Berria.info

Ostirala, 2010ko martxoak 19 -

2009-11-27

Naturaltasuna bilatu du Audiencek

'A Shake in Calm Water' diskoa argitaratu du boskoteak, orain arte egindako ibilbidean aldaketa batzuk sartuta

G. G.

Bilbo

Goxo eta natural egin dute laugarren lana Audience taldeko kideek. Dagoeneko badira hamar urte boskotea elkartu zela, baina etengabeko berrikuntzan murgilduta dago. Diskoa egiteko «nortasun erabakiak» hartu behar izan dituzte. Nabari du eragina A Shake in Calm Water lanak (Bidehuts).

Naturaltasuna du ardatz diskoak, eta hori bera bilatu zuten hasieran. Aurreko diskoaren bira amaitu ondoren hasi ziren disko berria sortzeko lanean, eta mugak ezarri zituzten: «Grabazio analogikoa izatea eta zuzeneko sesioetan oinarritua izatea, horrek diskoari taldearen zuzeneko soinuaren antzekotasuna ematen diolako», azaldu du taldeko kantari Gaizka Insunzak.

Muga horiek zehaztuta, bestelako erabakiak hartu behar izan zituzten diskoa osatzeko. «Behin eta berriro pentsatu dugu zein kontzeptu izango zuen diskoak, nola grabatu... Erabaki horiekin nortasun erabakiak hartu ditugu», adierazi du Ager Insunza biolin jotzaileak. Erabaki horien artean egon da Bidehutsen zigilupean ateratzea diskoa. Diskoetxe independentea da. Harremana ere natural egin dute. «Guk sinesten dugu haien nortasunean, eta eurek ere bai gurean. Luzerako harremana bilatzen aritu gara».

Aurreko diskoetan bezala, gitarrak dira Audienceren musikaren oinarri. «Betiko elementuak daude diskoan, baita astindu berezi bat ere: perkusioa inoiz baino gehiago erabili dugu, instrumentazio desberdinak, inoiz erabili ez genituen erritmoak...». Taldeko kideak ez ezik, kolaboratzaileak ere izan dituzte lagun.

Ohi bezala, kantu gehienetako hitzak ingelesez dira, baina euskarazko bat ere sartu dute. Hurrengo diskoetan euskarazko abesti gehiago sartzekotan dira gernikarrak. «Bide bat zabaldu dugu».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia