2009-11-22
'Stock 13'
Esfinterrak jende aurrean askatasun bezainbesteko pozez askatzerik ez badago, ez ei dago iraultzarik. Esfinterrek gu menderatu ala guk geuk esfinterrak menderatu, horra Sweet Movie filmean planteatzen diren kosketako bat. Ba kakarekin James Joycek ere bere fantasiak izan zituen. Ez filmaren ildokoak hain zuzen. Idazlearen kakarekiko fantasia nagusia-edo izan zena Maddoxek kontatzen du.
Joycek 1909an Triesten eman zuen tarte laburrean hark eta Norak euren arteko sexu-jardunari berrekiten zioten eta, gizonak biak elkarrengandik aldendurik izan ziren denboran izan zituen ametsak bete gura izan zituen. Norari keinu zikinak eta puta-jarrerak erakutsi zizkion, berotze aldera erakutsi ere. Areago, gizonak bere aurrean kaka egin zezan eskatu zion. Baita ere egin emazteak, gizona, haren azpian-edo etzunda zelan egiten zuen begira zuelarik. Haren ostean Nora ez ei zen gizonari aurpegira begiratzen ausartzen, eta lotsaizun horrekin ere gozatu besteak.
Ez naiz esfinterren kontrol horretaraino iritsi. Gernua, eta kito. Bestearen fantasia ez da nirea. Agian txikitan eragotzi zidatelako. Pasadizoa nahiko argi daukat gogoan.
Hiru mutiltxo gara, bost-sei urte artean guztiok, eta neskatxo bat, beti gurekin ibiltzen zena. Behin, mojen ikastetxeko hormara igo, beste aldera jauzi egin eta, hantxe!, bide erdian egin behar dugula, eta elkarri begira mokordoa zelan datorren behera. Eta behingoan leku haren sakrotasunaz oharturik bat-batean, han goaz hanka arrapaladan, testigu mokordoak han utzita.
Harrapatu gintuzten eta mojek kolegioko nesken ikasgelara eroan gintuzten, eta han guztien aurrean lotsarazi. Harrezkero zein gaitz egin zitzaidan esfinterren kontrola berreskuratzea, alegia, nongura eta edonoren gertuan egiteko gaitasuna. Gernuarenera iritsia naizena kontatu berri nago. Bestearenak jada ez nau kezkatzen. Nolanahi ere esfinterren kontrola ikasgai soziala delakoan nago.
Gure umetako kaka egiteko erraztasun hartaz gogoratzeak Passolini dakarkit gogora. Passoliniren ipuinak izeneko filma horrelaxe hasten da. Gizonezko gazte bi elkarren alboan euren barruak libratzearena apatx jarrita egiten, eta barrez errementatzen aldi berean, elkarri ipuin xelebreak kontatzen dizkioten bitartean. Azkenean biak akabatzen dituzte, urkaturik akabatu ere, baina eurek barre artean egiten diote aurre Herioari. Sokak eteten dien azkena ez da arnasa, barrea baino. Bestela Passoliniren beste hiru filmak eta laugarren bat ere salbatzen ditut: Il Decamerone, I raconti de Canterbury eta Il fiore delle Mille e una notte, hots, Trilogia della vita delakoa osatzen dutenak. Sexuaren lainotasuna edo erruduntasunik eza aldarrikatzen duten filmok, hedabideek eta beste botere-mekanismo batzuek, pornografikotzat jo zituzten, eta halaxe Apartheidera zokoratu. Gure kulturaren iturri nagusietako hiru, maisutasunez filmatuak Apartheid sistema hark ziegetara baztertuak. Ulergarria, boterearen mekanika gutxik ezagutu eta azaldu baitute Pier Paolok bezain trebe, argi, antzetsu. Salbatu dudan haren laugarren filmean utzi zuen hori guztia agerian maisuak. Handik gutxira heriotza eman zioten. Norbaitek agindua. Hari heriotza bere eskuaz eman ziolakoan Justiziak kartzelara kondenatu zuten txorimaloak berriki aitortu duenez, bera ez zen beste norbaitek akabatu zuen Pier Paolo. Ez zioten azken filma barkatu: Salò o le centoventi giornate di Sodoma, Salò edo Sodomako ehun eta hogei egunak. Filmaren zabaltzeak Italiako orduko gizartea hankaz gora jarri zuen.
