basauriarrari gertaturiko pasadizoa kontatu du, umorez eta graziaz.

Orotara, 22 preso, iheslari eta deportaturen lanak bildu dituzte. Horretarako, oztopo andanari egin behar izan diote aurre, Zaloa Basabe Ataramiñeko kideak esan duenez. «Denen artean josiriko elkartasun sareak egin du posible».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia