Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:05

KULTURA;2009-11-26;Alberdaniak liburu elektronikoen aldeko apustua egitea erabaki du. Abenduaren 4tik aurrera 35 liburu merkaturatuko ditu, bai aurtengoak, baita bere funtsekoak ere

Alberdaniak liburu elektronikoen aldeko apustua egitea erabaki du

Abenduaren 4tik aurrera 35 liburu merkaturatuko ditu, bai aurtengoak, baita bere funtsekoak ere

Gorka Erostarbe.

Donostia

Duela urte batzuk «bisitan soilik» etorri zen, baina orain, liburu elektronikoa «geratzeko» iritsi da, izan ere, 35 liburu digitalizatuta eskaintzeko erabakia hartu du Alberdania argitaletxeak. Abenduaren 4tik aurrera, hots, Durangoko Azokaren lehen egunetik aurrera, liburu horiek salgai izango dira www.alberdania.net webgunean eta argitaletxearen banatzaile elektronikoa den Leer-e Iruñeko enpresaren denda birtualetan.

Liburu horietako 22 Alberdaniaren funtsekoak izango dira; 11 euskaraz eta 11 gaztelaniaz. Beste 13ak aurten argitaratu direnak edo argitaratzear direnak izango dira -Pello Zabalaren Mendiko behatokia eta Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak saiakerak, esaterako-. Aurten liburu gehiago ere argitaratu ditu Alberdaniak, horietako zenbait erderatatik euskaraturikoak, baina denak ezin izan dituzte digitalizatu, nazioarteko merkatu digitala oraindik ere finkatzen ari delako, hain zuzen ere: «Kanpoko editore eta agente gehienek oraindik ez dizkigute saltzen eskubide digitalak. Oraindik ez dakigu kontsumoa zenbatekoa izango den, eta hor dago oraingoz arazoa», zehaztu du Jorge Gimenez Bech Alberdania argitaletxeko editoreak.

Euskaraz irakurri ahal izango dira Karlos Linazasororen Etxe hutsean poema liburua, Aritz Gorrotxategiren Axola ez duenean eleberria eta Hedoi Etxartek eta Alain M. Urrutiak elkarlanean egindako Ihes ederra eleberri grafikoa, besteak beste. Horiek aurtengo aleak dira, eta funtsetik ateratakoen artean daude, aldiz, Iban Zalduaren Etorkizuna, Harkaitz Canoren Belarraren ahoa, eta Jokin Muñozen Antzararen bidea. Gaztelaniazko liburuen funtsetik ateratakoak izango dira, besteak beste, Miguel Sanchez Ostizen Derrotero de Pío Baroja, William Douglassen Muerte en Murélaga eta Mikel Aizpururen El informe Brusiloff.

Egun, liburu elektronikoak hiru formatu nagusitan merkaturatzen dira, ePub, Mobipocket eta pdf izenekoetan: «Irakurgailuak ez daude erabat homologaturik, irakurgailu denek ez dituzte formatu guztiak irakurtzen. Joera nagusia ePub eta Mobipocket formatuak jasotzea da. Gure irakurleek zein tresna erosi behar duten ez baldintzatzeko, erabaki duguna da gure liburu elektroniko guztiak bi formatutan eskaintzea», azaldu du Gimenez Bechek. Kasu batzuetan pdf formatuan eskainiko dituzte liburuak, batez ere irudi eta ilustrazio aldetik ikusgarritasuna bultzatze aldera. Esaterako, Ihes ederra eleberri grafikoa formatu horretan jarriko dute salgai: «Beste formatuetan eskaintzeko gehiegi txikitu beharko genituzke irudiak. Halakoak ordenagailuko pantailan irakurtzeko gomendioa egiten dugu gainera».

Liburu elektronikoaren salneurrien inguruan era guztietako iritziak barreiatzen ari dira munduan, Gimenez Bechen hitzetan, baina joera nagusia paperezko liburuena baino merkeagoa izatea omen da: «Horregatik erabaki dugu guk liburu elektronikoak paperekoen %70ean jartzea salgai, BEZa barne delarik». Hau da, betiko liburuak baino %30 merkeago jarriko dituzte salgai. Adibide baterako, Juanjo Olasagarreren Tragediaren poza liburuaren paperezko alea 18 eurotan plazaratu zuten. Orain, edizio elektronikoa 12,6 eurotan jarriko dute eskuragarri.

Copyrightaren alde

Paperezko argitalpenetan copyright eskubideen aldeko jarrera irmoa izanik, zaila zen pentsatzea Alberdaniak bestelako jarrerarik hartuko zuela liburu elektronikoetan. Gimenez Bechek argi utzi nahi izan du puntu hori: «Gure liburu guztiak DRM sistemaz babestuta izango dira. Horrek esan nahi du bere segurtasun protokoloak beteko dituztela liburuek, eta erosleak erositakoaz gozatzea izango du, baina zailtasunak izango ditu horretatik bestelako ustiaketak egiteko. Espero dezagun musikak erakutsi digun bide makur horretatik ez abiatzea liburuak ere».

Liburu elektronikoen munduan barneratzeko, Adimedia enpresaren laguntza izan du Alberdaniak. Ondo bidean, datorren urtean beste 60 bat ale digitalizatzeko asmoa dute.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia