Arabako Foru Aldundiak txosten grafologikoak agindu ditu Veleiako ustezko faltsutzea argitzeko. Adituek diote idazkunek antz handia dutela Gilen taldekoek komun batean egindako grafitoekin.
Orain, grafologoen ordua
Alberto Barandiaran.
Arkeologoen, hizkuntzalarien, egiptologoen, epigrafisten eta kimikarien ondoren, orain grafopsikologoak iritsi dira Veleiara. Iruña-Okako aztarnategia kudeatzen zuen Lurmen enpresaren aurka jarritako kereilaren barruan, Arabako Foru Aldundiak bi txosten grafologiko eskatu ditu, nagusiki zeramikazko pusketan agertutako idazkunak eta Veleiarako propio egindako komun kolektibo batean idatzitako esaldiak eta marrazkiak esku berak eginak diren argitzeko. Laster, hirugarrena izango du esku artean. Azken honek euskarazko idazkunen grafologia aztertuko du.
Aldundiaren bi txostenen ondorioak ez datoz guztiz bat. Marrazkiak aztertu dituen txostengileak frogatutzat eman du komun kolektiboan agertzen diren irudi batzuen marrak idazkunetan agertutakoen ia berdinak direla. Eta esku bakar batek eginak direla. Eliseo Gilek onartu du, auzitegian, berak marraztu zituela komuneko irudiak. Komun hori 2004an hasi ziren erabiltzen, Ludis Veleiensis izeneko dibulgaziozko jardunaldietan. Idazkunak aztarnategian agertzen hasi baino urtebete lehenago, alegia.
Bigarren txosten hori Eliseo Gilen azalpenak entzun eta gero eskatu zuen Aldundiak, eta maiatzean egindako beste txosten baten segida da. Honakoan, idazkunetan eta zurezko komunaren azalean zizelkatutako hizkiak aztertu zituzten. Txostengileak onartu zuen ez zegoela ondorioztatzerik indusketetako grafitoen egilea eta komunetako idazkunena bera zenik, baina kointzidentziak «oso nabarmenak» zirela, eta bi grafien marren arteko paralelismoa «esanguratsua eta harrigarria» zela. «Nire ustez, gehiegizkoa zori hutsezkoa izateko».
Faltsutzailea helburu
Grafologia azterketak Veleiako prozesuaren azken urratsa izan da, baina ez da, ez horregatik, garrantzi gutxikoena. Arabako Foru Aldundiak Lurmen enpresaren aurka auzitara jo zuenean, bazekien auziarentzako ezinbestekoa zela faltsutzailea topatzea, bestela ez dagoelako errudunik. Eta Iruña-Okako indusketa itxi eta han zegoena ikuskatzera joan zirenean, Kultura Saileko teknikariek materialaren artean zetzan zurezko komun kolektibo bati erreparatu zioten. Batez ere, idatzita zeuzkan idazkun eta marrazkiei, bertan erabilitako grafiak eta ikonografiak antz handia omen zutelako hainbat ostrakatan agertutakoekin.
Eliseo Gili galdetu ziotenean, honek onartu zuen berak egindako marrazkiak zirela horiek, baina esaldiak taldeko «hainbat kideren artean» egin zituztela. Aldundiak, orduan, txosten bat agindu zion Alicia Martinez Carrasco adituari, hitzen marrak eta ezaugarriak alderatzeko. Grafopsikologo hori Euskadiko Elkarte Grafologikoaren sortzaile eta lehendakaria izan zen 1987tik 2000ra eta 2004tik 2007ra, eta Grafopsikologoen eta Txostengile Kaligrafoen Elkargo Profesionalaren bazkide sortzailea da. Halaber, 80ko eta 90eko hamarkadetan, Ertzaintzaren Grafistika eta Dokumentoskopia arduraduna izan zen.
Lehen txostena egiteko, komun publikoari egindako sei argazki, eta indusketetako 640 argazki baliatu zituen adituak. Txostenaren ohar batean idatzi zuenez, argazkien kalitatea «nahikoa» izan zen bere lana normal egiteko. Hogei orriko txostena sinatu zuen martxoaren 11n adituak, eta, kasua daraman epaileak frogatzat hartu zuenez, udaberritik Aldundiaren eta Eliseo Gilen defentsaren esku dago.
Latinezko grafian ez
Ondorioetan, Alicia Martinezek nabarmendu du bi euskarrietako hitzen tipografian «kointzidentzia esanguratsuak» daudela, kalitatez zein kantitatez, eta «oso nabarmen eta adierazgarriak» direla, «besteak beste, dauden antzekotasun ugari ez datozelako bat latinezko antzinako idazkien testuetako grafiarekin, indusketetakoak izanik horrela beharko bazuen ere».
Grafologoak baina bat jartzen dio txostenaren balioari, hala ere. «Indusketetako grafitoak euskarri gogorretan egin direnez -hezurra, zeramika...-, egiturazko marrek ez dute ematen datu garrantzitsu zenbait; esaterako, motrizitate finari dagozkionak. Paperean idaztean, presioa eta keinu delikatuenak garbi antzeman daitezke». Txostengileak onartu du kasuistika ez dela handia; alegia ez dela antzeko kasuei buruz nahikoa ikertu, eta, beraz, ezin direla ondorioak beste ikerketekin parekatu.
Eliseo Gilek, nolanahi ere, txostenen baliagarritasuna zalantzan jarri du, berak eztabaidatutako grafito «bakar bat ere» ez duela egin berretsi ondoren. Zuzendari ohiak azaldu du komun publikoaren erreplika «talde lana» izan zela, eta beti egon zela bisitari guztien esku. Are gehiago, bertan idatzitako testuak Veleiako liburutegian zegoen liburu batetik hartuak daudela. «Liburuan, hainbat autore klasikoren testuak ageri dira: Ovidio, Martzial, Juvenal, Katulo eta Plautorenak», azaldu du.
Halaber, komun publikoan dauden irudiak Veleiako ostraketan ez direla errepikatu nabarmendu du zuzendari ohiak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
