Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:06

TARTEA;2009-12-02;ZIBERGELA. Pasahitz indartsuak asmatu. Internet eta oro har ordenagailu erabiltzaileek, pasahitz asko ezarri eta gogoratu behar dituzte, eta zaila bada ere, oreka bilatu behar da pribatutasuna eta segurtasuna zaintzeko eta pasahitz horiek guztiak ahalik eta errazena gogoratzeko.

Internet eta oro har ordenagailu erabiltzaileek, pasahitz asko ezarri eta gogoratu behar dituzte, eta zaila bada ere, oreka bilatu behar da pribatutasuna eta segurtasuna zaintzeko eta pasahitz horiek guztiak ahalik eta errazena gogoratzeko.

Pasahitz indartsuak asmatu

Jabi Asurmendi Sainz. - Bitarlan Informatika Zerbitzuak

Norberaren bizitza birtualean, gero eta pasahitz gehiago erabili behar dira. Sare sozialak, argazkiak eta bideoak partekatzeko lekuak, blogak, foroak, webgune pribatuak... hainbat webgunetan izena eman behar dute Internet erabiltzaileek. Ez hori bakarrik, posta elektroniko kontuetarako ere beharrezkoak izaten dira pasahitzak, kudeaketa aplikazioetarako eta ordenagailura sartzeko. Dena dela, estatistiken arabera, pasahitz erabilienak 1234 eta 123456 izaten dira, qwerty (teklatuen lehenengo sei letrak ezkerretik eta goitik hasita) eta password ere (pasahitza ingelesez) asko erabiltzen dira. Halaber, erabiltzailearen izena bera pasahitz gisa erabiltzen da kasu askotan.

Zaila bada ere, gomendagarria da pasahitz ezberdinak erabiltzea; edo, bestela, bai behintzat norberak bere kritikotasun edo pribatutasun bizpahiru maila zehaztu, eta maila bakoitzeko pasahitz bat erabiltzea. Alegia, ez da gauza bera foro batean edukitzea pasahitza edo kudeaketarako estranet batean, non fakturak, kontabilitate eta bezeroen datuak dauden. Foro guztietan pasahitz bera izan ahal da, eta kudeaketa aplikazioetan edo garrantzitsuak diren webguneetan, konplexuagoa den beste pasahitz bat.

Pasahitzak asmatzeko erak

Pasahitz sendoa ezartzeko, hiztegietan ez dauden hitzak erabiltzea gomendatzen da; euskara hiztun gutxiko hizkuntza izan arren ere, arriskua dauka, eta pasahitz bilatzaile batzuek ere euskara hiztegietan begiratu ahal dute. Bestetik, letra larriak eta xeheak, zenbakiak eta ikur bereziak nahasten dituena eta zortzi karaktere baino gehiago edukitzea gomendatzen da; zenbat eta karaktere gehiago, orduan eta ziurrago. Pasahitz horiek gogoratzeko, trukuak erabili ahal dira. Esaterako, Ibjzeedei-1963, horrelako pasahitza berez gogoratzea zaila izango litzateke, baina ez erabiltzaileak gustuko duen bertso edo abesti baten letraren zati baten lehenengo hizkiak badira, eta gero erantsita jaiotze urtea gidoi batekin banatuta. «Itsasoaz bestaldera joan ziren eta ez dira egundo itzuliko» bertsoaren hitz bakoitzaren lehenengo letra hartu eta Ibjzeedei hitz ulertezina ateratzen da; hor, lehenengo letra edo lehenengoa eta azkena letra larriz jar daiteke, gidoia gehitzen da, eta erabiltzailearen jaiotze urtea.

Pasahitzaren luzera handitzeko trukuak ere badaude; esaterako, azken letra errepika daiteke; Berria izenarekin, berriaaaaaaa sortu ahal da, sei aldiz a letra errepikatuta; kasu honetan kontuz zenbatu behar da, gero! Bi irtenbide horiek nahastuta, pasahitz konplexuak eta luzeak sortu ahal dira, Ibjzeedei-1963333333.

Beste era bat izan daiteke ondo gogoratuko den hitz bat asmatu eta letra batzuk zenbakiekin ordezkatzea; esaterako, a letra lau zenbakiarekin, e hiru zenbakiarekin, i bat zenbakiarekin eta o' zero zenbakiarekin. Horrela gustuko leku bat pentsatuta, Zuraide izenarekin adibidez, Zur41d3 sor daiteke, edo Arakaldo izenarekin Ar4k4ld0. Bide batez, ikurren bat gehitu ahal bada, primeran, esaterako (Zur41d3) edo Ar4k4ld0=. Horrela, nahiko pasahitz seguruak sortu ahal dira, baina ez aurrekoak bezain zailak teklatuarekin idazteko.

Ausazko pasahitz sortzaile automatikoak

Irudimena izan ezean, baina oroimena sobran, edo oso pasahitz sendo bat behar izanez gero, ausazko pasahitz sortzaile automatiko bat ere erabil daiteke; hona hemen bi adibide hori egiteko: http://www.goodpassword.com eta http://www.pctools.com/guides/password. Bietan posible da karaktere kopurua zehaztea, bai eta ikurrekin, zenbakiekin eta hizkiekin edo soilik hizkiekin sortuko den ere. Halaber, letra larriak eta xeheak ere nahastuta agertu behar diren aukera daiteke.

Pasahitza berreskuratzeko galdera

Webgune baten pasahitza ahaztu denean, hainbat eratan berreskura daiteke pasahitz hori, edo automatikoki berrezartzen den beste bat. Normalean, erabiltzaileak izena ematean zehaztu duen posta elektronikoan jasoko du berrezarritako pasahitz berria. Baina beste kasuetan, izena ematen denean, segurtasun galdera eta horren erantzuna eskatzen zaie erabiltzaileei. Galdera hori pasahitza ahaztu denean beste bat ezartzeko eta emateko erabiltzen da. Hori, batez ere, posta elektroniko kontuak eskaintzen dituzten webgune batzuetan gertatzen da. Kontuz aukeratu behar dira galdera eta erantzuna. Izan ere, erabiltzailearen bizitzaren oso datu ezagunak izan daitezke, txakur, katu, sendi edo lagunen izenak; beraz, datu hori ezagutzen duen edonor erabiltzailearen pasahitza berreskuratzeko gai izango litzateke.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia