Lete: «Elkartzeko behar du bizitzak, ez aurka egiteko»
Euskadi Literatura saria jaso du idazleak, Elena Odriozola, Antton Olano, Ruben Ruiz eta Luisa Etxenikerekin batera, Bilbon
«Aitaren etxea nola defendatu erakutsi diguzue», esan du Lopez lehendakariak
Garikoitz Goikoetxea.
BilboFalta direnak oroituz jaso du Xabier Letek Euskadi Literatura saria. «Ni bizi naiz fisikoki, baina sari hau Lourdesentzat ere bada». Lourdes Iriondo emaztea hil ondorenetik hasi baitzen Lete saria eman dion Egunsentiaren esku izoztuak (Pamiela) liburuaren argia ikusten. Nondik bideratu asmatzen. «Erreferente erabat nagusia du liburuak, Lourdes. Hori gabe ez zitekeen. Haren amaierarekin batera ikusi nion liburuari ardatz nagusia». Leterena izan zen sari-hartzerik hunkigarriena Euskadi Literatura sarien banatze ekitaldian, atzo, Bilbon. Gaixoaldiak jota denbora luzean egon da Lete, eta jendaurrean hitz egiten ez zuela bazen denbora. Ordea, hizketarako dotorezia ez dio herdoildu jendaurrean aspaldi aritu ez izanak. Eta hark jaso zituen sari emate ekitaldira bildutakoen txalorik handienak. Esker onez jaso zuen saria, bultzada direlakoan baitago. «Sariak ez dira beharrezko, baina neurri batean bihotz bakartiak garenez gutxiago edo gehiago, ongi etortzen zaigu albokoengandik errekonozimendua eta alaitasuna».
Iriondo soilik ez zen falta izan sari ematean. Letek gogoan izan zituen idazten hasi zenean lagun izandako Bitoriano Gandiaga eta Juan Mari Lekuona. Hilak dira biak. «Ni ez nintzateke naizena aurretik beste batzuk izan ez balira bidea hasi zutenak eta haiengandik jaso ez bagenu». Joanak ez baitira soilik joan Leterentzat: «Joan zirenak ere hor daude».
Euskaraz eta gaztelaniaz egin zuen hitzaldia Letek, eta batean eta bestean gai diferenteei buruz aritu zen. Sariari egindako erreferentzia zuzena errepikatu zuen bietan, baina, gainerakoan desberdin aritu zen hizkuntza batean eta bestean. Izandako literatur eraginei buruz aritu zen euskaraz; gaztelaniaz, berriz, euskararen eta gaztelaniaren arteko harremanaz, idazleen eginkizunaz eta erakundeen betebeharrez jardun zuen. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria zuen atzean Xabier Letek.
Gaztelaniak eta euskarak elkarbizi behar dutela aldarrikatu zuen Letek: «Bizitzak elkartzeko izan behar du, ez elkarri aurka egiteko. Ezin dugu egin gu eta zuek, euskara eta gaztelania». Euskal Herriaz ere gogoeta airean utzi zuen Letek: «Hartu duguna baino hobeto utzi behar dugu lurralde hau». Eta erronka, agintariei, proposamen gisa, Arestiren esana betetzera: «Nire aitaren etxea defendatuko dut».
Eskerrak, eta kezka
Saria jasotzen azkena izan zen Lete, eta haren aurretik beste lauk hartu zuten Euskadi Literatura saria. Elena Odriozola ilustratzailea izan zen lehenbizikoa. Lehenbizikoa oholtzara igotzen, eta lehenbizikoa ilustratzaileei emandako Euskadi saria jasotzen. Aurten sortutako saria baita. Aplastamiento de las gotas (Laberinto de las Artes) liburuan egindako ilustrazioengatik eman dio epaimahaiak saria. Urduri, oso urduri, igo zen saria hartzera Odriozola. Nabari zuen urduritasuna, eta aitortu ere egin zuen. Aitari eskaini zion saria: «Eskerrak emateko inoiz ez da berandu».
Patxadatsuago hartu zuen garaikurra Antton Olanok, Wilkie Collinsen Ilargi-harria (Elkar-Alberdania) liburuaren itzulpenagatik. Itzulpengintzan nondik nora hasi zen azaldu zuen saria hartzerakoan. Gaztelaniaz hasi zen idazten umetan, eskolan; gero «deskubritu» zuen euskaraz idazten zutela. Baina ezintasuna zuen, gaztelaniaz adierazitakoa euskaraz emateko. «Esan nahi, eta ezin esatearen tragedia» ezagutu zuen. Hala, euskarazko liburuak irakurtzen hasi zen, eta itzulpenak ondoren. Eta jasandakoa beste edonori ez pasatzea du helburu. «Euskara nonahiko eta noranahiko nahi dugu».
Hizkuntzen egoeragatiko kezkaz ez, haur literaturarenganakoaz hartu zuen saria Ruben Ruizek. Nork bere bizkarrari begiratzeko eguna baitzen atzokoa. Haur eta gazte literaturako saria jaso du Ruizek, Anekdotak (Pamiela) lanagatik. Eta sariaren berri jaso zuenez geroztik izandako anekdota kontatu zuen, kezka adierazteko. Lagunek eta, eleberria noiz idatzi behar duten galdetu diote, saria jaso ondotik. «Ez dakit hitz horien artean ez ote den haur literatura gutxiesten». Kezka hori, gorabehera eskerrak emateko zen eta Jon Suarez «maisua» izan zuen gogoan.
Eguneroko bizitzako anekdotak ditu ardatz Ruizen liburuak. Baita Luisa Etxenikerenak ere, baina beste zentzu batean. ETAren atentatu batean hildako bizkartzain baten semearen istorioa du ardatz El ángulo ciego liburuak (Bruguera). Gaztelaniazko Euskadi saria jaso du. «Terrorismoak galarazten digu libre izatea», adierazi zuen saria hartzerakoan. Eta horren aurka egiteko, kulturaren garrantzia nabarmendu zuen «Kultura da askatasuna lortzeko giltza, irakurtzea, batez ere».
Euskadi sariak banatzeko ekitaldian izan ziren Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopez eta Kultura sailburu Blanca Urgell. Saria jasotako idazleek besteen lekuan jartzeko izandako gaitasuna goraipatu zuen Kultura sailburuak, eta sarien zergatia azaldu: «Aitortza da, ez lehia hutsa». Bide beretik, Lopezek ere irakurleak «irekitzeko» literaturak duen balioa nabarmendu zuen. Askea baldin bada, betiere. «Askatasuna ezinbesteko baldintza duzue». Eta Xabier Leteren erronkari erantzun zion Lopezek, eskerrak emanez: «Erakutsi diguzue aitaren etxea defendatzen, eta halaxe egingo dugu».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