Ahaztu Sadeko Markesaren Salò edo Sodomako ehun eta hogei egunak, ez baita Passolinirenari itzal egitera iristen. Passoliniren Salò berriro ikustean boterearen mekanismoez egiten dut gogoeta. Botere orok nahi du gure esfinterren nolabaiteko jabetza. Faxismoak, berriz, erabateko jabetza nahi du, domeinu absolutua. Eta uler bedi esfinterrak aipatzean gorputz osoaren jabetza azken-azken zirrikituraino iritsi nahia ari naizela aipatzen.
Filmean Salò errepublika faxistaren azken egunak kontatzen dira. Beraz, Bigarren Mundu Gerran gagoz, haren azken momentuetan hain zuzen, Italiako Salò inguruan. Errepublikako zenbait goi-agintari, Presidentea bera tartean, beren bizitzako azken egunei aurre egitekotan dira. Jakin badakite Errepublikak etorkizunik ez duena, eta gerrako heriotza emango diotena. Hala eta ere azken egunok euren irudimenaren errotari antepara zabalduz eta euren botere goseari buruzko eragozpen oro ukatuz ematen dituzte. Horrela, inguruko hainbat neska-mutil bahitu dituzte, eta Jauregian eurekin, guardiekin eta goi mailakoentzako prostituta birekin sartu dira azken egunak bizitzera. Il Decamerone hartan legez, ipuinak kontatuz eta esklabo hartu dituztenen esfinterren erabateko jabe bihurturik akaberara iritsi arte.
Errelato honi Salò filmeko gernuaren eszenak alderatu ahal zaizkio, nahi izanez gero. Baita James Joyceren bizitzako pasarte hemen azalduei ere. Gernua maitasunez eman ala esklabo harturik ematera behartu, horra aldea. Lehena iraultzailea da, bigarrena faxismoaren funtsa. Passoliniren argitasuna zorrotza da horretan. Hari heriotza eman zioten egunaren bezperan, 1975eko azaroaren 1ean hain zuzen, L'Unità egunkari komunista ofizialari hitz profetikoak esan zizkion.
«E voi siete, con la scuola, la televisione, la pacatezza dei vostri giornali, voi siete i grandi conservatori di questo ordine orrendo basato sull'idea di possedere e sull'idea di distruggere. Beati voi che siete tutti contenti quando potete mettere su un delitto la sua bella etichetta. A me questa sembra un'altra, delle tante operazioni della cultura di massa. Non potendo impedire che accadano certe cose, si trova pace fabbricando scaffali».
Egungo gure egoera, hortxe. Azken baten elkarrizketa berean adierazi bezala, «Il potere è un sistema di educazione che ci divide in soggiogati e soggiogatori». Edo lehenago berak esana: ««Norberaren gorputza dugu botereak oraindik kolonizatu ez duen azkena».
Buruz dihardut eta, azken horren antzeko zerbait idatzi edo esan zuen jendaurrean Pier Paolo Passolinik. Bat egiten dut. Sex-fiction atalaren azpiatala bihur daitekeen Pornotekan zer gorde behar dudan oraindino lar argi ez badut ere, italiarraren filmak neu hil arte behintzat hor egotea da dudan itxaropena. Belle de Jour ere hortxe atxiki behar dut. Burufikzio honetan barrena aipatu izan diren besteekin batera.
Eta pornografia deritzoten sex-fiction eremu zabalekoez gogoetan segitzen dut. Boterearen gaitasun kolonizatzailearen azken muturra ez ote den.
Edorta Jimenez
ek (1953, Mundaka) erotismoaren historia, literaturarena, pornografiarena, musikarena, eta berea ere bai, idatzi du luma ero eta beroz. Idazleak autofikzioa erabili du bere bizitzaren pasarterik intimoak kontatzeko eta sexuari buruz aritzeko Literotura saileko (Txalaparta) liburu berrian.Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
