Gorringo konpainiak 'Xabinaitor' estreinatuko du bihar Villabonan, Patxi Gallegoren komikietako superheroian oinarrituriko antzezlana. Umorea ardatz duen erritmo biziko istorio «poliziako-erotikoa» da.
Bazen gizon bat, zakilari itsatsia...
Imanol Magro.
VillabonaGurea antzokia ilunpetan dago; jantzigeletan entzuten zen zalaparta eta algarak isildu dira. Anjel Alkainek eskuetan zuen megafonoa itzali du, eta utzi dio adarra jotzeari. «Off-eko ahotsa bukatzen denean argia jarriko dugu!», oihukatu du Anartz Zuazua zuzendariak. «Orduan akuariokoa egingo dugu ezta?», galdetu du Ainere Tolosak, «bada, orduan itxoin momentu bat». Zuzendaria apur bat urduri dago, eta aitortu du biharko estreinaldian okerrago egongo dela, baina gustura dago emaitzarekin. «Lasaitasun apur bat hartzea baino ez zaigu falta, horrek eramango du obra txukunagoa izatera».
Hasi da entsegua, Anjel Alkain da Xabinaitor harrapatu nahi duen komisarioa, eta Kortajarena (Asier Sota) laguntzailearekin ageri da. Eszenak bizkor doaz, erritmo biziko obra da, eta pertsonaiak gora eta behar dabiltza etengabe. «Ez dago eszenaka banatuta, baina ordubetean 40 bat lirateke gutxi gorabehera», argitu du Zuazuak. Proposamen ausarta da, guztira zazpi aktore dira, eta askok hainbat rol jokatzen dituzte. Soinu efektuak 80tik gora dira, eta 8 x 4 metroko dekoratuak bi maila ditu oholtzaz gain. Komiki estetika da. «Zuzendu dudan muntatzerik handiena da, baina funtzionatzen du, eta pozik nago». Alkain da lehen eszenako ardatza, eta une batez kosta egin zaio barreari eustea. «Obra ezagutzen dut, pertsonaiak ere bai, eta barre egiten dut, beraz, ziur ikusleek ere barre egingo dutela». Zuzendariaren oharra da.
Bihar estreinatuko du Gorringo taldeak Xabinaitor antzezlana, Villabonan, eta Patxi Gallegok sorturiko izen bereko komiki heroian oinarrituta dago. Antzezleak natural mugitzen dira, eta eszenak ondo lotuta daude, soinu efekturen pare batek kale egin badute ere. «Azken egunak teknikariekin egoteko dira, eurak baitira lanera azkenak batzen direnak», dio Zuazuak. Hari solteak lotzeko antzokian giltzapetu dira azken asteetan, goiz eta arratsaldez entseguak eginez.
Bigarren eszenan agertzen da heroia: Mikel Pagadizabal. Karakterizazioa komikoa da. Poxpolin bat salbatu du, eta pololoen enkantuak liluratu du. Telebistan eskarmentua duen arren, Pagadizabalentzat lehen lana da antzerkian. «Lehen beldur pixka bat ematen zidan, baina polita da. Anartzek ondo zuzendu nau, eta asko lagundu nau. Okerrena da eszena batzuetan han gora igo behar naizela, eta erdi hipokondriakoa izan eta bertigoa dudanez, gaizki pasatu dut». Halere, agindu zuzenak ere jaso ditu. «Bizkorregi hitz egiten dut, eta mantsotu egin naute, denborak errespetatzeko. A! eta fokuen azpitik irtenez gero ilunpetan gelditzen naizela!», gehitu du umoreko. Zuzendariak puntua erantzun du. «Pagadik Medea tragedia antzezten ari dela pentsatzen du, eta horrek laguntzen dio». «Pagadik ondo egiten du Pagadirena, tipo xelebrea behar genuen, eta esperientzia falta horrek mesede egin dezake, freskotasuna gehitzen diolako», Anjel Alkainek itxi du eztabaida.
Alkain da proiektuko bultzatzaileetako bat. Xabinaitorren lehen komikia kaleratu zenean, Patxi Gallegori hots egin zion, egokitu zezaketen galdetzeko, eta hirugarren atala kaleratu duen arte -Durangoko Azokan- ez dute baimenik jaso. Egokitze lana Nagore Aranburuk egin du, eta Xabi Lizundiaga Xabinaitor izatera eraman duen prozesua azaltzen du obrak, eta komisarioak bera harrapatzeko egiten duen ahalegina. «Thriller-a da», dio Zuazuak, «historia poliziako-erotiko bat da, kritika sozial pixka batekin», gehitu du Alkainek. Xabinaitorren botereak, hegaz egiteaz gain, erekzio indartsuak dira, eta historia 80ko hamarkadan girotuta dago. Garai hartako musikari ere «omenaldi txikia» egiten dio antzezlanak.
Umorea berriz ere
Konpainiak arrakasta lortu zuen Kutxidazu bidea, Ixabel antzezlanarekin, eta berriz ere umorera jo du. «Nik jendeak barre egin dezan nahi dut, eta egingo duela uste dut», dio Alkainek, «umorearen aldekoa egin dugu, baina drama gidoi on bat jasoko bagenu egin genezakeen ere. Baina ez dut halakoetan pentsatzen, ez dut Gorringo etorkizuneko planteamendu batean ikusten, unean unekoa». Hautuak, baina, badu beste arrazoi bat. «Euskarazko kulturan umorea falta da; oso serioa da. Are okerrago: grisa da, kolorea falta zaio. Guk gure umore klasea egiten dugu. Nazkatuta nago Gipuzkoa, Bizkaia, Athletic, Reala... eta halakoekin. Beste batzuek egin ditzatela».
Bihar da estreinaldia, baina urtarrilaren erdi aldera arte ez dute lana berriz egingo, ETBko Urtezahar eguneko emanaldia prestatzen ari baitira Wazemank saioan. Krisiak ez du laguntzen, baina hainbat herritan ariko dira, Tolosan, Arrasaten, Bilbon... Alkainek herri txikietara ere iritsi nahiko luke. «Areto txikietara ere egokitu daitekeen lana da, askotan pena ematen dizu herri txikietara ez iristea, eta hori erronka bat da». Etenaldi luzea izango da, bi hilabete baitaramatzate entseatzen eta orain beste hainbeste egingo baitute geldirik. Zuazua ez du horrek arduratzen, beste aldagai batek baizik. «Estreinua oso garrantzitsua da: jendea gustura gelditzen bada, ez da hain txarra izango, eta aktoreak berriz ere itzultzeko gogoz egongo dira».
'Xabinaitor'
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
